Azia, gazte-proiektuak hozitzen

PrintFriendly and PDF
Aziako bulego kide ta zonbait laguntzaile .

Aziako bulego kide ta zonbait laguntzaile .

Azia elkarteak, 1998tik geroz, Xiberoan tokiko gazteen inplikazioa sustatzea du helburu, eta iniziatiba, trukaketa eta irekidura gune izatea. Gogoetaren ale honetan Laure Etcheberriborde eta Bettan Jonnet Aziako kideei hitza ematen diegu, elkartearen gaur egungo ezaugarrien hurbiltzeko eta duela guti egin duten “Xiberotar gazteriaren beharren” ezagutzeko inkestaren berri ukaiteko. Hara Xiberoan gazte dinamikaren indartzeko jorratuak diren zonbait bide.

Azia elkartearen aurkezpen labur bat egiten ahal diguzue?

Azia, 1998an sortu gazte alkarte bat da, gazteendako ari dena. Gazte guziei idekia da: ikasleei, langileei, lanik gabekoei. Elkartea sortu den garaian, ez zenez deus eginik gazteendako Xiberoan, elkarteak nahi izan du erakutsi gazteei Xiberoan bizitzen ahal ginela eta lana atzematen ahal zela gure lurraldean. Aziak bere lurraldean xiberotar gazteen inplikazioa sustatzea du helburu, eta iniziatiba, trukaketa eta irekidura gune izatea.

Xiberotar elkarte hau Atharratze-Sorholüzen kokatzen da, bulegoak betako Zerbützügunean direlarik.

Gaur egun zein dira Azia elkartean zuen lan sail nagusiak?

Proiektu anitz burutauak izan dira orain arte. Gaur egun proposatzen ditugun zerbitzuak hauek dira:

LGLGA (Leküko Gazteen Lagüntzeko Geinazalen Alkartea, frantsesez CLEJ edo “Comité Local d’Épargne pour les Jeunes” bezala ezagutua) Lan eskeintza, aloiamendu eskeintza, AIGA (animatzaile izateko gaitasun agiria) eta formakuntzen egutegia, Xiberoko ofizioen gida libürüa, Interneta dohainik, Ikastaldi hitzarmenak, etab. Gurekin partaidetzean arizaiten ahal dira ondoko egiturak: ODACE alkartea, Euskal Elkargoa, Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua, Akitania Berria eskualdea, Departamendua, Estatua, Xiberoko Herriak, Xiberoko enpresak, Pôle Emploi, hainbat elkarte, etab.

Gazteei buruz itzuliak diren lan sail guzi horien kudeatzeko, elkarteak animatzaile postu bat badu eta 6 kideko bulego bat. Proiektu ezberdinetan 15 laguntzailek parte hartzen dutelarik.

Zehazten ahal diguzue duela guti plantan eman duzuen “Xiberotar gazteriaren beharren” ezagutzeko inkesta? 

Xiberoko gazteriaren inkesta, Bettan Jonnet-ek plantan eman du. Bere ikastaldia Azia alkartean egin duen Bettan, Mugron-eko eskolan da eta BTS “Développement Animation des Territoires Ruraux” saileko bigarren urtean da. 12 astez elkartean arizan da.

Bilkura batetik landa proposatu du inkesta baten egitera ikusteko gazteen beharra zertan den Xiberoan.

Inkesta horrekin pentsatu da, gazteen beharren ezagutzea, eta Aziak behar horiei erantzunak emanez geroz, gazteen parte hartzea elkartean eta lurraldean handitzea.

Hots, dinamika berri bat ekartzea, proiektu berriekin. Inkestak gazteei galdatu du besteak beste zein diren trabak lurraldean aktibo bilakatzeko eta zertan Aziak elkarteak laguntzak ekartzen ahal dituen…

Nolako parte hartzea segurtatu duzue inkesta horretan?

16/35urte arteko Xiberoko gazteek arrapostua emateko parada ukan dute. Orotara 136 arrapostu lortu ditugu: 16/35 adin tartekoen % 8ko laginara helduz INSEE-ren bidez lortu datuen arabera.

