Desazkunde turistikoaz, gehiengoaren bizi baldintzak hobetu

Asier Basurto, BiziLagunEkin plataforma
Asier Basurto, BiziLagunEkin plataforma

“Donostian, azken urteetan etxebizitzaren gaia pilpilean dela agerian da. Besteak beste, turismoaren garapenak bertan «Auzoak nahi ditugu, ez eta gurpildun maleten joan-etorriak» bezalako formula eta gogoetak indartu eta zabaldu ditu. Etxebizitzaren gaiaren erronka ekologiko eta sozialak hobeki ulertzeko, Bizi! eta Aldak antolatzen duten Formakuntza Egonaldiaren karietara, uztailaren 15ean, ostiralez, 20:30ean, Mugerre Elizaberrin iraganen den « Airbnb kanpora! » hitzaldian parte hartuko duen BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformako Asier Basurto kideak,  Gogoetaren galderei erantzuten die jarraian.

Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataforma muntatu da Donostian Turismo ereduak herritarren bizimoduan sortzen dituen ondorioekiko kezka partekatzeko. Zein da Donostian bizi den egoera eta zer aldaketa agertu diren azken hamarkadetan?
Donostian aspalditik ezagutu dugu Etxebizitzaren arazoa. Betidanik izan da hiri garestia, etxebizitzen prezio altuarekin. Historikoki alokairu merkatua oso ttikia izan da Donostian. Bertan, kultura gutti da etxea lokairuan hartzeko. Jendeak lehen bai lehen erosteko pausua egiten du. Bankuek errextasunak ematen zituzten hipotekentzat… hilabeteko alokairuen prezio berdintsuan etxea erosteko ahalmena emanez. Gero 2008ko krisitik aitzina, gauzak aldatu dira: bankuek hipotekak emateko baldintzetan eta hiriaren turistifikazioaren arloan sekulako urratsa eman delarik azken 7 urteetan. Donostia Europako Kultur Hiriburua izan da 2016an, eta aitzaki horrekin sekulako propaganda-ariketa egin da diru publikoz bultzatua Nazioarteko aldizkari, foro, konferentzia eta azoketan, bai eta munduko turismo-eragile nagusien artean. Nolabait Donostia beti hiri turistikoa izan den bezala, azken 5-7 urte hauetan, pauso berri bat etorri da, turisten profila aldatu delako. Garai batean espainiar, frantziar Estatuetatik eta Europako hurbileko herrialdeetatik heltzen zen turismoa Donostiara. Azken 5-7 urteetan Estatu Batuetatik, Japoniatik, eta beste herrialdeetatik etortzen diren turistak nagusitu dira eta beste maila ekonomiko bat dute horiek. Hiriaren ohiko prezioak eta baita ere etxebizitzaren prezioak erabat hankaz gora ezarri dituzte eta jasan ezin ezarri dituzte bertako biztanleentzat. Horrekin batera etorri da eraikin asko hotel bihurtzea eta bestalde Airbnb eta apartamendu turistikoen fenomeno guzia. Horrek guziak, lehen zaila zen zerbait ezinezko bihurtu du jende talde handi batentzat.
Azken urteetan lehen aldikotz agertu dira funts putreak. Bizilagunak alokairuan zituzten eraikin osoen jabe bilakatu dira. Errenten prezioa izugarri igotzeko ariketa egin dute. Errenta horretara ezin egokituz ari ziren bizilagunak kupidarik gabe kaleratuak izan dira. Instituzioek horren aurrean inpotentzia erakutsi dute ezin zutela ezer egin erranez.
Bestalde, babes ofizialeko oso etxebizitza gutti dira. Banatzen dira noizean behin eta babes eskatzaile kopuruarekin alderatu eta oso gutti dira!
Nabarmentzekoa da gaur egungo erakundeek gai honi ekartzen duten erantzun bakarra etxebizitza berrien eraikuntza aitzinean ematea dela. Inoiz ez dute espekulatzaileei mugarik emateko keinurik egiten. Beti konponbide gisa nahi dute eraiki. Jadanik diren etxebizitzekin aterabideak badirelarik, eraikitzaileen negozioa haztea da lehentasuna.

Etxebizitza gutti eta biziki kario, bai erosteko bai alokatzeko? Zer ondorio Donostiarrentzat?
Etxebizitzaren prezioen arazoak zuzen zuzenean eragin du kanporatze efektu bat. Donostiar gazteen artean batez ere. Bizi proiektu propioari ekiterako momentuan, betidanik Donostian hazi eta hezi den pertsonak ezin du hiri barnean etxe bat alokatzea edo erostea lortu, nahiz eta lan baldintza onak ukan. Soldata on batekin ez da aski etxebizitza bat alokatzeko edo erosteko Donostian. Jende asko bere ohiko auzoetatik edo komunitate harreman sare naturaletatik kanporatua izaten da eta askok hautatzen dute inguruko herrietako batean bizitzea (Astigarraga, Lasarte, Usurbil, Errenteria, Pasaia…) Hor gertatzen dena da alde batetik pertsona horiek erauziak direla beren Donostiako auzo eta komunitatetik eta iristen direla beste auzo/herri batera, beste loturarik gabe, eta askotan bizi leku hutsaren funtzioa betetzen dute bertako bizitzan txertatu gabe, Donostiar exiliatu talde handiak sortuz.

