Baikorrak izaiteko arrazoinak

PrintFriendly and PDF

Ez dakit primaderaren lehen eguzki izpien efetua denez, edo aurten ukan ditugun euri zaparraden freskotasunaren efetua, behar bada ere zozo, pika, papo-gorri edo beste xori baten kantu miresgarriaren efetua bainan deliberatu dut baikorra izaitea, abertzale gisa baita ere. Bai, berriz diot abertzale gisa ere.

Zonbat aldiz ez ditugu irakurtzen analisi, iritzi, edito edo artikulu ilunak eta ezezkorrak euskal prentsan, hola gira nunbait euskaldunak.

Soziologo, politologo eta historialari batzu entseatu dira ere prosesu hori esplikatzea, iduri luke batzutan odei grisak edo zinez beltzak metatzen direla beti Euskal Herriko zeruan.

Bainan ez, aldi honetan ez, zinez nik diot baikorra izaitea erabaki dutala.

Baliteke ere duela zonbat aste Baionan ezagutu dugun korrikaren arribatzearen azken konsekuenzi positiboak duela egoera hori esplikatzen, bainan ez da ere hortan ulertu behar baikortasun bitxi hau.

Politikoki ere baikorra naiz azken egunetan irudi gozoak ikusi baititut gure Ama lur zati ttipi «puta» honetan, xiberotar kantari bat parafrasikatzeko.

Lehena, Donostiako bulebarrean ikusi dut, Segiko zortzi militante ohi babesteko eraiki den herri harresia Aske gunean grabatu izan diren irudiekin. Holako gertaerak asmatzen ginituen duela urte ainitz orain, elkartasuna, biolenzi eza, herritasuna, orokorrean euskal edo abertzaleen egiazko nortasuna zen agertzen.

Ez du «ekintza» horrek frantses edo espainol prentsaren lehen titulua egin, bixtan dena ez zen ekintza armatu bat…

Bigarren irudia Baionan izan den euskal kolektibitate baten aldeko foroa izan da ; hor ere, asmatzen ginuena duela aspaldi, lema baten inguruan, hainbat eta hainbat eragile, alderdi, sindikatu eta beste.

Maite dutan kaskoin kantu ezagun batek dion bezala, «la libertat es el camin» ; hortako naiz aldi honetan baikorra, nunbait Euskal Herria libre baita holako irudiak plazaratzen dituelarik eta etorkizunari begira, esperantza handiak pizten baitira berriro gure xoko ttipi honetan.

Samatsa