Korrikaren sorrera: Diru behar handia eta “iraultzaile” kuadrilla bat

BIDEOA

Urtsa Erraztik dio “gazte iraultzaileak” eta “zoroak” zirela. Korrikaren sortzaileak halakoak izan ez balira, agian ez zen sortuko Euskal Herria zeharkatzen duen euskararen aldeko ekimen erraldoia. Errazti Euskal Herriko AEKren ekonomia arduraduna zen 1980an: “Posturik txarrena zen, ez geneukan pezeta bat ere, eta herrialdetako batzorde guztiek dirua eskatzen ziguten”. Behin egitekoa zen Korrika, bi urterokoa bihurtu zen. Azaroaren 29an, 45. urteurrenean, sortzaileak omendu ditu AEKk. Erraztik “asmakizun zoro” hura ekarri du gogora. Argia.eus-etik. 

Urtsa Errazti (Laudio, Araba, 1954)

Urtsa Errazti (Laudio, Araba, 1954), erbestetik itzulita, Uribe Kostan (Bizkaia) hasi zen gau eskolan irakasle, 1976an. Urte gutxian Euskal Herri osoko gau eskolak koordinatzen ari ziren eta AEK sortu zuten. Bera ekonomia arduradun, eta AEKren arazorik handiena, dirua. Ordurako Euskaltzaindiak Bai Euskarari kanpaina egina zuen eta Kilometroak ere hasita zeuden. AEKkoek Euskaltzaindira jo zuten Bai Euskarari leloa eta kanpainaren irudia erabiltzeko baimena eskatzera. AEK Euskaltzaindiko partaide zen. Juan San Martin Euskaltzaindiko idazkariak ez zien baimenik eman: “Ez zigun miresmen handirik, gazte iraultzaileak ginela uste zuen, eta hobe urrun edukitzea; Julen Kaltzada, Josu Naberan, Alberto Gabikagojeaskoa… jendilajea. Leloa erabiltzeko ere baimenik ez zigun eman, baina esan genuen “bai euskarari” guk ere esan genezakeela”.

Txomin Barullokoei ate joka

Lehen saiakerak fruiturik eman ez zuenez, beste zerbait pentsatu behar zen. Bittor Artola eta Enrike Ibaberengana jo zuten, horiek diseinatu baitzuten, haien publizitate agentziaren bidez, Euskaltzaindiaren kanpaina. Artola eta Ibabe agentziatik eta AEKtik Julen Kaltzada, Joseba Campo eta Errazti hasi ziren elkartzen. Ideiak bor-borka: artistei artelanak eskatu eta saldu? Euskaltzaindiaren moduko jaialdi bat egin? Zozketak? Ez, ordea, konbentzitzen ezerk, eta azkenean Txomin Barullo Bilboko jaietako konpartsa ezagunarengana jo zuten. Konpartsako Josepe Zuazo eta Alvaro Gurrea dirua lortzeko sortutako batzordean sartu ziren, eta talka sortu zen: “Baina ez dut esan nahi haserrea, publizitate agentziakoak klasikoagoak ziren, eta Txomin Barullokoak, berriz, burutik eginda zeuden! Zuazok eta Gurreak esaten zuten zerbait berria egin behar genuela, eta AEKkoak haien alde jarri ginen, alde iraultzailearen alde [barrez ari da Errazti]”. Zerbait berria ziotenean hau zeukaten buruan: jende guztia leku batera eraman beharrean (Bai Euskarari, Kilometroak…), kanpaina jendearengana eramatea, leku guztietara. Hori buruan zutela, Zuazok jakin zuen Bilboko Club Deportivok Bizkaian, herriz herri, errelebo lasterketa bat egin zuela. Gustatu egin zitzaien ideia.

Patxaranak inspiratuta?

Hori baino gehiago izango zen, baina, nonbait, okurrentziaren gauean patxarana mahai gainean egon zen. Batzordearen bilera baten ostean, gehienak afaltzera gelditu ziren, eta hor konturatu ziren lekukoa emanda herriz herri ibiltzeak logistika handia eskatzen zuela. Erraztik gogorarazi du garai hartan telefonoz hitz egiteko kabinak zeudela kalean, Internetik eta Google maps-ik ez zegoela. Orduan bururatu zitzaien errelebo lasterketa ez gelditzea: “Ez bagara gelditzen, lo egiteko tokirik-eta ez dugu bilatu behar. Denok elkarri begira gelditu ginen. Hau onartuko digute AEKko batzar nazionalean? Egia esan, logistika aldetik logika handia zeukan. Afari hartan berotu ginen, egia da patxaranari eman geniola, baina botila bat seiren artean!”. Hurrengo egunean publizitate agentziako Artola eta Ibaberi kontatu zieten, eta “haiek ‘puf…’ egin zuten”, Julen Kaltzadari esan eta “joe, hori-hori!”. Hurrengo pausoa AEK bera konbentzitzea zen, herrialde bakoitzeko koordinatzaileak eta ekonomia arduradunak. Ez omen zen erraza izan, baina denen baietza jaso zuten: “Gugan konfiantza handia jarri zuten, baina batzuek uste zuten Korrika ez zela iritsiko Bilbora”.