«Hiri-eredua aldatu! Donostia berreskuratu!»  manifestaldi arrakastatsua, 2022ko ekainaren 18an.
«Hiri-eredua aldatu! Donostia berreskuratu!» manifestaldi arrakastatsua, 2022ko ekainaren 18an.

Zure ustez zerbait egiten ahal da egoera aldatzeko?
Diagnostiko hau partekatu eta aitortu behar litaike. Gaur egun erakunde publiko nagusien aginteak dituztenek konexio zuzena dute etxebizitzaren espekulazioarekin, turismoaren negozioarekin aberasten direnekin, bai eta ere eraikuntza lanarekin aberasten direnekin. Inolaz ez da lehentasunen artean, herritarren artean arazo honek sortzen dituen kalteen konpontzea. Lehentasuna da negozioak segi dezala, eta handitzen segi dezala. Aldatu beharko litzatekeena da, gaur egun herritarrentzat jasan ezina dena, erakunde horientzat eta erakunde horiek gidatzen dituztenentzat jasan ezina bilakatzea… Ezin da onartu holako kalte bat, jendearen bizitza, beren bizi baldintzak eta bizi moduak, erabat baldintzatzen dituzten horrelako arazo bat. Aitortu behar da: arazo larri bat bada, erabateko lehentasuna eman behar zaio arazo larri horren konpontzeari. Konpontzeko bidean mugak ezarri behar bazaizkio alokairuen prezioari, debekatu behar bada pisu turistiko berriak ezartzea, eta nolabait desazkunde turistikora bidea hartu behar bada… neurri horiek hartzeko ordua iritsi da. Orain arteko bideak sortu dituen kalteei mugak ezartzeko, negozioari ere mugak ezarri beharko zaizkio.

Beste eredu bat posible dea?
Guk uste dugu beste eredu bat posible dela. Baina iruditzen zaigu gehiengo handiak eraikitzen ahal direla: hiri ereduaren, etxebizitzaren, turistifikazioaren gaia, etab. herritarren %100ari eragiten duten gaiak dira. Gure bizimoduak zeharkatzen eta baldintzatzen dituzten gaiak dira. Bestelako hiri eredu bat eratzeko aukera ematen dute, beste balore batzutan oinarrituz: herritarren ongi izatea, zaintza, irizpide ekologikoki jasangarriak erdigunean ezartzea… Erabakiak gehiengoaren hobe beharrez hartuz. Horren alde indar metaketa baten alde lan egiten dugu. Adibidez, ekainaren 18an bide hortatik egin manifestaldia.

Preseski, «Hiri-eredua aldatu! Donostia berreskuratu!» manifestaldi arrakastatsua zer testu ingurutan etorri da?
Donostiako hainbat auzo elkarte eta herri mugimendu elkarlanean ari gara hiri eredua aldatzeko behar larriaren aurrean. Manifestazioa egitasmo honen lehen urrats publikoa izan da, eta hainbeste herritar eta talde sozial bildu izanak elkarlan honen beharra eta zentzua erakusten du gure ustez. Oso manifestazio anitza izan zen, tokiko eta sektorekako aldarrikapen askoren bilgunea eta denetariko donostiarren topalekua.

«Hiria herritarrentzat pentsatzeari utzi diote eta interes ekonomikoak baizik ez dituzte bideratzen», zioen Miguel Angel Irazabalbeitia arkitektoak Donostian sustatzen ari den hirigintzari buruz. Salaketa horrek mamitu du manifestaziorako deialdia, herritar gero eta gehiagoren sentipena ongi laburbiltzen baitu. Horren ondorioz, Donostian eragiten ari diren kalte sozial larriak nabarmendu ditugu, etxebizitzen espekulazioan eta hiriaren turistifikazioan, kaleen merkantilizazioan, hiriaren elitizazioan, jarduera urbanistiko erasokorretan eta ondare arkitektonikoaren suntsiketan azpimarra jarriz.

BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldek odonostiarren plataforma manifestatzen.
BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldek odonostiarren plataforma manifestatzen.

Azken hileotan, bestalde, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko prozesua abian jarri du Donostiako Udalak, eta auzo elkarteek herritarren partaidetzarako bideak hutsak direla salatu dute. Elkarlanean jarraitzea da asmoa: mobilizazioaren bidetik, hiriko eztabaida publikoan herritarren arrunten kezkak ikusaraziz, erakundeei presio eginez eta diruzaleei mugak jarriz.

