
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Maiatzeko hilabete honetan izandako hainbat gertakarien artean Bateraren maiatzaren 10eko biltzar nagusiarekin ondoko urteei begirako erronka nagusi baten berrabiatzeak markatu du. Izaten dira holako hitzordu batzuk norberaren egutegian saihetsezinekoak bezala ikusten direnak, eta horietariko bat da Ezpeletan izandakoa. Orain dela hogei bat urte bezala aniztasunaren irudia da lehen lehenik ekimenak eman duena. Aniztasun politikoa alde batetik, kolore askotako ordezkari politikoekin, diputatu, auzapez zein hautetsiak bildu baitira bertan, baina bereziki azpimarratzekoak dira gizarte zibiletik hurbildutako egitura eta mugimenduen ordezkariak. Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatearen aldeko dinamika berri horrekin egungo Hirigune elkargoa bezalako egiturarekin hozka bat gorago egiteko dagoen nahia agerian jarri du beraz hitzorduak.
Instituzioaren arloan hozka bat gorago egitea ezinbestekoa ikusten baita gaur egun etxebizitza, laborantza edo soziala bezalako arloetan tokiko gizartean sortzen diren problematikei molde eraginkorrenean erantzun ahal izateko eskumen eta ahalak lortzeko.
Oro har, hitzordu horri eman zitzaion helburua lortutzat eman daiteke, baina, hala ere, bultzatu nahi den dinamikan punttutxo bat ilun gerta daiteke, hau da, irudietan zein hitzartzeetan emazteen ordezkaritza eskasari dagokiona. Horrelako ekimen bat ez baita sekula aise antolatzea, ezin zaie hori antolatzaileei leporatu, Bateraren birsortzean maiatzaren 10 horretan irudi anitza izatea bilatzen zen, baina zoritxarrez tokiko agintaritza politikoa, gehiengo handiz, gizonen esku dago gaur egun oraindik ere. Badaiteke ere emazteek zilegitasun ezaren sentimenduaren ondorioz ez nahi izana lehen lerroan jarri, eta, alde horretatik gure gizarteak bultzatzen duen ereduak du erantzukizun osoa.
Hautetsien genero aniztasuna ondoko 2026ko herriko hauteskundeetan aldaturik agertuko zaigula esperantza atxikiko dugu buruan. Gogora dezagun, 2020ko herri hauteskundeetan Garapen Kontseiluak Hirigune elkargoan parte hartzen duten hautetsietan eta bereziki exekutiboan parekotasuna errespetatzearen aldeko deia zabaldu zuela. Hainbat eremu eta elkartetan emazteek gero eta indar gehiago hartzen ari diren une honetan, eskakizun hori 2026an berriz ere mahai gainean jartzeko beharra ageri zaigu irudi modernoago batekin kaleratzeko. Sufragio unibertsalaren bidez aukeraturiko lurralde kolektibitate batek parekotasun osoa ahalbidetuko lukeela argi da. Alde horretatik instituzio berriaren aldeko aldarrikapenean argudio berri hori gehitzen ahalko zaio jakinez 2019an Hirigune Elkargoko hautetsien %23a soilik zirela emazteak.
Sufragio unibertsalaren bidez aukeraturiko lurralde kolektibitate batek
emazteen eta gizonen arteko parekotasun osoa ahalbidetuko lukeela argi da.
Gure lurraldeak bai eskumenetan baina baita genero errespetuan ere merezi duen heineko instituzioa ukaiteko guztien esku hartzea beharko da, gazte, heldu, zahar, emazte zein gizonena.
Maiatzaren 10ean lortu da helburu horretan lehen harri bat jartzen. Ondoko harriak gehitzen joanen zaizkio, gizarte osoaren indarrak baturik zinezko Ipar Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatearen eraikin berritzailea zutik jarri arte.