Inkesta hori gure Facebook gunean partekatu dugu, eta Bettan gazteen gana joan da galderen pausatzeko. Ikuspundu kalitatiboa barnatzeko bederatzi elkarrizketa egin ditu Bettanek, Xiberoko Besta Komiteko lehendakari batekin, baserri mundua eta gaztea gaia jorratzen duen antorpologiako master bateko ikasle batekin, Mission Locale-eko langile batekin, Berritza kultur elkarteko lehendakariarekin, Maulen gazteria eta kirola sailaren arduradunarekin, Departamentuako langile batekin, etab.

Zein izan dira lehen ondorioak?

Galdetegiei eta bideratuak izan diren elkarrizketei esker identifikatu ahal izan dira “Xiberoko gazteen beharrak” bai eta behar horiei erantzuten ahalko luketen hainbat gomendio, hainbat arlotan.

Garraioaren arloa, Xieroan oztopo nagusi bat da, lurraldea zabala delako eta garraio publiko gutti badelako gazteen mugikortasuna errazteko. Alabaina, baserri gunean, autoaren erabilpena ezinbestekoa da kasu ainitzetan.

Galdeketaren arabera, gazteen %39ak ez du parte hartzen jardueretan dinstantziaren gatik. Ondorioz, herri batetik bestera garraiatzeko molde kolektiboaren ideia landu behar litaike, gazteen elkar guneetara (zentro, Gaztetxe, etab.-etara) jardueren egiteko mugikortasun kolektiboa (joan-jinkari,etab.) ahalbidetzeko.

Komunikazioa biziki garrantzitsua da gazteengana heltzeko, hainbat jardueretara hurbiltzeko gomita luzarazteko. Azia elkarteak behar ditu bere komunikazio tresnak egokitu gazteriak sare sozialetan erabiltzen dituenei. Adibidez, Aziak Instagram sareari behar luke lotu bere mezuen edukia egokituz (proiektuen berri emanez). Orain arte Facebook-en bidez luzatzen dituen mezuak indartzeko lagungarri izaiten ahalko da, gaur egun gazteria gehiago hunkitzen baitu Instagram-ek.. Ikusi dugu gazteek informazioa izaten dutela sare sozialen bidez, baina informazio anitz badenez, hartzaileak itotzen edo galtzen dira. Pentsatzen dugu gazte bati emaiten baldin badiogu informazioa molde ahal bezain zuzenean eraginkorragoa izanen girela.

Kultur jardueretan parte hartzeko paradak biderkatzea. Gazteek beren artean gehiago ezagutzeko denbora hartu behar dutela agertu da. Egunean zehar kulturaren eta kirolaren inguruko jarduerak eginez eta ez bakarrik arratsetan pesten bidez…

Bettan Jonnet, Liginagan, 2021eko urriaren 15ean bere inkestaren ondorioen presentatzen

Bettan Jonnet, Liginagan, 2021eko urriaren 15ean bere inkestaren ondorioen presentatzen

Euskal kulturaren ezagutza zabaldu behar da, gehiengoak parte hartzeko parada ukan dezan eta ez bakarrik ohitura eta esperientzia gehien dutenek.

Galdeketaren erantzunen arabera, kultur arloan ekiteko ohitura eta beharra ia % 60ak azpimarratu du. Ondoriz, Aziaren partaideak prest dira arlo hortan proiektu baten plantan ezartzeko bideen jorratzeko.

Bestalde, Xiberotar gazteendako hezkuntza arloko orientabideek eta formakuntza ezberdinek ez dute aski konduan hartzen Xiberoaren gaur egungo errealitatearen egoera. Xiberoko ofizio eta aktore sozio-ekonomikoen foro baten plantan emaiteko beharra agerikoa da. Bertan lurraldeko aktore guziek beren aurkezteko parada ukan dezaten. Xiberoan eta baserri munduan bizitzen ahal dela, gazteen gaitasunak eta diplomak baloratuz, erakusteko beharra azpimarratu da.

