
Laurogeita hamar urteak bete ditut iragan uztailean. Erretretaren adina hona non dukedan jina. Artikulu hau sail honetako azkena dut. Hain luzaz irakurri nautenak eskertzen ditut beren pazientziaz. Eskerrak oroz gainetik Zeruari eta lurrari: bizi luze bat eman didate, franko betea, eta horrekin fedea, esperantxaz aberatsa. Haatik, zenbatnahi luzaturik ere, jende baten bizitza laster doa, eta ber denboran arranguraz ere aberats da. Ene lau urteetan hasi zen bigarren mundu gerla handia, lazgarria. Etxean ez zen besterik aipu, eta beldurrean bizi nintzen.
Orain berriz ber kezkan bizi naiz Europako atean piztu diren gerlekin, Ukrainan eta Palestinan, mundu zabaleko beste guduka ugariak ahantzi gabe. Genozidioak ere gertatzen ari dira han eta ²hor isilka. Munduko buruzagi handinahi, anbizios, urgulutsuek noiz ote zentzatu behar dute? Autokratak nagusitzera doatzi edonon, eskuin muturreko indar bortitzekin batera.
Beste kezka latza, klimaren berotzea. Zenbaitek ez dute horretan sinetsi nahi, baieziz eta lehen ere gertatzen zirela beroaldiak. Ez eni erran lehenago nola zen. Zaharrenetarik izanez, beste gehienek baino uda gehiago ikusia naiz, eta klarki erran dezaket lehen ere gertatzen zirela holakoak, haatik ez hain usu ez eta hain luzaz. Maluruski jakintsunek arrazoi dute, probak hor daude, guk ere zentzatu behar dugu, ahal duguna egin berotze horren eztitzeko, eta luzatzen deno buru eman biziera egokituz.
Berotzeaz beste kalterik egiten digu bizitzeko era nasaiak: bazterrak xehatzen eta zikintzen, bereziki ximiaz kutsatzen. Pozoiak eta plastikoak orotan sartu dira, urean, lurrean, airean eta ñiñien buruan ere. Energia garbietara igaraten hasiak gara, haatik ez aski zalu, laborantza garbirat halaber, baina horretan ere baratxegi. Gainera ondasun naturalak, burrustan gozatzearen bortxaz xuhurtzen ari zaizkigu, hala nola ur ona eta harea: horretan ere zentzatu behar.
Jendea orain oso zatiturik ikusten dut, bederazkatua, ene ustez bederen ez nahitara. Gaurko bizitzeko erak ez ote gaitu horretara behartzen? Etsenplutako kanpañan ere, bakoitza bere autoan edo trakturrean hetsirik, elkar kurutzatzen dugu eskuaz keinu bat eginez agurtzeko. Noiz eta non elerraten dugu? Zenbaitek bederen saltegian, asteko erosketen egitean, eta/nonbaiteko elizan asteburuko mezan ibiltzen garen xahar eta erdi xahar apurrek.
Jende gaztea eta erdi gaztea elizatik urrundu da, salbu ehorzketa mezetako: izigarri ederrak dira, haatik arruntekoak berdin eder izaten ahal lirateke jende askoren presentziarekin, baita eüskara gehiagorekin, zeremoniak zinez alegeratzen eta berotzen baititu. Eüskal Herria urte gutiz paganotu zaigu Frantziaren atzetik, eta ber denboran haurrik gabetu. Europako demografia txarrena dugu. Aberriaren indartzeko era hitsa!
Puntu premiatsu batean bederen baikorki utziko zaituztet: euskal gogoak zinez aurrera egin du azken hamarkadetan. Aitzinamendu horren seinaleak asko dira. Adibidez ikusi berri dugu Barkoxeko pastoralak erdietsi duen arrakasta Iparraldeko euskal mugimenduaren historia ospatzean. Ez du aspaldi sekulako jorraldiak jasan beharko zituen, eta hor ez dut holako denmendrenik sentitu.Gainera gazte denborako borroketan etsai gogorrak genituen batzuk orain arrahaurren ikastolara laguntzen ikustea, oi zer plazera! Esperantza begiratu nahi dut, bizi honetako bezala besteko ere, inch Allah!