Beste alde, zoin dira inspiratzen zaituzten ereduak munduan zehar ?
Bizilagunekin plataformarekin baditugu munduan zehar hirien eta lurraldeen turistifikazioaren aurka borrokatzen ari diren Europa hainbat mugimendurekin harremanak. Ezagutzen ditugu jendeak Bartzelonan, Venezian, Palma Mallorcakoan, etab. Turismoak desegin dituen lurralde eta komunitateetan… Pixka bat «beranduegi den» egoera hori ezagutzen duten guneetan. Edo gu bezala «arrisku larrian» baina hemen bezala oraindik garaiz diren egoerak «mugak ezartzeko». Oso inspiratzailea da guretzat zeren «berandu baino lehen» ekiteko momentua orain dela argi da. Bestalde, neurri politikoagoei begiratuta, hor ditugu Amsterdamen eta Berlinen, konplexurik gabe, eta merkatu indarrei mugak ezarriz, erabaki politiko sendoak hartu dituztenak alokairuren prezioak mugatzeko, holako gaiak kontsulta publikora eramateko eta kontsulta publikoak egiteko. Askotan hemen «ezin dela egin» erraten digutelarik… Europako beste herrialde aurreratuetan egin da eta hori ere inspirazio iturri da.

Ipar Euskal Herriaren egoera aipatzeko, Aldak bere diagnostiko eta proposamenak plazaratu ditu eta Herrian Bizi plataformak manifestaldi handia antolatu du. Nola ikusten duzue hori Hegoaldetik?
Ipar Euskal Herrian etxebizitzaren inguruan sortu den dinamikak pozten gaitu eta identifikatuak senditzen gira. Eredugarria iruditzen zaigu hor eman den indar metaketa. Jendarteak kontzientzia hartzen du espekulazio mugimendu horiek, merkatuaren izenean, bakoitzak nahi duen etxea erosteko askatasunaren izenean, etab. mozorrotzen direla, baina zinezko espekulazio ariketak direla. Batzuri aberastasuna ematen diote, baina gehiengo handiari kalte handia eragiten diote, lurraldearen eta jendartearen etorkizuna baldintzatzen dute. Aldarekin eta etxebizitzaren inguruan egon den indar metaketa guzi hori pozgarria da. Desiratzen gaude elkarlanak estutzeko eta elkarlana egiteko edozein aukera baliatzeko asmoa dugu.

Lehen pausu gisa, Bizi! eta Aldak uztailaren 13tik 17ra Mugerre Elizaberrin antolatzen duten Formakuntza Egonaldiaren karietara, ostiralean, uztailaren 15ean, arratsez iraganen den hitzaldian parte hartuko duzu…
Bai, saiatuko gara gure esperientziatik hitz egiten. Batetik, Donostiaren egoera deskribatuko dugu eta hiriko aktoreen jokaerak zein diren kontatuko dugu. Bestetik, Bizilagunekin plataformaren ibilbidean turistifikazioari buruz barneratutako hainbat ikasgai azalduko ditugu: diskurtsoaren gainean, neurri politikoen gainean… Horrez gain, gure jardueraren ardatzen den Desazkunde Turistikoa kontzeptua xehetzen saiatuko gara, proposatzen ditugun zenbait neurri zehatz emanez. Saioan solasaldi aberatsa sortzea nahiko genuke, elkarrengandik ikasteko eta elkar laguntzeko.

 

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.
Faites un don ou abonnez vous à Enbata : www.enbata.info/articles/soutenez-enbata

  • Par chèque à l’ordre d’Enbata, adressé à Enbata, 3 rue des Cordeliers, 64 100 Bayonne
  • Par virement en eusko sur le compte Enbata 944930672 depuis votre compte eusko (euskalmoneta.org)
  • Par carte bancaire via système sécurisé de paiement en ligne : paypal.me/EnbataInfo
  • Par la mise en place d’un prélèvement automatique en euro/eusko : contactez-nous sur [email protected]

Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.
Enbatari emaitza bat egin edo harpidetu: https://eu.enbata.info/artikuluak/soutenez-enbata

  • Enbataren izenean den txekea “Enbata, Cordeliers-en karrika 3., 64 100 Baiona“ helbidera igorriz.
  • Eusko transferentzia eginez Enbataren 944930672 kontuan zure eusko kontutik (euskalmoneta.org-en)
  • Banku-txartelaren bidez, lineako ordainketa sistema seguruaren bidez: paypal.me/EnbataInfo
  • Euro/euskotan kenketa automatikoa plantan emanez: gurekin harremanetan sartuz [email protected] helbidean

50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).