Deiadar

PrintFriendly and PDF

Deiadarra joa zegoen, eta euskaltzaleek indartsu erantzun diote Baionako karriketan. 7.000 lagunek irrintzi ozena egin dute, «Parisen entzun de-zaten euskaraz bizi nahi dugula». Euskal herritarren hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko, euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko, euskararen ofizialtasuna, lege eraginkorra eta Frantziak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetzeko eskatzen zuten Deiadarraren antolatzaileek. Euskal Konfederazioak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak herritarrek emandako indarra nabarmendu dute. Parisek horri erantzun beharko diola nabarmendu zuten.
Egun handietako giroa zegoen Baionako karriketan manifestazioa abiatu aitzin. Euskalgintzako eta kultur arloko eragile anitz zeuden bertan, bertzeak bertze, Juan Mari Torrealdai, Sagrario Aleman, Aurelia Ar-kotxa, Beñat Oihartzabal, Xarles Bidegain, Daniel Landart, Koldo Tellitu, Iñaki Lasa, Garbiñe Petriati, Pantxua Carrère edo Erramun Baxok. Arduradun politiko ugari ere bai, hala nola Alain Iriart, kontseilari nagusia, Christine Bessonart, Hautetsien Biltzarreko presidentea, Martine Bisauta eta Jean-René Etchegaray Baionako hautetsiak, Roland Hirigoien Aturri-Errobi Herri Elkargoko presidentea, Laurence Hardouin, Peio Etxeberri-Aintxart eta Anita Lopepe EHBaiko ordezkariak eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria.
Nabarmena izan zen alderdi sozialistako arduradunen presentzia, han izan baitziren Frantxua Maitia Akitaniako kontseilaria eta EEPko burua, Frederique Espagnac Frantziako senataria eta Kotte Ezenarro Kontseilu Nagusiko presidenteordea.
Manifestazioa Xaho kaiko plazatik abiatu zen. Euskalgintzako ordezkariek Euskara, eskubide bat, lege bat zioen banderola bat zeramaten manifestazio buruan. Horren gi-belean, Koadro legala hizkuntza politika ausarta egiteko, euskararen ofizialtasuna eskatzen zuen Deiadar kolektiboaren banderolak. Gibelean hautetsien banderola, eu-skararen ofizialtasuna eskatuz.
Kontaezinak ziren haien gibelean ikastola eta herri bakoitzak egindako sostengu banderolak. Euskaraz bizi nahi dut ziotenak. Manifestazioko lelo ofizialei zentzu osoa ematen zion eskari argia. Baionako karrika nagusien itzulia egin zuen manifestazioak, eta Xaho plaza amaitu zen. Bertan egin zuten bukaerako hitzaldia. Bukatu zelarik hitzaldia, oraindik heltzen ari ziren gibeleko partean zihoazen manifestariak.

Markak hautsi
Atzoko mobilizazioan izandako parte hartzeari erreferentzia eginez, Ipar Euskal Herrian euskararen alde egin diren manifestazioetako «marka guztiak» hautsi zirela nabarmendu zuten Pantxika Maitiak eta Paul Bilbaok, Euskal Konfederazioaren eta Kontseiluaren izenean.
Frantzian euskarak eta halako hizkuntzek ez dutela oraindik ezagupenik nabarmendu zuten. «Alta, beste edozein hizkuntza komunitatek bezalaxe, euskaldunok baditugu hizkuntza eskubideak». Deiadarreko leloetan egindako eskariez gain, alegia, euskara ofiziala izatea, Frantziak Hizkuntza Gutxituen Aldeko Ituna izenpetzea eta eragile bakoitzaren eskubideak eta betebeharrak finkatuko dituen hizkuntz lege eraginkorra bozkatzea eta indarrean jartzea, Deiadarrean bildutako jendeek normaltasun osoz euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen zutela azpimarratu zuen Bilbaok. «Euskara berezkoa da gure herrian, estatus ofiziala eman behar zaio, lehentasunezkoa egun duen egoera gutxituari amaiera emateko, baita eta ezagutu beharrekoa ere», gaineratu zuen.
Hizkuntz eskubideen urratzeen adibide ugari daudela gogoratu zuen Pantxika Maitiak, bertzeak bertze bi adibide eman zituen. Batetik, ikasketa prozesu osoa euskaraz egin ondoren baxoa frantsesez egin behar duten ikasleena, eta, bestetik, euskal hedabideek diru laguntzak emateko garaian pairatzen duten diskriminazioa, lana euskaraz egiteagatik. Egoera hori gainditu ahal izateko lege baten beharra dagoela nabarmendu zuen Maitiak. «Lege babes horrek euskaldunok pairatzen ditugun diskriminazioen bukaera ekarri behar du».
Frantsesa erabilia eta garatua den heinean euskara garatu eta erabili behar dela erran zuen, bizki publikoko arlo guztietan. Horrela, herritarrei hizkuntz eskubideak onartuko dizkien legea eta botere publikoei betebeherrak finkatuko dizkien legea beharrezkoa dela azaldu zuen.

Urrats bat
Bilbaok eskerrak eman zizkien bildutako herritar eta hautetsiei. «Gaur egungo manifestaldia euskararen berreskurapen osora eramanen gaituen bidean beste urrats bat baino ez da», ohartarazi zuen. Botere publikoei dagozkien eginkizunak betetzeko deia egin zien, eta hori lortzeko bermerik handiena herritarren mobilizazioa dela nabarmendu. Manifestazioan egon ziren arduradun politikoei eskari zehatza egin zieten. Bakoitzak bere mailan, eta diharduen erakundetik hasita, euskararen irakaskuntzan, transmisioan eta eguneroko bizian erabili ahal izateko neurrietan eragitea eskatu zieten. «Euskararen geroa gure eskuetan dago».

A. R.
Berria.info

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video