
Ekhi Gorostiaga Hirigoien eta Iztebe Oihenart Etxart, U14 kolektiboa
Urtero azaroaren 11n, Ipar Euskal Herrian pesta eguna da. Lehen gerla mundialeko armistizioaren omenez Frantziar estatuak inposatzen digun pesta eguna. Hori dela eta, Uztailak 14 kolektiboaren izenean, egun hori bere kontextu eta koadroan kokatzea dagokigu, egun honek, bikain irudikatzen dituelako Euskal Herriak pairatzen dituen zapalkuntza nazionala zein soziala.
Egun hortan, gerlan hil ziren frantses herritarrak “omentzeaz” gain, Frantziar nazioaren handitasuna, eta supremazia azpimarratu ohi dira, gerlaren krudelkeria eta ustelkeria alde batera utzirik. Antimiltarismoaren eta antinperialismoaren eguna bihurtu zitekeena, guztiz horren aurkakoa bilakatu da, eta horren ordez, gerla beraren mitifikazio antzu batera garamatza urtero. Izan ere, lehen gerla mundialean hildako 6000 euskal herritarrak Frantziar nazioarentzat hil zirela sinestarazten digute, gehienek, dakigun bezala, frantsesa bera mintzatzen ez zutelarik.
Hain zuzen, euskaldun hauek, “patriotismoaren” izenean deiturik, frantses nazioaren parte izatera derrigortuak izan ziren, haien hizkuntza, euskara, alde batera utzirik. Desertzio eta intsumitu ugari izan arren, anitzek bizia galdu zuten; eta isuritako odol horrek eragin handia izan zuen frantses sentimenduan: Herriarentzat hil ziren; “Mort pour la Patrie”. Hortik, estatu frantsesak heriotza hauek instrumentalizatu, eta, beti ere estatuaren garrantzia goraipatuz eta frantses sentimendu hori azkartzeko helburuarekin, sekulako politika asimilatzaileak eraman zituen. Honen adibide garbiak ditugu armistizioaren oroimen eguna, edota, hilen momentuena. Izan ere, hil ziren euskaldunen izenak monumentuetan idatziz, familiei komunitate baten parte izatearen sentimendua sortzen zien, horrekin, berriz ere identitate frantsesa indartuz. Gerla, beraz, ez zen soilik militarra, asimilazio politiko eta sinbolikoaren tresna ere bazen: euskaldunak “frantses” sentitzeko prozesu bortitza.
Are gehiago, ez da, sinestarazi nahi diguten bezala, zerutik erortzen den aurreikusi gabeko katastrofe bat. Justuki, planifikatua, antolatua, eta bideratua den prozesu oso baten emaitza da gerla; elite baten mesedetara bultzatzen dena. Lehen gerla mundialaren kasuan, industrializazio prozesu luze baten bukaeran kokatu beharra dugu, eta Europako estatu inperialisten etengabeko espansionismoaren ondorio zuzen bat bezala ulertu. Kapitalismoaren fase gorena da inperialismoa, hazkunde ekonomikoa garatzeko beharrezkoa duen prozesu bat. Estrategia berdina ikus dezakegu AEB-k Israelen indar militiarrekin Palestinan eramandako genozidioan, zeinetan bi populuen arteko gatazka izateaz haratago, mendebaldeko herrialde kapitalisten interes ekonomikoak jokatzen diren. Hortaz, inperialismoaren eta gerlaren izaera burgesa kondutan hartu gabe, gerlaren auzia ezin daiteke osotasun batean biluzi.
Ondorioz, Frantziar estatuak azaroak 11ren kari inposatzen duen pesta eguna azkarki salatzen dugu U14 kolektibotik. Hortarako, hau da, gerlaren erabilpen inperialista eta asimilatzailea erauzteko, azaroaren 11n, atsaldeko 5tan, Azkaineko plazara deia luzatzen dizuegu. Frantziak erahil zituen eskaldunen omenez, eta sarraski hauen arduradunei aurre egiteko, Azkainen elkar ikusten dugu.


par