Ahalgerik gabe

PrintFriendly and PDF
PBActualités2

« Bi buruzagi horiek erantzukizun handia dute. Bistan da, ez dira hobendun bakarrak, bainan diren tokian izanik, gauzak neke eta kostu handirik gabe bertze bide batetik joanaraz ahal litzazkete. »

Duela zonbait urte, 2011ko agorrilean, oraiko Frantziako  Lehendakaria, François Hollande, Xiberora jin zen Monzon pastoralaren ikustera.

Zerbait zen agerraldi hura Frantziako lehenburu izaiteko hauteskundeen aitzin hartan. Hain segur, bere hemengo adiskideek zerbait harrigarri eta lekuan lekukoa erakutsi nahi zioten. Folklorekeria, haatik, harentzat!

Alabainan, Hollandek zer ulertu zuen orduan? Nola aurkeztu zioten ikusgarri hori bere adiskideek? Zer sentimenturekin atera zen handik? Ez du iduri ulertu zuela zein ziren hemengo populuaren kezka bereziak, are gutiago zergatik Monzon Euskal Herrian eredu gizon izan zen politikari, olerkari eta idazle gisa. Adiskideek zer argibide eman zioten ere ez dakigu; funtsean, haiek ere horien guzien berri ba ote zakiten?

Emanaldi hartan haren aitzinean pasatu nintzelarik ene baitan egin nuen: « Nor daki? Hau president ateratzen bada, menturaz pastoral honek, zerbait gisaz, ondorio onik izanen du Euskal Herriarentzat ». Hollandek hauteskundeak irabazi zituen (harentzat bozkatu nuen nik ere, zer enuxenta!). Eta lau urte geroago, emaitzak hor ditugu: lurralde onarpenik ez Euskal Herriarentzat, euskararentzat diru laguntza eskasa, presoen sakabanaketak beti berdin segitzen, baita halaber Espaniarekin aspaldi izaiten den abertzaleen aurkako lankidetzak ere. Folklorekeria!

http://www.paysbasqueactualites.com/%C2%AB%C2%A0pastoral-kit%C2%A0%C2%BB

http://www.paysbasqueactualites.com/%C2%AB%C2%A0pastoral-kit%C2%A0%C2%BB

Uda Hontan, Pierra Lhande pastorala emana izan da. Lhande, beste gauza anitzen artean euskaltzale suharra izan zen. Euskaltzaindiaren sortzean ere parte hartu zuen. Nor ikusi dugu pastoralaren ikusleen artean? Gure apezpikua, Marc Aillet. Gainera pastoralaren eguneko meza berak erran du, ohidurari laidorik egin gabe, euskaraz. Bizkitartean, derragun garbiki, jende gutik baitakite, Euskal Herrira jinez geroztik, Marc Ailletek ez dio euskarari bere lekua emaiten, edo, hobeki erran, uzten ditu gauzak orain arteko bidetik segitzen, erran nahi baita, hemendik zonbait urte, apez euskaldunik ez izanik, ez dela gehiago euskarazko mezarik izanen.

Euskaldunen eliza ahula oraino ahulagoa izan dadin nahi du. Fedea eta Kultura elkarteak urte guziez, akitu gabe, galdatzen dio, sor dezan Euskarazko Pastoralgintza Zerbitzu bat. Eta urte oroz, Aillet apezpikuak ezetz dio. Ez dudarik izan: harentzat ere Zalgizeko ikusgarria funtsik gabeko folklorea zen!

Bi buruzagi horiek erantzukizun handia dute. Bistan da, ez dira hobendun bakarrak, bainan diren tokian izanik, gauzak neke eta kostu handirik gabe bertze bide batetik joanaraz ahal litzazkete.

Ordean, deus holakorik. Jukutria, zinismoa, engainua, horra zer daukuten erakusten!

Aterabide bakarra: borrokan segitzea!