ETAren desarmatzeaz

PrintFriendly and PDF
Jakes Lafitte
Jakes Lafitte
Ingérnieur
D'autres articles
Bake Bidearen Foroa, 2017ko martxoaren 17 et 18an : www.paysbasqueactualites.com (Daniel VELEZ)

Bake Bidearen Foroa, 2017ko martxoaren 17 et 18an : www.paysbasqueactualites.com (Daniel VELEZ)

Martxoaren 17 eta 18ko asteburuan, ETA-ren desarmatzeari buruzko mintzaldi garrantzitsu bat emana izan da Biarritzeko Bellevue Kasinoan. Iparraldean ematen den bigarrena da garrantziari so ematen diogun heinean, lehengoa 2014 garren urtean Baionako Unibertsitatean egina izan zela jakinik. Giro berezi batean egin da aurtengoa, Luhusoko gertaerak kontutan harturik, eta konferentziaren lehen zatia Kolonbiako bake prozesuari zegokiolako. Naski, Euskal Herria eta Kolonbiako arazoak ez dira berdinak, lehengoa arazo nazional bat delako eta bigarrena gizarte klaseen arteko borroka hein handi batean dela kontutan hartzen badugu, bertako ameridianoen problema kulturalak baztertu gabe naski.

Frantziako prentsan ikusi dudanez, Le Monde eta Le Figaro izparringiek arreta eman diote azken foru honi. Espainiako prentsan aldiz, gehiago aipaturik izan da gai hori, baina beti bezala, ihardespen eta aldarrikapen ezezkor eta antzu berdinekin : « ETA-ri prezio politikorik ez dio Espainiak pagatu behar » esan du Rajoi jaunak.

Frantziako klase politikoan antzeko berbak entzunik izan dira, Pariseko politika bidea Madrilekoaren menpean bailitzan. Errealitatean halaxe da 1984 garren urtetik. Zulo gehienak Iparraldean eta Frantziako estatuan daudela jakin arazirik, « sanktuario » delakoaren mamua Madrileko agintariek berriz iratzarriko duenik kezka sortzen zaigu bati baino gehiagori.

Telebistako kate nagusietan ez dute deusik aipatu mintzaldi horri buruz, Orly-ko atentatua horren kausa zen agian, baina, tira, askotan garrantzia gutxiago duten gaiekin errealitatetik baztertzen saiatzen dira, kontsumo arruntari dagozkienak aipatuaz. Salbuespen bat izan da, hala ere, Hamon jaunak esandakoa aipatzen badugu, aldarrikatu baitu bake eta desarmatze prozesuan Frantziako Gobernuak sartu behar duela.

Baina kasu ibil dadila Frantziako gobernua: Iparraldeko gaurko giroa ez da joan mendeko zortzigarren hamarkadakoa bezala; abertzaleak ez dira gehiago baztertuak Iparraldeko gizartean; hori ikusi dugu Luhusoko zuloa desegin ondoren: egun batean antolatutako manifestazio batean, berehala hiru mila bat jende elkartu zen, hautetsiak eta gizarteko hainbat ekintzaile barne. Jende ezagun berdinak bildu zituen Biarritzeko foruak.

ETA-ren borrokak berrogei ta hamar urte iraun izan ditu, itxura desberdinak hartuz: propaganda hutsa, intensitate txikiko eta kemen altuko borroka armatuak, su etenak, Espainia eta Frantziako gobernuekiko negoziazio saioak… baina , demokrazian nahiz diktaturaren denboretan Parise eta Madriletik arazo nazionalari uko egin zioten.

Frantziatik baino Madrileko Gobernuan dagoen PP tik etortzen dira bake prozesuaren aginduak. ETA-ren desarmatzeaz gain, erakundearen disoluzioa nahi dute eta naski desarmatzean gizarte zibilaren ordez, agintari polizialak, militarrak eta judizialak dira parte hartu behar dutenak; Frantziakoek gauza bera errepikatzen dute. Baina hemen dago lanjer politikoa: bakea eta armagabetzeaz gainera ETA-ren « mamua » betirako ezabatu nahi dute Bidasoaren alde bietako agintariek eta borroka nazionala ukatu ondoren nazio beraren ukatzea dute xedetzat, Euskal Herria berriz kontzientziarik gabeko nazio bat bilaka dedin.

Baina gaurko giro politikoak itxaropen aski eman liezagukeelakoan nago: Kataluniako prozesu independista aurrera doa, Espainiako faxistek eta politikariek jartzen dituzte oztopo guztiengatik; Nafarroan abertzaletasuna eta euskaltzaletasunak indar gero eta gehiago hartzen dute, urrats txikiaz egin arren; Iparraldeak bere lehen erakunde ofiziala lortu du. Orduan zeru iluna izarrik gabekoa ez dela aitor dezagun.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video