Ikastola Herri Eskola baita!

PrintFriendly and PDF

Ikastalo2013-12-28« Ikas’talo », abenduaren 28an Seaskak antolatu duen « mani’festa » arrakastatsua izan da. Milaka mobilizatu dira ikastolen oztopoak salatuz eta lege bat ikatolentzat aldarrikatuz.

Jende guzia aterbetzeko sobera ttipia gelditu den Baionako elkartetxeko ezohizko ekitaldi hori euskararen bizirik atxikitzeko eta Estatu frantsesak betidanik ezartzen dituen oztopoen gainditzeko buraso, languntzaile, musikari, artista, etab. guziek urteetan zehar bolondres gisa eskaini behar dituzten lan ordu andanen lekuko izan da.

« Bukatzen ari den 2013 urtean Frantses Estatuak ikastolen kontra hasi duen kanpaina, anitzek Hendaiako gertakizun bati lotu dute. Baina urte hastapenean Hendaian hasi zenak, Beskoitzen ukan du segida eta Baionako Suprefetak Hazparneko herri elkargora bidali berri duen gutunak argiki adierazten du ikastolen kontrako erasoa orokorra dela. Erasoa orokorra da, Arberoa eta Lekorneko ikastola proiektu publikoak geldiarazi baititu ere.

Suprefeta jauna, prefeta jauna eta Barne ministerioko jaun andereak. Ipar Euskal herriko parlamentari andereak, Ayrault eta Hollande jaunak. Zuen astia agortu da. 2014ean ikastolen egoera legeztatu beharko duzue, bai ala bai! Ez gira makilkada gehiago jasozeko prest. Ez gira gehiago onartzeko prest!

Orain arte herriko etxeek beren borondatez, demokratikoki eta gehiengoz erabaki dute ikastola bat egitea edo eremu publiko bat ikastolaren esku uztea. Baina Frantses Estatuak hemendik aitzina ikastolei loturiko edozoin erabaki auzitara eramanen duela abisu eman du.

Heldu den ikasturtean ere ehunetik gora ikasle gehiago izanen ditugu aurten baino. Orain arte bezala Herriko Etxe edo lurralde elkargoen laguntza beharko dugu, bestela ezingo ditugu ikasle berriak aterbetu. Ikastola Herri Eskola baita!

Egun proiektu berriak dituzte erasotzen. Baina nork segurtatzen digu bihar ez direla jadanik ditugun ikastolei lotuko? Beskoitzen lur bat alokatzea debekatua dela erraiten badu auzitegiak, zer gertatuko da besteak beste Kanbon, Itsasun edo Senperen alokatzen ditugun ikastolekin.

Ikastolek lege bat behar dute. Diwan, Bressola, Calandreta etab. eskolek ere ! Eta lege hori irabazi arte jotake aritu beharko dugu! Jotake irabazi arte!

Hendaiako proiektua auzitan da eta auziaren emaitza hauteskundeen ondoren helduko da. Urtarril hastapenean, aldiz, Prefetak Beskoitzeko lur publikoaren erabakia auzitara eramanen du. Adi egon lagunak! Erabaki horren berri jakinen dugun egunaren biharamunean Baionako Suprefetura okupatuko baitugu!!!

Hendaian milaka manifestari izan ondoren urtarrilean, ekainean beste milaka izan ondoren Baionan, alderdi sozialistaren egoitza hiru gau eta lau egunez okupatu ondoren, Ipar Euskal Herriko errepideak gure hizkuntzaren heriotza adierazten duten tindaketez emokatu ondoren, gure hizkuntz eskubideen alde borrokatzeko prest gara!

Kantonamenduen berrantolaketan lurraldetasuna babestea lortu dugu. Orain gure ikastolak babestu ditzagun mobilizatuz !!

Egoera larria da, biziki larria ! Ikastolen garapenak digu esperantza sortu azken urteotan, sinesteko gure hizkuntza salba dezakegula hainbeste urteko odolhustearen ondoren. Estatuak esperantza hori hil nahi du. Estatuak euskara hil nahi du, lurralde hizkuntzen heriotza nahi du. Ikastolak erasotuz gure izerdiz eraiki dugun hizkuntza politika publikoaren motorra lanjerran emana da. Ayrault jauna, ez du balio Eurokarta berretsiko duzuela erraitea, mementu berean dugun tresnarik eraginkorrena, ikastolak, suntsitzeko baldin bada !

Eta Frantses Estatuak ez baditu Herriko Etxeen erabaki demokratikoak onartzen, zertarako antolatu herri hauteskundeak heldu den martxoan, ondotik herriko etxe horiek hartuko dituzten erabakiak auzitara eramaten baditu?

Egoera biziki larri honetan, egun ezin dugu segurtatu heldu den martxoko herriko etxeko hauteskundeak lasaitasunez iragaiten ahalko direnik !!

Gogoeta dezatela Parisen norat eraman nahi gaituzten!!.

Gure hizkuntzaren alde, euskararen alde, ikastolen alde dugun guztia emaiteko prest gira. Egun 10 000 talo, bihar ere berdin. Zaindu dezagun maite dugun hori!

Gora ikastolak ! Gora Seaska ! Gora euskara ! »