Eskoziatik Euskal Herrira

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Enseignant en communications audio-visuelles à l'Université Mondragon. Ex-journaliste de Berria. Ecrivain.
D'autres articles

Eskozia

Baiezkoa ala ezezkoa nagusitu, irailaren 18an zerbait sakonki aldatuko da Europa mendebaldean. Edo jadanik aldatu da.  Eskoziako erreferendumari begira egonen gara leku anitzetatik, eta bereziki Euskal Herritik. Udazken hau historikoa da estaturik gabeko nazioentzat, Europako alde honetan.

Orain arte ez zen burutik pasatzen estatu zahar hauetan independentzia prozesurik ager zitekeenik. Europa ekialdean, bai, baina Atlantiko aldean? Eskoziako prozesuak erakutsi du gauzak alda daitezkeela; eta Katalunian dugu ondoko hitzordua, azaroaren 9an.

Bi prozesu horiek itxaropena piztu dute Euskal Herrian ere, independentziaren aldeko haizea hona etorriko dela pentsatuz. Bistan da, Eskozian independentziaren aldekoek zafraldia biltzen badute, ukaldi gogorra izanen da guretzat ere.

Irabazten badute indar handia emanen digu guri ere. Agerian utziko du azken bi mendeetako estatu ereduak ez direla higiezinak. Desberdintasun apalarekin galtzen badute ere, ondorio baikorrak izan ditzakeela diote batzuek, Eskozian egin dena eredugarria baita, demokrazia aldetik. Agerian utziko du posible dela independentzia erreferendumak antolatzea, eta aukera horrek indar handia izan dezakeela etorkizunean, Eskozian eta beste herrialdeetan. Gure aspaldiko eskaera ez dela zentzugabea argi geldituko da.

Haatik, erakuts dezake, baita ere, erreferendum baten arriskua: independentzia itxaropenak errekara igortzeko tresna izan daitekeela. Euskal Herrian lortuko ote genuke independentzia? Ez da batere errana. Baina behin gutigatik huts eginez, bigarren aldi batean zergatik ez? Iritzi publikoa independentziaren alde bihurtzeko lan egiten ari dira orain Eskozian; eta Euskal Herrian ere horretan hasi nahi dute, forma eta mezu berriak erabiliz.

Eskoziaren independentziaren aldeko kanpainak baditu  desberdintasun handiak Euskal Herriarekin, eta batzuentzat inspirazio iturri dira hangoak. Eskozian ez dute lehen planoan ezartzen nortasunaren gaia; Euskal Herrian funtsezkoa izan da betidanik. Eskoziako eztabaida ekonomiaren eta bizi kalitatearen inguruan oinarritu da.

Eskozian ez dute lehen planoan ezartzen nortasunaren gaia;
Euskal Herrian funtsezkoa izan da betidanik.
Eskoziako eztabaida ekonomiaren
eta bizi kalitatearen inguruan oinarritu da.
Euskal Herrian estatu bat eraikitzekotan,
gai horiek errotik landu beharko direla diote batzuek

Euskal Herrian estatu bat eraikitzekotan, gai horiek errotik landu beharko direla diote batzuek. Euskal estatu baten aldekoek ez lukete gehiengoa osatuko, gaur egun, kanpaina oinarrituko balitz nortasun ezaugarriekin. Baina egia da ezezko erantzun baten  arrazoi nagusia litzatekeela Espainiak eta Frantziak azken mendeetan egin duten okupazioa eta haren ondorioak.

Eskozian eta Katalunian gertatzen denarekin, tabu batzuk ere hautsi dira. Gero eta gehiago aipatzen da ez dela nehoiz gertatzen independentzia prozesurik, herriaren zati bat aparte gelditu gabe. Garbiki errateko, Ipar Euskal Herria ez litzateke izanen euskal estatu baten parte. Funtsean, aitortu behar da Iparraldean ez zela espero zazpi herrialdeek egun berean lortuko zutela estatu bakarra osatzea.

Baina Iparraldetik ere kasu handia eman behar dugu Eskozian eta Katalunian gertatzen denak Euskal Herrian ukan ditzakeen ondorioekin.

Aztertu behar dugu zein leku hartu behar duen Iparraldeak, Hego Euskal Herriaren (osoaren edo zati baten) independentzia prozesuan, ez dadin baztertua edo ahantzia izan. Estatu horretan ez litzatekeela sartuko jakinik ere, landu behar du zer etorkizun, antolaketa eta garapen behar duen, euskal estatu batean izateko esperantzarik ez duen eremu gisa.

Halaber, euskal estatu horren eta estaturik gabeko euskal eskualde horren arteko harremanak aitzinetik pentsatu beharko dira.