Lurralde desegonkortuan herria nola sendotu?

Urruñako Faalegi mendittoaren gainean, hamalau fago eroriren artean.
Muturreko eguraldiek zanpaturiko bazterrak ugarituko den adabaki mota bat dira.

 

Muturreko eguraldiak, idortea, uholdeak eta lur azpiko mehatxuak gero eta ageriago dira Ipar Euskal Herrian. CEREMAren diagnostikotik abiatuz, Nicolas Goñik lurraldearen zaurgarritasuna aztertzen du eta kontakizun berriak eraikitzera gomitatzen gaitu, tokian tokiko mailan.

 Ipar Euskal Herriko lurraldearen zaurgarritasun diagnostikoa CEREMA zentroak egin eta Elkargoak plazaratu zuen(1) duela aste batzu. Azterketa begiratzeak merezi du, heldu diren hamarkadetako arriskuak hobe ulertzeko. Datorkigunari prestatu behar gatzaizkio, materialki noski, baina kulturalki ere prestatzea bereziki gakoa dela iduritzen zait, eta oraino bada lana.

Gainetik heldu zaiguna: muturreko eguraldien ondorioak

Elkargoak plazaraturiko analisi honetan 2050era begirako muturreko eguraldiei loturiko arriskuak aztertu dituzte, eta ohartu naiz heldu diren hamarkadetan bero uhinak maizago gertatuko edota luzeagoak izanen direla mendialdean kostaldean baino (ezustekoa zitzaidana). Aldiz, hain zuzen gau bero gehiago pairatuko dituzte Lapurdiko kostaldeak eta behealdeak, eta bereziki zaurgarriak dira Donibane Lohizune, Miarritze, Angelu, Baiona eta Tarnose(2) hiriak, han gaizki isolaturiko etxebizitzetan jende anitz bizi baita. Ziburu, Bidarte, Uztaritze eta Hiriburuko jende anitzek ere arrisku hori pairatuko dute.

Gizakiak ez dira berotasuna pairatuko duten izaki bakarrak, eta abere asko dituzten eta heldu diren hamarkadetan egun bero asko igaroko dituzten Hazparne, Aiherra, Bastida, Bardoze eta Oragarre seinalatuak dira zaurgarrienetan, Amikuze eta Pettarreko bertze hainbat herri arrisku horrek ukiturik izanik ere. Abereak idortea pairatzeari dagokionez, herri berak dira arrisku handieneko kategorian, baita Lekorne eta Heleta ere, eta arrisku eremua Pettarraz kanpo Lapurdi iparrera hedatzen da.

Laborantzako landareek idortea pairatzeko arriskua bereziki handia da Bidaxune inguruan, Senhans eskualdean eta berriz Hazparnen.

Hazparne eta Senpere aldeko azpiegiturak (bideak, elektrizitate kableak, gas hodiak) bereziki hauskorrak izanen dira bero handiko egunetan, bi herri horietako sareak bereziki trinkoak baitira. Oihan sute arrisku handiena Senpere-Uztaritzen eta Sohüta-Barkoxen litzateke.

Muturreko euriteek uren kalitatea kaltetu dezakete mendialdean eta Errobiko arroan. Uholdeak sor ditzakete mendialdean – han azalera handiak kalteturik –, baita kostaldean, Senperen, Larresoron, Hazparnen, Donapaleun eta Maulen – hor euriteak ez lirateke hain azkarrak izanen baina jende eta eraikin anitzez gehiago kaltetuko lituzkete –. Eta lur jausialdiak eragin ditzakete, Ezterenzubi udalerri zaurgarriena izanik, eta Baigorri eta Garaziko eskualdeak, Lekorne, Hazparne, Errobiko behe-arroa Baionaraino baita Ziburu ere zaurgarriak lirateke.

Eta arrisku beharbada larriena: ur kopurua bertze muturrera lerraturik – hots, idortea izanez gero – udalerri gehienak lirateke ur eskasean edo eskasetik oso hurbil 2050ean: Lapurdi eta Nafarroa Beherea ia osorik (salbuespen guti: Luhuso, Urepele, Burgue-Erreiti eta Erango), eta Xiberoko udalerrietarik 12, Ibarrezkerrean, Arbailetan eta Pettarrean banaturik. Gure lurralde heze eta berdean idorte arriskua oraino guti ulertua den arren, 2022 bezalako uda gehiago igurika ditzakegu.

