Mizel Bergouignan joan zauku

PrintFriendly and PDF
MizelBergouignan

Mizel Bergouignan-en ehorzketak Baigorriko elizan, larunbatean, maiatzaren 6an, 10.30tan.

Mizel Bergouignan joan zauku eta trixte gira… Bapatean joan zauku, eta sesituak gira… Euskal Herria zuen helburu, alde guzietarik zerbitzatu du!

Laborantza mailan, haste hastetik ELB-ko militante izan da, kalitatezko mahastigintzan inplikatua eta balio gehigarri sortzaile. Euskal Herriko Laborantza Ganbarako administrazio kontseiluko kide zen « Hemen Herrikoa » ren izenean.

Euskal Herriaren ekonomi orokorra zuen bere kezka. Baterako kide zen ere… Hots, eraikuntza sail guzietan hor zen, baztertu gabe politika edo kultura…

Eta, nola ez aipa, Luhusoko pausoarekin gure bideak nola berriz kurutzatu ziren, manera ezinago berezian, Euskal Herriko bake prosesuaren alde ! Hurbil hurbiletik bizi izan ditugu momento zinez intensoak, grabatuak geldituko direnak bihotzean…

Bihotz oneko militante osoa zen Mizel eta araberako agurra zor diogu !

Gogoan dugu ere penetan gelditzen den familia: dolumin bizienak zueri, tristura eta hutsunearen lehen lerroan zaretener. gure sentimenduak zuer doatzi…

Mixel Berhocoirigoin

 

Mizel Bergouignan joan zauku.

Etxauziako arima, gure elkarteko kide maitea. gugan biziko zira betiko.

 

‘Mizel’

Hire ustegabeko heriotza, Mizel, ximista bat bezala sartu zaukuk bihotzeraino.

Duela hamabost egun, Bilbon hintzan gurekin, Etxauzia proiektua aurkezten.

Duela aste bat berriz, Ortzaizen parte hartu hukan, bakearen artisau gisa, Basaizeak antolatu « herria eraiki » mahainguruan. Bi egun ere ez dituk joan azken aldiz ikusi hintugunetik. Nafarroaren Egunean. Elizako plazan, umore onean, osagarria untsa ez, baina halere, urteroko itxuliñoa egin nahi izan hukan.

Ez dakik untsa zonbat mintzen gaituen hire partitzeak. Zonbat sumatuko dugun hire falta Baigorrin eta Euskal Herrian, ez duk erretx hitzez azaltzen.

Mendi baten tamainako hutsunea utziko duk gure artean, Mizel, hi ere, mendi bat bezain handia izan haizelako.  Baigorrialdeko mendi bat, horixe izanen haiz beti, Mizel. Jakintsua. Lanerako laguna. Entzuten dakiena. Beti hor dena. Eta besteok galduak giren aldietan, paisaia guzia kolpe bakarrean ikusteko so lasaia duena. Baina, mendiak zubi ere izaiten dituk batzutan. Eta horietakoa haukagu hi.

Euskal Herria bitan zatitzeko ezarri daukuten muga faltsua behin eta berriz hautsi duen Baigorriko mendia: AUZA kaskoa.

« Herria eraiki » zian izena apirilaren 26ko Ortzaizeko mahainguruak. Eta hori bera egin duk hik bizitza osoan. Atsedenik gabe, ekonomian, politikan, kulturan… herria eraiki, azken hatsera arte. Etxauzia zabal eta bizi bat amesten hukan, Iparralde barnekaldea piztu eta ekonomikoki biziaraziko zuena, Euskal Herri aske eta euskaldun batean.

Hi gabe, nekezago izanen dituk lan guzi horiek, Mizel, baina ez duda bururaino eremanen ditugula. Herria eraikitzen segiko diagu. Hik nahiko hukeen bezala. Eta noizbait noraezean, edo galdurik sentitzen bagaituk, Auza mendira itzuliko diagu begirada, hire kontseilu on bat entzuteko prest.  Adiorik ez, adiskidea.

Anje Arregi (Etxauzia Nafartarren Etxearen lehendakaria)