Gobernadore zibilak konbentzitzen

Errazti bera aritu zen Hego Euskal Herriko lau gobernadore zibilekin hizketan, baita Baionako suprefetarekin ere. Baimen guztiak lortu zituzten, Erraztiren ustez, “hain zen zoroa ideia, ez zuten oso ondo ulertzen ekimena, eta ez zuten uste egitea lortuko genuenik ere”. Informazioa ere justukoa helarazi zieten: lasterketa zela azpimarratzen zuten, euskararen aldekoa zela zeharka aipatuta, eta Iparraldeaz ere kontu gehiegi esan gabe. Ibilbide osoko segurtasuna AEKren eta Gurutze Gorriaren esku gelditu zen. Guardia Zibila, berriz, Korrikaren aurretik, atzetik, bidegurutzetan… izan zuten, “gainean eduki genituen”.

Alderdi politikoen babesa

Ezkerreko alderdiek, ezker abertzaleak eta EAJk babestu zuten Korrika. PSOEk “herriaren arabera”. Alianza Popularrekin ere hitz egin zuten, eta Erraztik uste du ez zuela babes garbirik eman, baina ezezkorik ere ez du gogoan. Erraztik azaldu du lehenengo Korrikatik bigarrenera EAJren jarrera aldatu egin zela: “Bigarrengoan EAJk boikota egin zion”. Hala ere, batzoki batzuek babestu zuten eta EAJko kide batzuek ere bai”. Erraztiren ustez, bigarren Korrika izan zen garrantzitsuena, boikot bat gainditzea lortu zuelako.

Dirua zurrustan

Helburua ederto bete zuen Korrikak, “diru mordoa” lortu zuten. Erraztik gogoan du helmugan, Bilbon, nola joaten ziren sarri-sarri Kolon Larreategi kaleko kutxazainetara dirua sartzera. Bilboko Erakustazokan egin zen bukaerako jaialdia eta sarrera ordaindu egin behar zen. Diru sarrera gehiagorekin ere akordatzen da: Euskal Herriko Sukaldaritza Berria korronteko hainbat sukaldarik luxuzko menu bat diseinatu zuten, beste hainbat bazkari ere eman zituzten, Lamiakon zegoen beira lantegi batek oparitutako ontziteria saldu zen… Kilometroak ere saldu ziren, garestiena Banco Bilbaok erositakoa, Carlos Garaikoetxearen Gobernuan Ogasun sailburu izan zen Pedro Luis Uriarteren eskutik: “Bankuen eta enpresen laguntza onak lortu genituen. Kilometroa egiteko pertsona ezagunak bilatzen genituen eta gero babesletzak lotu, adibidez, ‘Joxe Miel Barandiaran kilometroa’”.

Jasotako dirua talde didaktikoa indartzeko eta euskaltegiak bultzatzeko erabili zuten.

Bezperan egindako abestia

Korrika hasi baino hiru-lagun egun lehenago aipatu omen zuen Joseba Campok kanturik ez zuela ekimenak, eta kanpaina guztiek edukitzen zutela abestia. Azkenean Xabier Amurizarengana jo zuten eta hark Gogor diskoko bere doinu bat berreskuratu zuen. Hitzak jarri, koroa egingo zuen jendea bildu eta azaroaren 29rako kantua eginda.

Korrika bakarra egingo zelakoan

Erraztik argi esan du 1980koa Korrika izendatu zutela, ez lehenengo Korrika, ez baitzuten gehiago egiteko inolako asmorik. Baina arrakasta izan zuen, ondorengo balorazioa ona egin zuen AEKk, eta jarraipena ematea pentsatu zuten. Hala, bigarren Korrika heldu zen 1982ko udaberrian, “zeren gu, erook, neguan egin genuen, Oñatin, elurretan”.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Laisser un commentaire

Votre adresse e-mail ne sera pas publiée. Les champs obligatoires sont indiqués avec *