
Azkenaldian bizi dugun giro bortitz eta autoritarioa, ez da ikasle edo langile batzuen afera bakarrik; ez eta klima politikoak soilik eragindakoa ere. Indar armatuengandik bortizkeriak goiti egitearekin batera, indarkeria hauspotzen duten mezuak nonahi ditugu. Eta horrek maila guztietan eragiten du. Patriarkatuari komeni ez zaizkion bizi ereduak, genero eta identitate disidenteak, etorkinak, eta nola ez, emazteak, jopuntuan ezartzen dituelarik oraino nabariago. Botere gehiegikeria, jendarteko ehun guztietaraino trenpatzen ari da; baita etxeko sukalde eta ganberetaraino ere. Eta lehendik bortizkeria edota zapalkuntzazko giroetan zeuden emazteen egoeren gogortzea ekar lezake.
Horren adibide dira irailean Emakundek ateratako datuak: 2026ko lehen 8 hilabeteetan, Euskal Herriko zazpi probintzietan, 3000 emazte baino gehiagori eraso egin diete haien bikotekide edo bikotekide ohiek.
Zenbakietatik haratago, icerbergean ikusgarrien diren kasuez gain, has giten hor pean, egunerokoan deus ez balitz bezala jasaten ditugun beste hainbat zapalkuntza eta bortizkeriei buruz mintzatzen. Horiek guztiak egiten dituztenen anaikeria eta inpunitatea ere aipa dezagun.
Edo ono pentsatzen duguia, emazteen kontra bortizkeria baliatzen duena (eskuz, hitzez edota jarreraz), ertzo edo basa bat dela? Edo etxetik urrun gertatzen diren zoritxarrak direla?
Zoin errexa den urruneko erailketa matxista baten salatzea. Eta zoin zaila den erasotzailea « hurbilekoa » delarik seinalatzea. Emazteak gutiesten, baztertzen, kontrolatzen edo bere posesio gisa tratatzen dituena, gure auzo, lankide, elkarte-kide, lagun edo senidea denean, ez duguia gehiago dudatzen, arrazoin bat xekatzen, zerbaitekin justifikatzen edota erasoa gutiesten? Horrek ono zailtasun gehiago ezartzen dizkio emazteari, zapalkuntza eta bortizkeria egoera partekatu eta laguntza eskatzeko.
Inpunitateak hor hasten dira! Denek elgarrekin isiltasun hori hautsi behar dugu! Beraz, azaroaren 25ean Larzabaleko itzulgunean elgarretaratzea eginen dugu eta ondotik, “Puzzleak, bortxaketaren jauregia” laburmetraia eta solasaldia ukanen dugu Ezpeletenian.
Egoerak itzulikatu daitezkeenaren adibideak baditugu, beraz sinets dezagun gure ahaletan!
Indarkeria guzti hauen aintzinean, sareak ehunduak ditugu, begiak irekiak eta EZ GITXU LO!
EZ GITXU LO


par