Dohaintzak eta ideiak… Seaskaren alde!

PrintFriendly and PDF

CrowdFundingAsteburu honetan, 17 kideren parte hartzea dela medio, Seaskaren laguntzeko egitasmo berri bat egituratzen hasi da. Seaskak bere proiektuen finantzatzeko dituen oztopoak gainditzeko dohaintzak eta ideiak (“crowdfunding” bezalakoak) bultzatuko dituen elkarteak urtarrilaren 11an, goizeko 10etan, Kanbon, Biltzar Sortzailea eginen du. Ongi etorri Seaskako ikasle eta buraso ohier, bai eta ere murgiltze ereduaren bidez euskara sustatu nahi duen herritar orori!
Estatuaren mugen gatik Seaskak bere proiektuen diruztatzeko dituen arazoen gainditzeko (Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolen inguruetan Suprefeturak ezarritako arrastak hor dira lekuko) zer bide jorratzen ahal den ikusteko 17 pertsona bildu dira Kanboko Xalbador ikastegian joan den asteburuan. Argi utzi dute euskaldunek geroa prestatzeko eta eraikitzeko irudimena martxan ezartzen segitu beharko dutela Estatuak zilegia legezkoa bilakatzea lortu artean.

Seaskaren proiektuen diruztatzeko diru iturri berriak plazaratzeko dohaintza sistemak egituratuz eta indartuz aintzinatzeko xedea du elkarteak. Norbanakoen ikasketa, lanbide eta oro har esperientzietan oinarrituz ideia andana biltzen ahal da. Hots, gero eta jende gehiago eta ezberdinekin, gero eta gehiago ideia aberats eta anitzak asmatzen ahalko dira!

A priori, ez da ideia txarrik, denak aztertzekoak izanen dira eta. Diruz parte hartzea, laguntza mota bat da, baina ideia berriak eskainiz edo asmatuz edo esku kolpeak emanez ere parte hartzen ahalko da! Dohaintza sistema gaurdanik akitabatzen ahal bada, beste molde berri batzu, interneten bidez proiektuen finantzatzeko sistema den “crowdfunding” bezalako sitemak ere ikertuak izanen dira.

Seaskaren lagunak” bezala arizaiteko xedea duen elkarteak bildu diren 17 pertsonetarik at, 60 jarraitzaile baditu bilkuren berri ukan nahi dutenak. Sarea osatzen ari dela marka eta ideia iturriak anizten ari direla ere.
Datorren pausua, urtarrilaren 11an, goizeko 10:00etan, emana izanen da, Kanbon Sortze eta egituratze Biltzar Nagusi ideki batekin. Bertan elkartearen xede zehatzak, ibilmoldea eta lehen proiektuak plazaratuak izanen dira.

Seaskako ikasle eta buraso ohiek, bai eta ere murgiltze ereduaren bidez euskara sustatu nahi duten herritar orok ongi etorria dute.

Xehetasun gehiagorentzat eta harremanetan sartzeko, ez duda :
Mail : [email protected]
Facebook orria : www.facebook.com/seaskarenlagunak