
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Uda bero honetan, FLNC korsikar erakundeak bazterrak inarrosi ditu eta inarrosiko seguraz ere datorren sartze politikoan. Prentsaurreko batean, hau argitaratu du: « Korsikako herria mende askotako herria da, inbaditzaile guztien aurkako erresistentzian iraunkorki mantendu dena, eta, beraz, berriro diogu inoiz ez dugula onartuko inolako komunitaterekin asimilatzea, izan dadin destino komunitatea ala uhartekoa. »
Destino komunitatearen nozioa plazaratu zuen erakundeak 1987. urtean; zehazten zuen Korsikan bizi zen norbait, jatorrizkoa ala kanpotik etorria, tokiko hizkuntza eta kultura errespetatzen zituen ber, korsikar bezala kontsideratzen zutela.
Iduri luke orain beste prozesu batean kokatzen duela bere borroka. Aipatzen du arribatze masiboa gertatzen ari dela, 5.000 jende instalatzen baitira urtero uhartean. Iturri edo analisi batzuek azpimarratzen dute FLNCk nahasten dituela klase sozioekonomiko desberdinetako jendeak: nekezian diren jendeak eta bigarren egoitzak erosten dituzten aberatsak.
« Destino komunitate bakarra dugu, Euskal Herria aldarrikatzea, mendi gain batean bagina bezala oreka mantenduz. Euskal identitatearen oinarrizko elementuak arraberrituz eta aldi berean, mugarik gabeko herria egotea. »
Aldi berean, erakundeak zehazten du bere ideia berria ez dela eskuin muturrak defenditzen duen ideologia hetsia. Esplikatzen du korsikar populuak ezin duela bere bizi moduaren kordokaraztea onartu, hari horretarik datozen gehiegikeriak aipatuz. Boterean dauden « autonomistek » destino komunitatearen nozioa goraipatzen ohi dute, FLNCren prentsaurrekoak korsikar abertzaleen arteko desadostasunak agerian ezartzen dituelarik. Aipatu behar da ere FLNCk zalantzan ematen duela Frantziako legebiltzarrak heldu den udazkenean bozka lezakeen autonomia proiektua.
Ez bagara egoera arras berdinean, argi da nolabait korsikar problematikarekin eztabaidak edo iritziak agertzen direla Euskal Herrian. Sinbolo gisa aipa dezakegu Andoni Ortuzar jeltzaleak erabili dituen hitzak, euskal naziotasuna atxiki behar dela erratean. Mundializazioak oinarrizko printzipio edo errealitate batzuk mugiarazten edo kanbiatzen ditu.
Ipar Euskal Herrian, hainbat seinale baikor agertzen dira; aldi berean, entzuten da gure auzoak edo herriak aldatzen ari direla, pentsa daitekeela batzuetan gure bizi modua (euskararen erabilpena, mistotasun soziala, ingurumenaren zaintzea) aldatzen edo desagertzen ari dela. Eskuin muturraren gorakadaren eta gure identitateak bizi duen arriskuaren aitzinean, zalantza edo duda guzien gainetik, destino komunitate bakarra dugu, Euskal Herria aldarrikatzea, mendi gain batean bagina bezala oreka mantenduz. Euskal identitatearen oinarrizko elementuak arraberrituz asimilazioa edo desagertzea saihesteko eta aldi berean, mugarik gabeko herria egotea egin ahala jenderi gure proiektu politikoaren eta orokorki gure identitatearen aberastasuna eskaintzeko.
