Seaskako sartzea

PrintFriendly and PDF

Enbata: Aitzineko urteetako joera egiaztatuko da aurten ere, hau da ikastoletako ikasle kopuruak goitituko dira? Paxkal Indo: Aitzineko urteetan bezala haur kopuruak azkarki emendatuko dira ikastoletan. Lehen mailetan 2000 ikasle baino gehiago izanen ditugu, eta bigarren mailetan 700etik goiti. Orotara 2800 ikasleen heina gaindituko dugu sartze huntan.

Enb.: Zein dira aurtengo sartze hontako aldakuntza haundienak?
P. I.: Aldakuntza handirik ez da urtez urte, Seaska, sendotzen, sustraitzen ari den egitura da Iparraldean eta ikastolek garapen etengabean segitzen dute. Bertze eskoletan ikasle kopuruak apaltzen edo berdintzen direlarik gainera.
Horrek argiki erakusten du Euskararen beharra badela gure gizartean, eta murgiltze ereduak gero ta jende gehiago konbenzitzen duela.
Enb.: Beti bezala aurten ere berritasunak izanen dira?
P. I.: Aurten Xalbador kolegioaren berritze xantierra hasten da, eta Seaska egituraren egoitza berria “Nere pentzea” etxe historikoan Kanbon. Hiru urteko lanak dira, hein handi batean diru publikoarekin finantzatuak. Herri Urratseko 2011 urteko benefizioak eta EHI Euskal Herriko Ikastolen kooperatibaren (Euskal Herri osokoa) laguntzarekin.

Enb.: Iaz Itsasu eta Lekorneko ama ikastolak biak betan ideki zenituzten. Aurten ere bada idekidura berririk?
P. I.: Aurten ez dugu ama ikastolarik idekitzen. Aldiz lehen mailak idekitzen dira, ama ikastola horien garapena segurtatzeko, Hala nola Baigorri, Itsasu, Erberua eta Basaburu (Aloze) ikastoletan CP edo CE1 klaseak idekitzen ditugu. Alozeko ikastola handitu beharko da horren ondorioz. Itsasun ikastola berria eraikitzen ari da eskola publikoaren ondoan, Arberuan eta Lekornen Hazparneko lurraldeko hautetsieri laguntza galdegin diegu.

Enb.: Zertan dira akademiarekilako harremanak?
P. I.: Gure hiru urteko lehen konbenio hirukia (EEP, MEN, Seaska) burutzen ari da eta laster hasiko dira helduden konbenioko negoziaketak. Bi urteko haurren eskolatzea, erakasle postuak, ikastola berrien plantatzea eta garapena, baxoa euskaraz pasatzeko urrats berriak besteak beste izanen dira solasean. EEPren lehendakari berriarekin eraman be-harko dugun lan estrategiko eta garantzitsua.

Enb.: Azterketak euskaraz egiteko arazoak etabar direla ta, zertan dira hezkuntza nazionala frantsesarekilako harremanak?
P. I.: Joan den urtean, EEP eta Seaskan eskuz esku eraman dugu lan bat horri buruz, konbenioan argiki idatzia baitzen urrats berri batzu lortu behar zirela. Baikorki erraiteko, bertze bi gai euskaraz pasatzeko gaitasun teknikoa bada egun batetik bertzera. Bainan errektoreak gibelerat egin du, baxoa nazionala dela eta, ezin duela hori erabaki. Gure konbenio berriaren negoziaketan oroitaraziko diogu historia geografiako derogazioa lortu zela, eta tekniko arazorik ez bada, eta nahikeri politikoa baldin bada, berdin egiten ahal dela gure gazteek bertze gai batzuk euskaraz pasa ditzaten.
Hala ere, aurten lehen aldikotz ofizialki euskaraz pasatu ahal izan dituzte matematikak 3 garreneko ikasleek brebetaren azterketan.

Enb.: Eta gerorako perspektibak?
P. I.: Ainitz aipatzen da lizeo berria, aurtengo xantier nagusia izanen da Seaskako batzorde eragilearentzat. Lortzen baldin badugu proiektu hori nahi dugun bezala eramatea, sekulako urrats kualitatiboa izanen litzateke Iparraldeko ikastolentzat. Gainera lizeo berriari lotua, BABko kolegio berria ere bada, gure 4. kolegioari pentsatu behar dugu epe labur batean (3 edo 4 urte gehienik) ez baditugu ikasleak galdu nahi (gaur egun Ziburu edo Kanborat joaten dira gure BABeko ikasleak) eta ez baditugu ditugun kolegioak saturatu nahi.
Ez da dudarik Iparraldeko ikastolen karta hastapenetik ongi orekatua izan dela, bainan gaur egungo desafioa bikoitza da: Seaskaren murgiltze eredua proposamen bakarra denez, nola baikorki erantzun euskararen aldeko politika bati ez bada ikastola bat etxe guzietatik hurbil. Beraz hurbiltasunaren desafioa behar dugu irabazi. Eta Euskaren geroa segurtatuko duen arlo tekniko eta profesionala ere garatu beharko dugu lizeo berriaren bidez.