Aziak, gazteei beren bizitza sozial eta profesionalean eragile izateko aukera ematea xedetzat duenez, horretarako, gazteendako formakuntza eta informazioa sustatzea inportantea da. Horren bidez, gazteen proiektu pertsonal eta profesionalen deskubribtzean eta eraikitzean laguntza ekartzen du Aziak.

Azkenik, elkarrizketetan etxebizitzaren gaia usu agertu da. Aloimenduen eskasteak eta alokairuen prezioen igotzeak, gazteei etxebizitzaren atxemaiteko arazoak sortzen dizkie. Zinezko arazoa bilakatu da eta Xiberoko bizian gazteriak parte hartzeko, aterabide bat aurkitu behar da etxebizitzarentzat. Lehen urratsetan, Xiberoan gazteendako egokiak eta eskuragarri litaizken etxebizitzen aurkibide bat sortzea lagungarria izaiten ahal da.

Zuzeneko elkarrizketetarik ere ideia zonbaitzu etorri dira ?

Hein batean bideratuak izan diren elkarrizketa kalitatiboetan, galdera ireki eta idealista bat egina izan da: material eta finantza arloko mugarik gabe, zein proiektu garatuko zenituzke Xiberoan?

Galdera honi ekarriak izan diren erantzunetan, hainbat proiekturen ideiak atera dira:

-Elkarteen etxe bat edo kulturari eskainitako eremu anitz bat. Bertara kanpoko eragileak ekartzeko beren obraren lantzeko eta tokia trukaketa eta partekatze gune bat bilakarazteko. Horrek lurraldeko aktoreekin molde saretuan lan egiteko paradak biderkatuko lituzke, loturak eta nahasketak indartuz publiko ezberdinen artean…

- Urririk edo prezio apalean diren aktibitateak lagun, gazteak elkarretaratzeko paradak biderkatuko dituen gazteen topagune bat.

- Prekarietatean diren pertsonendako larrialdi eta aldi baterako etxebizitzak plantan emaitea.

-Autoaren erabilpenaren dependentzia handiegia da, eta ondorioz behar litaizke beste mugikortasun molde batzu landu (bizikleta elektrikoa edo auto-partekatzea Xiberoan).

-“Gazte parlamentu” formatua lukeen asteburu bat antolatu gazteen beharrak plazaratzen segitzeko. Besta girokoa litaiken asteburuan, animazioek, bilkura parte-hartzaileek problematikak eta aterabideak argituko lituzkete.  Kasu guzietan, argi da gazteen iniziatibaz eta talde lanaz definitu proiektu eta ekintza ardatz nagusiek, mobilizatzeko gaitasun eta gauzatzeko parada gehiago eskaintzen dituztela.

Gazteriaren beharrei erantzunak atxemaiteko dinamika hortan, zein dira Aziak plantan emanen dituen ondoko urratsak?

Inkestaren karietara eraman diren elkarrizketetan ohartu gira lurraldan gutti saretua edo sartua den hainbat gazte badela. Ber maneran, kultur ekitaldien indar bateratzailea agerikoa dela ere erakutsi dute erantzunek. Ondodrioz, euskal kulturaren arloko jardueretan gazteen parte hartzeko parada sustatzeko beharra ikusi dugu integrazioa errexteko. Horregatik, Aziak Mission Locale eta Berritza (gazteei proiektu kulturaletan parte hartzeko gogoa sustatzen duen elkartea) bezalako egiturekin elkarlana interesantea ikusten du. Bide horren jorratzeko, 3 elkarteen lehen topaketan parte hartu duten gazteei galdegina izan zaie euskal kulturan zein arlo interesatzen zaizkien. Ondoko urratsetan, gazteekin bilkura berezi bat antolatuko da, zer proiektu zehatzetan arizan nahi duten. Helburua da beste gazte batzu Aziara hurbiltzea, elkartearentzat dinamika berria sortzeko parada emanez.

Gisa guziz, eztabaida eta elkar-trukaketen bitartez gazteen adierazpena sustatzeko xedea beti hor da Azia elkartean. Ondorioz, nahi ginuke inkesta honen beste presentaketa bat antolatu urtarrilean Pettaran (Maule edo inguruetan).

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video