Euskaraldia eginen dugu!

PrintFriendly and PDF

COVID giroak eta berriz konfinatuak izateak hedatu du duda: Euskaraldia eginen ote da? Herri Batzordeek nagusiki adierazi dute baietz, Lankidetza Batzordea eta Topagunea horren berme agertu dira. Euskaltzaleon mezua argia da: Euskaraldia eginen dugu! Azaroaren 20 heldu zaigunez, ez ahantz izena ematea: https://izenematea.euskaraldia.eus

Euskaraldia 2020

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. 2020an, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugu ariketa eta aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu arigune–en bidez.

500 Arigune

500 Arigune, Ipar Euskal Herri osoan eta mota anitzetakoak: elkarte, saltoki, enpresa, zerbitzugune, erakunde publiko… Aniztasun hori eta usaian euskararen mugimenduan ikusten ez den jendea hunkitzea Herri Batzordeek eraman xinaurri lanari esker izan da. Lankidetzaren fruitua, 66 Herriko Etxe zuzenki inplikatzea. Konfinamenduagatik, engaiatu baino Arigune gutiago izanen da idekirik, baina denak Mapa batetara ekarriko ditugu, interneten eta telefonoetan eskuragarri. 500 Arigune, euskaraz lasai aritzeko 500 argi berde direlako, 15 egunez eta haratago, konfinamendutik haratago.

Ariketa lorgarriagoa

Bai, Euskaraldiaren hamabostaldian ere – azaroaren 20tik abenduaren 4ra – bizi-esparruak murritzagoak izanen ditugu eta, menturaz, euskara erabiltzeko aukera gutiago. Baina aukera dutenek lan egiten segituko dute. Segituko dugu ogia erosten. Segituko dugu lagunekin harremanetan eta etxekoekin gozatzen. Emailak, whatsappa eta sare sozialak erabiltzen. Irriz eta haserre. Aukera paregabea da eguneroko esparru hurbil horietan hizkuntza aldaketa pizteko, euskara gehiago egiteko, bidean trebatuz eta ikasiz. Aukera gutiago baina horietan indar gehiago:ariketa lorgarriagoa izanen zaigu, asteburu konfinatuei biper zerbait ekarriz.

Konfiantza giroa, eta motibazioa

Euskaraldia ez da nahi genuen giroan iraganen. Herri Batzordeek pentsatu mintzaldiak, tailerrak, iniziazioak, film proiekzio eztabaidak, ahalduntze bertso saioak… ezeztatu behar izan dira. Hala ere, Belarriprest eta Ahobiziek eskatzen dute euskara gehiago erabiltzeko konfiantza giro bat, eta motibazioa. Mintzaldiak, gomendioak eta desafioak proposatuko ditugu, bide desberdinetatik: komunikabideak, streamingak eta sare sozialak beroaraziko ditugu, Euskal Herri osoarentzat pentsatu programazio baliagarri eta eskuragarri batekin.

Azaroaren 20 hurbiltzen ari da: eman izena!

Aurten ere izena ematea beharrezkoa da: euskara egunerokoan ulertzen dugun puntutik, izan gaitezke, gure engaiamenduaren arabera, Belarriprest (jendea gurekin euskaraz aritzera gomitatzeko), edo Ahobizi (lehen hitza nonahi eta denekin euskaraz egiteko). Ahal dela euskaraz aritzeko paradak biderkatu, ikasten hasi direnei ere indarra emateko, eta oraindik ez dakitenei gogoa pizteko! Azaroaren 20tik abenduaren 3ra, 15 egunez euskara “gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” erabiltzeko deia luzatua zauku. Herritarrek beren hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egin eta ahobizi edo belarriprest rola hautatuta inertziak hautsi eta euskararen erabilpenan urratsak emaiteko parada da Euskaraldiaren 2. Edizio hau.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video