EHLG, 100 urtez!

PrintFriendly and PDF
  • EHLGk10URte (2)
  • EHLGk10URte (1)
  • EHLGk10URte (5)
  • EHLGk10URte (3)
  • EHLGk10URte (4)

Joan den larunbatean, urtarrilaren 17an Euskal Herriko Laborantza Ganbararen 10. urtebetetzea ospatu da. Hamar urte laborantza herrikoi eta jasankorraren alde egunero lanean. Hamar urte milaka eta milaka lagun Ainizako elkartearen inguruan mobilizatzen direla, militante anonimo, hautetsi, abokatu, elkarte edo sindikatu. Jarraian EHLGren Biltzar Nagusi arrakastatsuan,  besteak beste aurkeztu zen « Portrait et évolution de l’agriculture du Pays Basque Nord, focus sur la montagne basque » txostena aurkituko duzue. Ipar Euskal Herriko laborantzaren identitate kartaren lehen argazki moduan. Bai eta ere Enbatak, EHLG-ren 10. urtemugaren karietara argitaratu duen ale berezia.

Beherago eskuratzen ahal duzuen  «Ipar Euskal Herriko laborantzaren egoera et garapena, euskal mendiari begira» dokumentu estrategikoa bi alek osatzen dute eta EHLG-k plantan jarri duen lurralde analisia tresnaren lehen publikazioa da. Lurralde analisia tresna hau, Ipar Euskal Herriko laborantza munduko datuak molde sistematizatuan bildu, tratatu eta aztertzeko den tresna da. Datuak Iparraldeko eremuaren eskalan lantzea ahalbidetzea da helburua, baita ahal den heinean, manera xeheagoan, kantonamendu edo herri mailakoak tratatzea.

Iparraldeko laborantzaren egoera eta aitzinako urteetan izan duen bilakaera ezagutzeko tresna da lehen lehenik. Gerora begira ekintza bide egokien definitzeko, plangintza estrategikoen sortzeko da tresna hau. Eragile guzien zerbitzuko eta eskura emana da, agitura administratibo, laborantza ala ingurumenaren gerizako elkarte, ikasle, formakuntza zentro… Publikatzen den dokumentu hau lehen pausoa da, Ipar Euskal Herriko laborantzaren identitate kartaren lehen argazkia.

Zorionak!

Urtarrilaren 17 honetan, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen 10. urtebetetzea ospatu da. Hamar urte laborantza herrikoi eta jasankorraren alde egunero lanean. Hamar urte milaka eta milaka lagun Ainizako elkartearen inguruan mobilizatzen direla, militante anonimo, hautetsi, abokatu, elkarte edo sindikatu. Hamar urte Ehlg-k bere baitezpadakotasunaren froga ekartzen duela, bere lana are ta gehiago ezagutua eta preziatua dela, Euskal Herriko panoraman bere toki osoa hartzen duela.

Zergatik horrelako ezagupen eta arrakasta?

Lehen lehenik, Laborantza Ganbarak Paueko Ganbara ofizialak aspaldian debalde utziak dituen alorrak jorratzen dituelako eta zerbitzuak eskaintzen: aholku juridikoak, agronomia eta laborantza jasangarria  menperatzeko formakuntzak, transmizioa eta inztalazioa prestatzeko laguntzak, etxaldeentzat ingurumen diagnoztikoak, balore gehitu haundia duten tokiko ekoizpenen ezagutaraztea, eta abar luze bat. Ahantzi gabe Lurramaren urtetik urteko arrakasta, nekazal eta hiri munduen topagune bilakatu dena. Lehen aldikotz, nekazal mundua hiritarreri zuzenean mintzo zaie, ezagutzerat emanez nolako laborantza mota nahi duen gerorako: natura eta biziduna errespetatzen duten ekoizpenak, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzenak, zirkuito laburrak.

Hori guzia ez zen sekula abiatuko Iparraldean, ELB-ko militanteek ez baliote etsipenari bizkarra eman eta Laborantza Ganbararen egitasmo bateratzaile eta progresizta sortu.

Hastapenean, estatua eta lurralde kolektibitate batzuk, FNSEA aipatu gabe, uzkur edo etsai agertu baziren ere, harremanak lasaitu dira. Urrun dirudite prefetaren mehatxu eta auziek, poliziaren miaketek edo zerga administraritzaren trakasuek. Partaidetza iraunkorrak eraiki ditu Laborantza Ganbarak herri elkargoekin, baita Akitaniako edo departamenduko kontseiluekin: uren eta ingurumenaren kalitatea ikerketzeko, uraren kalitatea errespetatzen duten nekazal erabilbideen laguntzeko, Natura 2000 diagnostikoak egiteko eta beste xantier frango.

Iparralde hontako laborantzak dehar duen ganbara ofiziala sekulan baino ozenkiago eskatzen dugu. Hori erdietsi arte, hor dugu Laborantza Ganbara, euskal gizartearen nahikariaren eta genioaren emaitza bikaina. Nihun ez bezala badaki herri honek ukatzen dizkioten tresnen sortzen: bizi nahi horren lekuko hor zeuden ikastolak, irratiak, gau eskolak, Herrikoa. Hona orain Laborantza Ganbara eta Lurtzaindia. Ez dira bakarrik kontra-botere batzuk. Ez eiki. Dira herri honek nahi duen elkartasunezko gizarte baketsu eta aurrerakoiaren eraikuntzarako bidean baitezpadakoak diren urratsak.

Zorionak Laborantza Ganbara.

Michel Bidegain

Beherean, EHLG Enbatan, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen 10. urtemugaren karietarat, Enbatak argitaratu duen ale berezia: