Ederrestearen arriskuak

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Enseignant en communications audio-visuelles à l'Université Mondragon. Ex-journaliste de Berria. Ecrivain.
D'autres articles

EPciKesakoAzken hilabeteetan Helep edo Ipar Euskal Herriko hiri erkidego bakarraren aldeko bozketek lortu duten oihartzunarekin, ez litzateke sortu behar itxaropen faltsurik.

Badirudi zerbait historiko gertatzen ari dela, ezagupen instituzional handi bat izanen duela Ipar Euskal Herriak…

Gogora ekarri behar da, ordea, duela hogei bat urte sortutako “pays” egitura (“sasi-egitura” gisa hartu izan zena) desagertzearen ondorioz sortu zirela kezka batzuk, eta kezka horiei ematen zaien erantzuna dela Helep hori. Azken hogei urteetan Ipar Euskal Herriak ez zeukan ezagupen instituzionalik, baina Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua egituren bitartez (“pays” horren harira), Frantziako Estatuarekin lurralde hitzarmena izenpetzeko aukera izan zuen. Egitura hori desagertu ondoan, zer gertatuko da?

Hortik abiatu zen hainbat hautetsiren kezka, eta lurralde ezagupenaren aldeko mobilizazioa. Hautetsien gogoetak aski onduak ziren, eta eskumen zabaleko eta botere handiko lurralde kolektibitate baten alde agertu ziren, Ipar Euskal Herriari autonomia emanen ziokeena.

Frantziak ezetz erran zuen irmoki, eta herri elkargoen mapa aldatzea proposatu zuen.

Bi proposamen nagusi egin zituen prefetak, horien artean hiri elkargo bakarrarena. Ez dezagun ahantz, hala ere, herri  lkargoen egituraketaren aldatzea, nahi ala ez, etorriko zen zerbait zela, Frantziako lurralde antolaketa lege berriek hala aurreikusten zutelako. Beraz, Frantziak ezarri duen agendaren arabera jokatzen ari gara azken bi urteetan, itsuitsuan, energia guztia horretara bideraturik.

Galdera horri erantzuteko tenorea jinen zen, lurralde kolektibitatearen ideiarekin segitu ala ez. Helep onartuz Lurralde kolektibitatearen alternatiba gisa, galdera bihurritu da.

Zein da, funtsean, herri elkargo sistema hoberena, herri elkargoen arloan? Lurralde kolektibitateak baiezko erantzuna izan balu, beharbada herri elkargoei buruzko eztabaida guztiz desberdina izanen zen. “Lantzen ari den prozedura Frantziako Gobernuak elkargo bakarrari ezetza emateko ‘jukutria’ da”.

Nork argudiatu zuen, hitz horiekin, Helep-en kontrako jarrera? Ez, ez zen abertzalea. Miarritzeko auzapez Michel Veunac zen, erranez Lurralde Elkargoaren alde dagoela. Veunac fede onez ari ala ez, Frantziak erabiliko du Helep sortu izanaren argudioa, beste edozein aldarrikapeni ezezko erantzuna emateko, harro erranez Hiri elkargo bakarra eman diola Ipar Euskal Herriari. Hain zuzen, azken hogei urteetan, “pays” egiturarekin eta lurralde hitzarmenarekin egin duen bezala, euskal departamenduaren eskaerari ezezko erantzuna emateko. Hiri erkidego berriak boterea hartzeko eta autonomo bihurtzeko gaitasunik izanen ote du? Frantziak ez du utziko bide handiegia egiten horretan, sokatik loturik atxikiko du.

Hiri erkidego berriak
boterea hartzeko
eta autonomo bihurtzeko
gaitasunik izanen ote du?
Frantziak ez du utziko
bide handiegia egiten horretan,
sokatik loturik atxikiko du.

Eskumenen zerrenda bat egin da, baina botere politikorik ez da aipatzen. Batzuek azpimarratu dute hizkuntza politikaren eskumena. Azken urteetan herri edo herri elkargo bakoitzak badu bere politika; eta Helep-ek bilduko du politika hori bere baitan, kohesio bat emanez Ipar Euskal  Herri osoko hizkuntza politikari.

Garbi erran behar da orain arte egin diren politika “ausartenak” ez direla heltzen euskara salbatzeko maila ttipienera ere. Hizkuntza politika  zentralizatua ala deszentralizatua izan, borondate politikorik ez baldin bada, eskumenak berak ez du balio euskara salbatzeko eta garatzeko.  Berez, berri ona izanen da Helep sortzea. Hobe da hori, desegituraketarekin segitzea baino. Baina egitura hori sobera ederresteak baditu arriskuak: helmuga bihurtzea eta horrek frustrazioa eragitea.