Behetik heldu zaiguna: lur azpia desegonkor eta kutsatua

Bruno Latour filosofoak, 2017an plazaratu zuen « Où atterrir » (“Nora lurreratu”) liburuan, larrialdi ekologikoarekin denak erbesteratuak garela erraten zuen. Ez denak bertze norabait mugitu edo mugituko garelako, baizik eta tokiz aldatu gabe ere, lurra bera oin azpian aldatzen ari zaigulako. Hori oso literalki gertatzen hasia da Lapurdiko iparralde eta mendebaldean (eta berdin Gipuzkoako kostaldeko zati handi batean), bertako lurrak buztintsuak baitira. Halako lurretan, lur hondartsuetan baino askoz gehiago, eurite luze eta idorteen txandakatzeak buztinaren hanpatze eta ihartzea eraginen du. Hori etxe azpietan gertatuz gero etxeak kaltetzen ditu. Gainera, kostaldearen azalera oso artifizializatua izateagatik, euri uren isurtzeak oztopoak topatzen ditu, eta buztinen hanpatzea eta ihartzea oso irregularrak dira, beraz albo kalte gahiago sortzeko modukoa. 2022ko idortearen ondorioz ehun bat etxe arraildu ziren Hiriburu, Mugerre eta Ahurtin. Heldu diren hamarkadetarako igurika dezakegu halako gertakizunak maizago eta maila handiagokoak izanen direla, eta arazoak izanen direla etxeak aseguratzeko.

Lur azpian klimaren eraginei metatzen zaizkie kutsadurarenak. Ekologistak Martxan elkarteak berriki argitaratu duen(3) web orrian EAEko zabortegi abandonatuen mapa ikus daiteke: 1.562 dira guztira, eta horietarik askoren edukiak inguruko urak kutsatzen ditu. Antzeko lanik ez da egin Ipar Euskal Hirigune Elkargoan, baina Europa mailan egindako bertze mapa batek(4) erakusten dizkigu zenbat eta non diren. Asko dira eremu urpegarrietan, beraz uholde arriskua emendatzearekin batera dugu uren kutsatze arriskua. Europa mailan abandonaturiko zabortegien % 28 gune urperagarrietan dira. Zabor “arruntek” ere mikroplastikoak barreiatzen dituzte, eta bertzelako zaborrek metal astunak, amiantoa, bakteria arriskutsuak, oso toxikoak eta iraupen oso luzekoak diren PFASak, edota pestizido ondarrak.

Zaluagako hondakindegi ohia, gune guziz artifizializatua. Bertan I-Ener eta Enargiak panel fotoboltaikoak plantatuko dituzte.

CRIIRAD elkarteak berriki jakinarazi duenez(5), azken urteotan Frantziako zentral nuklear guziek ingurunean tritioa (hidrogenoaren isotopo erradioaktibo bat) isuri dute, batzuetan maila legala baino 100 bider gehiagoko kontzentrazioetan. Isurketa horiek kontrolagabeak ziren, funtzionamendu arazo baten ondoriozkoak. Zorionez Euskal Herrian ez dugu zentral nuklearrik, baina batzuek diote Lemoizko zentral nuklearraren eta mendietan jartzekotan diren eolikoen artean, Lemoizko zentrala aukeratuko luketela. Pentsatu nahi nuke hori adieraztean ez dituztela kutsadura erradioaktiboaren ondorio guziak gogoan, bertzela iritzi pixka bat ezberdina izanen luketela.

Kontakizun zaharkituak

Mundu berri honen ezaugarri deserosoekin, oraingoz gure erreferentziak ez datoz bat, ez herriko erreferentzia tradizionalak, gutiago ere XX. mendeko bizimoduen industrializazioak ekarritakoak. Azken horiei dagokienez, aurreko batean aipatzen nuen XX. mende bukaerako globalizazioak denboraren hautematea makesten duela, kontsumoaren zentraltasunaren bidez betiereko orainaldi mugagabe baten ilusioa elikaturik, beraz etorkizunik ote dugun ezin sumaturik. Horrek askori nostalgia pizten digu, baina konponbidea iragan irudikatuan aurkitzea bertzelako ilusioa litzateke.

