Demokraziaren eta Euskal Herriaren garaipen eder bat: mobiliza gaiten haren ospatzeko eta zaintzeko!

PrintFriendly and PDF

EreBai!

Manu Robles-Arangiz Fundazioak Euskal Herriko biztanleak deitzen ditu behar den bezala ospatzerat Iparraldeko herriko etxeek Herri Elkargo bakar baten sortzeari buruz egin duten bozkatze historikoa. Horregatik jendarte osoari asteazkenean, uztailaren 27an, arratseko 19:00etan Baionan Baterak antolatzen duen besta giroko elkarretaratzera joaiteko gomita luzatzen diogu.  

Ez da alde baten garaipena beste baten kontra ospatzeko ekitaldia, baizik eta 2017ko urtarrilaren 1an Iparraldeko hiru probintzia historikoak bilduko dituen HELEP bakar baten sortzeari esker dena irabaztekoa duen Ipar euskal Herriaren eta demokraziaren garaipenaren ospatzea.

Austria baino zabalagoa eta 6 milioi biztanlekoa izanen den eskualde erraldoi batean kokatuko den Iparraldeak Herri Elkargoaren sortzeari esker bere buruaren hobeki defendatzeko eta entzunarazteko parada ukanen du. Elkargo berri honekin, kostaldea eta barnekaldea elgar osatzeko eta elkartasunez arizaiteko xedearekin, Hegoaldearekin elkarlanez, eta, Iparraldeko jendarte zibilarekin etengabeko elkarrekintzan, zuzenagoa eta jasangarriagoa izanen den Euskal Herri baten alde politika boluntarista eta anbiziotsua eramaiten ahalko du Iparraldeak.

Galde honen inguruan Iparraldeak ezagutu duen prozesu bereziki parte hartzaileak, bozkatzeak aintzin eta gero izan den eztabaida animatuak, eta, Ipar Euskal Herriarentzat HELEP bakar baten alde helegiterik gabeko emaitza ondoriotzat ukan duen herriko etxeen mailako kontsulta eta erabaki prozesu bikoitzak, gure historiaren momento demokratiko inportante bat markatzen dute. Iparraldearen izate instituzionalaren alde euskal jendarteak hamarkadetan eraman etengabeko mobilizazioaren fruitua da.

Gaur egun mobilizatu behar gira, betidanik Ipar Euskal Herriaren izate instituzionalaren kontra arizan direnek ez dezaten hauts, Herri Elkargoaren sortzea trabatuko duten beren errekurtso, traba politika eta sabotatze entseguekin eredugarria den olde demokratiko eta herritar hori. Amankomuna izanen den etxea, denen artean eraikitzeko garaia da!

Denak Baionara, asteazkenean, uztailaren 27an! Elgarrekin Herri Elkargoa eraiki dezagun.

Manu Robles-Arangiz Fundazioa