Datorren kapitalismoaren krisia, lan denboraren murrizketa eta ekologia

PrintFriendly and PDF
Xabi Larralde
Xabi Larralde
Enseignant en économie, porte parole de Sortu.
D'autres articles
Randall Collins

Randall Collins

Irailaren 17an, lehen aldikoz azken hamar urteetan, AEBko banku zentralak finantza merkatuetan eskua hartu behar izan du masiboki, likidezia kantitate handi bat injektatuz. Interbentzio hori momentuan dagoen krisi berri baten beldurraren adierazle da.  

Denek buruan dutena da 2008ko krisiak kateatu duen sekuentzia: espekulazio burbuila baten leherketa finantza merkatuetan; bankuen bat-bateko galera erraldoiak eta eskaintzen duten kredituaren etenaldi bortitza; jarduera ekonomikoaren erorketa, eta langabeziaren igoera.

Eskema hori errepikatu dadin (modu are bortitzagoan) aukera handiak daudela konstatatu behar da. Baina testuinguru horretaz gain, beste atal batean ematen ari den kapitalismoaren egiturazko krisi baten dinamika aipatu daiteke ere bai.

Honen inguruko azterketa Randall Collins amerikar soziologoari zor diogu (ikusi liburua: “Le capitalisme a-t-il un avenir ?”).

Azterketa hori serioski kondutan hartzekoa da nere ustez, tartean, Randall Collins-ek 80. hamarkadan Sobietar Batasunaren erorketaren arrazoinak aitzin-ikusi eta teorizatu zituelako.

Randall Collins ez da ikuspegi marxista batetik inspiratzen. Bere ustez, langile klasearen esplotazioa baino, klase ertainaren bilakaeraren perspektiba ilunek dute kapitalismoaren egiturazko krisia hauspotuko. Bere argumentu nagusia berrikuntza teknologikoaren ezaugarrietan zentratua da. Berrikuntza teknologikoa kapitalismoaren garapenaren ardatza izan da: 19. mendean iraultza industriala bultzatu du, eta denbora luzean, laborantzak ezagutuko duen mekanizazioaren bitartez, lehen sektorearen murrizketa eragin eta bigarren sektorearen hazkundea ahalbidetuko du.

Enplegu gehiago suntsituko ditu robotizatzeak

Prozesu horrek bigarren gerla mundialaren biharamunean fase berritu bat ezagutuko du. Fase honen baitan, 60. hamarkadatik aitzina, robotizazioak industrian suntsituko dituen enpleguak, zerbitzuetan (alegia, hirugarren sektorean) sortuko diren enplegu berriekin, partez, ordezkatuak izanen dira. Ondorioz, langileriaren apaltzea industrian, 3. sektorearen indartzearen haritik egonkortu ahal izan den klase ertainari esker kudeatu da. Gaur ezagutzen dugun berrikuntza teknologikoari begira Randall Collins-ek azpimarratzen duen ezaugarria ondokoa da: 80. edo 90. hamarkadak arte mekanizazioak eta robotizazioak esku-lanaren eremua hunkitu du (1. eta 2. sektoreetan). Adimen artifiziala aldiz, eginkizun kognitiboaren eremuan kokatzen da. Industrian enplegu gehiago suntsituko ditu robotizazioaren aro berri bat idekiz, baina, bereziki, 3. sektorea bete-betean harrapatuko du. Adimen artifizialak milaka eta milaka enplegu deseginen ditu zerbitzuetan, enpresen sail administratiboetan, enplegu publikoetan, etab. Tokiko adibide bat emateagatik, Bidarteko teknopolioan kokatua den Robosoft enpresak adineko pertsonak “artatzeko” robota ekoizten du: “kompaï” izenekoa. Zahar etxeek kompaï-ren merkatuaren atal bat osatzen dute, eta Aigues-Mortes-eko zahar etxean iritsi delarik“ongi etorria” egin diote.

Lanaren partekatzea aterabiderik sendoena

Adimen artifizialak hirugarren sektorean deseginen dituen enpleguak informatikan edo elektronikan sortuko diren enplegu berriekin ez dira konpentsatuko. Horrek klase ertaina gogorki kolpatuko duen langabezia areagotuko du, gure jendarteen kohesioa auzitan jarriz…

Gaurko berrikuntza teknologikoaren zikloak eragin dezakeen langabezi masiboari erantzuteko modurik sendoena lanaren partekatzea da. Izan ere, langabeziaren fenomenoa ekonomia batean ekoizpenak beharrezkoa duen lan kantitatearen, edo ordu kopuruen murrizketa baten arabera ulertu behar da. Baina lan kantitatearen apaltzea beste gisa batez antolatu daiteke: pertsona bakoitzak bere enplegua atxikiz, egunero edo astero gutxiago lan eginez.

Hots, lanaren partekatzea eta lan denboraren murrizketa da aitzinean ditugun perspektiba ekonomiko latzei eskaintzen ahal zaien erantzunik sendoena.

Lan kantitatearen apaltzea beste gisa batez antolatu daiteke:
pertsona bakoitzak bere enplegua atxikiz, egunero edo astero gutxiago lan eginez.
Hots, lanaren partekatzea eta lan denboraren murrizketa da
aitzinean ditugun perspektiba ekonomiko latzei eskaintzen ahal zaien erantzunik sendoena.

Ondorio hori Randall Collins-ek bere azterketaren bukaeran pausatzen duen galderarekin osatu behar da: krisi ekologikoak kapitalismoaren krisia areagotuko du, hondamendi globala eraginez, ala kapitalismotik ateratzeko eta alternatiba bat gorpuzteko heldulekua izanen da? Bistan denez, bigarren opzioa lehenetsi nahi genuke… Baina horretarako lanaren banaketa ezinbestean gauzatu beharko dugun desazkundearen baitezpadako baldintza dela azpimarratu behar da. Horrekin ez dugu deus berrik asmatzen: baieztapen hori André Gorz (ekologia politikoaren sortzailetarikoa Frantzian) bezalako pentsalariek mahaigaineratua zuten aspalditik.