Enbata, berrogoi ta hamar urte

PrintFriendly and PDF

Enbata-tour-Eiffel1966-garren urtean historia irakasleak dekolonizazioari buruzko klasea ematen zigularik, Algeria, Frantziaren menpean egondako Afrika eta Ipar Afrikako beste herrien egin molde politikoa aipatu ondoren, Itsasharaindiko lurraldeetan beste askapen mugimenduak bazirela adiarazi zigun: Kanakia, Martinika, Guyana, Guadalupa eta Polynesiako beste uharteak aipatu zizkigun.

Garrantzirik gabeko mugimenduak zirela salhatu zigun, panfleto bat izparringi batean idatzi-ta aste batzuk espetxean egon ondoren, gauza urrutirago ez zoala baieztatu zigun, Euskal Herrian, Korsikan ala Bretainan gertatzen zen bezalaxe.

Horrela jakin nuen ENBATA deitu oldea esistitzen zela ; honetaz gainera, jatorriz zuberotarra zen eskolakide batekin mintzatuz gero, haren aitatxiak ENBATA kazeta jasotzen zuela jakin nuen.

Eztabaidak sortu ziren eskolako lagunen artean, Europa egiten ari zelarik kontinente zaharreko herri batek edo metropolatik urrun zeuden uhartetxo batzuk independentzia lortzeak zentzurik ez zuela zen gehiengoaren aburua.

Estremista edo burubero batzuren arazoa zela orokorki pentsatzen zuen jendeak. Bainan herri txiki batek bere kultura nortasuna eta hizkuntzaren defentsan ari izatea nola estremitzatzat edo buruberokeriatzat jo zezakeen? Hauxe zen barnetik zetorkidan galdera.

Jean Paul SERRANT ek idatzi “ La France des minorités “ izenburuko liburu aipagarria eta izenaz gogoratzen ez naizen errebista batean egile berak idatzitako artikulu saila arreta handiz irakurri nituen, zeineri esker arazoaren garrantzitasunaz ohartu bainintzen. 1965 garren urteko Frantziako Legebiltzarrako hauteskundeetan ENBATA-k lortutako % bosta , alderdi klasiko batentzat txikia izanik ere, ENBATA bezalako mugimendu abangoardista batentzat handia zela baietzu zuen bere lanetan kazetari horrek.

Denbora berean Sobiet Elkargoan, Jugoslabian, Erresuma Batuan eta Suizan hizkuntza guztiek estatutu bat zutela ikasten genuen, bainan Frantziako Estatua eta naski Espainia frankista salbuespen deitoragarriak ziren!

Ohartzen nintzelarik zer tratamentu txarra eta berrezagutze eskasa Frantziako gutxiengoek jasaten zuten, ENBATA eta tankera bereko alderdien asmoak eta egitasmoak ulertu eta onhartu ditut garai honetatik.

Orduan Iparraldean aspalditik zegoen hustune baten betetzera etorri zen ENBATA, alderdia Marcelin ministroak debekatu zuen 1974 urte arte.

Baina tresna apurtzen duenak ez ditu horren erabiltzen duten eskuak eta buruak mozten; ondorioz, alderdiaren debekatze horrek kazeta berriz kaleratzeaz gainera, abertzaletasunaren jarraipena ez zuen eragotzi: ikastolak zabaldu ziren, EHAS, Abertzaleen Batasuna, Mende Berri, Amaia, A.E.K eta hainbat alderdi edo erakunde asko sortu ziren.

Harpidedun egin nintzen 1969 garren urtetik, Euskal Herriaren ispilu bat izan eta izaten zait ENBATA, politikan, hizkuntzan, kulturan eta ekonomian. Euskal Herriko gertaera guztietan lekukoa, kronikalaria eta ikerlaria izan da eta halaxe darrai: lehengo ETA-kideen herbesteratzea, Aberri Eguna, Manzanas-en erahilketa, Burgoseko Hauzia, Carrero Blancoren ehotzea, estradizioak, bozketak, ikastolak, Euskal Departamentua, Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta hainbeste gertaera eta gai garrantzitsuak.

Berrogoi ta hamar urte iragan ondoren urrundik etorri da Euskal Herria, baita arestian aipaturiko askapen oldarrak aurrerapen asko egin dituzte ere. Gaur egunean ENBATA k  hildo beretik denbora gehiago jarrai dezala da nire opa.

 

Jakes LAFITTE, Injeniaria

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video