Janbattit Elizanburu idazle saratarrak XIX. mendean idatziriko Nere Etxea (« Ikusten duzu goizean ») kantua oso ezaguna bilakatu da Euskal Herri osoan, hainbat besta eta afaritan kantatzen da gogoz. Abesti horrek Lapurdin (eta Euskal Herriko isurialde Atlantikoan) oraino oso zabaldua den sentimendu bat adierazten du: landa eremuko bizimodu tradizionalak ekarritako poza. Dena bere tokian, dena polit, dena pozgarria: etxea, horren jabetza ezberdinak, familia, eta horren guziaren jarraipenerako eguneroko lana, aurreikusgarria, inoiz aldatuko ez den oreka ezin hobean. XIX. mendeko erromantizismotik elikaturiko Euskal pizkundekoa zen Elizanburu. Lurralde osoko foruak erabat galduak ziren garaian (Iparraldean 1789tik eta Hegoaldean 1876tik) eta Napoleon Bonapartek pizturiko gerrek Euskal Herria gogorki zauriturik, mugimendu kultural horrek euskal nortasuna suspertu bai baina Euskal Herriaren iruditegi mitifikatu bat elikatu zuen ere, hainbat eta hainbat euskaldun erbesteratu behar izan ziren XIX. mende txiro eta prekario hartan.

Adabakien eskala iharduki

Gaur egun eguraldi gero eta desegonkortuetan eta lur azpian garatu zaizkigun mehatxuekin, lau haitz handiren erdian inoiz aldatuko ez den oreka gozo bat irudikatzeak laguntza baino oztopo gehiago ekar diezaguke.

Joan den uztailean, Jenofa Berhokoirigoinek Anna Tsing antropologoaren azken liburua aipatzen zigun ARGIAko zutabeetan(6), eta Tsingek argiki erraten digu: « Ura, airea eta elikagai osasungarriak izatea berez doala uste duen mundu batean bizi gara. Baina hau guztia ez doa berez horrela, eta lokalki gero eta gehiago suntsitzen ditugu posibilitate-baldintzak. Kasu honetan ere, Donna Harawayri [filosofo amerikarra] hartzen diodan ideia zera da: eragin ditugun gauza beldurgarriak gertutik begiratzera behartu behar dugula uste dut, eta hondamendia kontenplatzera ohitu behar dugula« .

“Natura berria” erraten dio joan diren bortz mendeetako(7) ustiapenak bertzelakotu duen ingurune naturalari, eta “adabaki” kontzeptua erabiltzen du, ez “petatxu” esanahiarekin, baizik eta toki zehatz batean dinamika bereziek sorturiko bazter eta baldintzak izendatzeko, ingurukoengandik ezberdinak izan daitezkeenak. Mota ezberdinetako adabakiak dira, batzuk kutsadurak edo suntsipenak zehazturik baina bertze batzuk dinamika positiboagoak aterpeturik. Tsingek dio adabakiak begiratzeak ahalbidetzen digula non elkarrekin lan egin dezakegun ikusteko, nortzuk ditugun aliatuak eta nola jardun eraso guzi horien aurrean. Koalizioaren bidezko politikak garatzera gonbidatzen gaituela dio. « Adabakien eskalan jardun daiteke eta erantzukizunak identifika daitezke, eta horrek balio digu fenomeno globalen aurrean inpotente sentitu beharrean« .
Iraganeko normaltasuna itzuli dadin igurikatu baino, adabakien eskalan eraiki eta sendotu dezagun gure lurraldea, eta eraikitze lanean gure adabakiei buruzko kantuak sortu.

(1) Diagnostic de vulnérabilité au changement climatique de la Communauté d’agglomération Pays Basque. Elkargoko webgunean eskuragarri.
(2) Bitxiki Senhans eskualdea gehitu dute analisian, baina tira, Baionako periferia izanik Euskal Herritzat jo dezagun
(3) https://zabortegiak.ekologistakmartxan.org 
(4) https://labur.eus/zabortegiak
(5) https://www.criirad.org/03-12-2025-rejets-non-maitrises-de-tritium-toutes-les-centrales-nucleaires-concernees/
(6) Anna Tsing: kapitalismoaren hondamendietako bizirauteak aztertzen dituen antropologoa. ARGIA 2928
(7) Espainiak, Frantziak, Ingalaterrak eta Portugalek mundua kolonizatzen hasi zirenean kokatzen du maila handiko suntsipenen hasiera

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Laisser un commentaire

Votre adresse e-mail ne sera pas publiée. Les champs obligatoires sont indiqués avec *