
Aroztegiko Elkartasun Komitea
Arratsalde on denei, eskertzen dizuegu gaurko deialdira etorri izana.
Joan den ortziralean Nafarroako Auzitegiak publiko egin zuen gure kontrako epaia, gaurko deialdian honi buruzko balorazioa zuekin partekatuko dugu.
Epaiak argi-ilun aunitz ditu.
Alde batetik, sententziak Palacio de Arozteguia S.M.k eta Fiskaltzak gure gain paratu nahi zuten akusaziorik larriena baztertu du: talde kriminal baten parte izatea. Zentzu honetan, oraingoz, absoluzioa lortu dugu.
Honekin, zazpi herritar kartzela zigorraren mamuaz libratzeaz gain, Euskal Herriko antolakuntza demokratikoaren eta desobedientzia zibilaren kriminalizazioa saihestu dugu, baita etorkizuneko borroketan aurrekari arriskutsu honek ekarriko lituzkeen zigortze neurri larriak ere. Beraz, herri mugimenduetatik gaur badugu zer ospatu. Bertze behin ere, fiskalaren laguntza izugarria izan badute ere, haien joko zelaian arrakala sortzea lortu dugu.
Sententzia hau mobilizaziorik gabe ez zen lortu izanen, borrokatzeak eta protestak balio duela berresten dugu beraz. Hondar urteko elkartasun uholdeak sententzia honetan berebiziko garrantzia izan duela argi dugu eta borrokatzeak merezi duela erakutsi dugu.
Bertzetik, epaiak alde batera utzi du Palacio de Arozteguia S.M.k gure gain ezarri nahi zuen bizi osorako zigor ekonomikoa. Behin eta berriz errepikatu dugu Aroztegiko proiektua ez dagoela geldi, guk obra momentu puntual batean gelditzea lortu bertzerik ez dugula egin eta epai honek hori berresten du. Beraz, enpresari gure sakeletatik 43milioiak lortzeko bidea itxi diogu. Enpresa honek aspalditik erakutsi du herritarren kriminalizazioaren bitartez, bere helburua diru publikoa eskuratzeko bidea egitea dela eta kasu honetan berriz ere herriaren indarrari esker traba bat aurkitu du.
Haatik, kasu honetan absoluzioa da epai justu bakarra. Euskal Herrian historikoki errepresioa pairatzea normalizatzera ailegatu bagara ere, edozein zigor neurrigabekoa da. Gainera jakinik espekulatzaileak eta beren laguntzaile diren Nafarroako Gobernua eta hau sostengatzen duten alderdi politikoek ez dutela inolako ondoriorik aso, Aroztegiko auzian erantzule zuzenak izanik ere.
Prozesu guzi hau barrabaskeria galanta izaten ari da: denen lurra defenditzeagatik bortxa eta derrigortze delituengatik kondenatzea, milaka euroko kalte-ordain eta 62.000 euroko isuna pagatzera kondenatzea ez da bidezkoa ezta onargarria ere. Gogora ekarri nahi dugu lau urte luze daramazkigula gure bizitzak kolokan, gure gorputzetan bide judizialaren bortizkeria sufritzen eta oraindik denbora dezente pasatzen ahal dela hondar epaia irmoa izan artio. Ez da bidezkoa makro proiektu espekulatzaileak inposatzen dituztenek,ehunka urteko zuhaitzak botatzen dituztenek, errekak eta bazterrak hondatzen dituztenek, inolako ondoriorik jaso ez eta guk, momentu batez sarraskia geldiarazi izanagatik, zigorrak pairatu behar izatea. Argi erran nahi dugu: desobedientzia zibila ez da delitua!
Aldi berean ohartarazi nahi dugu epai hau ez dela oraindik irmoa: alde guziek helegitea aurkezteko aukera izanen dugu, eta beraz gaur egiten dugun balorazioa lehen instantziako epai honi buruzkoa da.
Azpimarratu nahi dugu gaur ez dugula bakarrik auzipetuen egoera baloratu nahi. Epai hau herri oso baten borroka baten testuinguruan ulertu behar da. Herri bezala erakutsi dugu badugula ospatzeko hamaika arrazoi: erresistentziaren indarra, auzolanaren balioa, eta gure lurra defenditzearen zilegitasuna. Marea horia indartsu agertu da otsoaren hortz zorrotzen aitzinean. Aroztegiko borroka ez da soilik tokiko auzia, gure etorkizuna eta gure herriaren erabakitze eskubidea jokoan dago.
Lortutakoa ez da kasualitatea: herri mugimenduaren lanari, EHko zein bertze herrialdeetako elkartasunari eta indarrari esker izan da. Mobilizazio maila ikaragarria izan da. Orain arte bezala, hemendik aitzinerat ere bide horretan segituko dugu. Horregatik, herritar guziak berriz ere deitzen ditugu heldu diren asteetan abiatuko dugun elkartasun kanpainan parte hartzera, bakoitzak ahal duen ekarpena eginez. Orain arte egin dugun bezala errepresio ekonomikoari modu kolektiboan erantzunen diogu.
Aldi berean, berriz ere gogorarazi nahi dugu Aroztegiko UGEP proiektua oraindik martxan dela, eta erantzuleei behin betiko bertan behera uztea eskatzen diegu. Gaur hemen bildurik, berriz ere baieztatzen dugu gure konpromisoa: Aroztegia geldituko dugu, eta gure herriaren alde segituko dugu lanean, tinko eta elkarrekin.
Gora Herri erresistentzia eta desobedientzia zibila!
Aroztegia Geldituko dugu!
Zorionak. Gatazka bat irabazia izan da baina gerla oraindik ez. Aroztegiko projektu hori astakeria eta ekozidoa litzateke. Indarkeriarik gabe jarraitu behar du borroka eder horrek proiektua abandonatzen duten arte. Duela berrogoi ta hamar urte Larzac (Occitania) eremu militarraren aurka parte hartu nuen eta irabazi dugu. Hauxe da hartu behar dugun eredua.