Ez gara ohartzen

PrintFriendly and PDF
Nicolas Goñi
Nicolas Goñi
Chercheur, membre de Bizi!, jardinier et chroniqueur radio
D'autres articles

NafarroaKlimaEzberdinak

Uda honetan pairatu ditugun bero-uhinen eta lehortearen eraginek agian klima aldaketaren ohartzean jauzi bat bultzatuko dute gizarte mailan, azkenean “dakiguna sinetsi dezagun”, Jean-Pierre Dupuy·k zion bezala. Baina jauzi hori, zai ditugun bilakaerei aurre egiteko, aski haundia ote da?

Duela bortz hilabete, Apirilean, Berria egunkarian atera zen artikulu bat nahiko oharkabean pasatu zen, batez ere hemen Ipar Euskal Herrian, Frantziako presidente-hauteskundeen erdian. Artikulu hartan Iñaki Petxarromanek deskribatzen zuen nolako egoera klimatikoa izanen dugun Euskal Herrian, mundu mailan gradu bat eta erdiko beroketa izanik, edo hiru graduko beroketaren hipotesia jarraituz.

Deskribapen horiek irakurtzean gogora etorri zitzaidan lehen gauza: ez gara ohartzen. Zinez. Ez gara ohartzen nolako aldaketak ditugun zain, gure lurraldean, Euskal Herriko etxalde, oihan, mendi eta kostaldean.

Gogorra izan zitzaidan adibidez ohartzea haritzak eta fagoak, hemendik hamarkada gutiren buruan, orain dauden toki gehienetan ezinen dutela biziraun. Aralar edo Irati, edo nere xokotik hurbilago den Biriatuko Faalegi mendia, bere ipar malda fagoz estalia duena, gaurko haurrek ez dute itxura berdinarekin ikusiko 50 urte izanen dituztelarik, hainbat uda lehor eta hainbat 40 gradu ta gehiagoko arratsalde latzak pairatuz gero. Eta nere baratzean urte guziz hamarnaka ernamuintzen diren ezkurrak, ekoitzi dituen 80 urteko haritza bezainbertze ez dira haundituko.

Pentsa dezakegu oihanak ez direla lehen premiazkoak ura edota elikadurarekin alderatuz, ez baitira hain zuzenki “funtzionalak”. Baina haritza eta pagoa, gure betiko zuhaitzak, aurrehistoriatik gure mendietan bizi izan direnak, gure lurraldean haien historiaren bukaerara iritsiko direla bilakaera izigarri baten seinalea da. Hortaz ez gara aski ohartzen, eta adibidez Larrun mendian dauden pinudi zahar eta erien ordez nahi dute birlandatu tokiko zuhaitzez, horietarik gehienbat pagoa eta urkia, uda epelak nahiago dituztenak eta udan ur hainitz behar dituztenak. Oso hautu egokia Larrun mendian landatzeko, baldin eta 1920an bagina, baina ez gaur. Orain arte tokikoa izan denaren zati haundi bat ez da gehiago tokikoa izanen, eta hortaz ez gara oraino ongi ohartu.

Aldakortasuna, jet-stream haizea, eta gu

Iñaki Petxarromanek explikatzen zigun ere nola klima zonalde ezberdinak iparrera mugituko diren. GIEC edo IPCCko A1FI hipotesia jarraituz gero, hots mendearen bukaeran 5˚ko beroketa lortuz gero, 2060ko hamarkadan klima ozeanikoa guziz desagertuko da Euskal Herritik, eta horren ordez klima Mediterraneoa ginuke batez ere Bizkaia aldera eta Landetan, eta bien artean (Gipuzkoa, Nafarroaren iparraldea edo Lapurdi) subtropikala.

Baina hitz horiekin ez dezagun irudikatu zai ditugun eguraldiak gaurko Grezian edo Uruguayen bezalakoak izanen direnik: tenperaturen eta eurien distribuzioa oso ezberdina izanen da, muturreko gertaera gehiagorekin. Azpiko adibide grafikoen artean, bi gradu gehiago baina distribuzio bera izan baino – (a) kasua litzatekeena – aldakortasuna haundituko da – (b) kasua – eta baliteke ere distribuzioaren simetria aldatzea, tenperaturari dagokionez bero haundiko egunen proportzioa gehiago haundituz – (c) kasuak erakusten duena. 2020ko uztailak edo aurtengo udak azken kasu horren adibide kontretuak dira. Euriari dagokionez ere, muturreko egoerak maizago ikusiko ditugu: lehorte gero eta luzeagoak, eta eurite gero eta trinko eta luzeagoak ere, lurra asfixiatuz eta uholdeak ohizkoak bilakatuz.

image_2022-10-18_16-26-39

Hau dena aski zaila ez balitz, gure latitudeetan klima aldaketaren bertze eragin garratzitsu bat dugu, jet stream haizearen ibilbidearen lausotze kaotikoa. Jet stream garaiera haundiko (7000m inguru) haize bat da, 60˚N latitudean inguruan ufatzen duena, hots Eskoziako iparrean edo Norvegiako Bergen hiriko latitudean. Baina ez da ibiltzen lerro zuzenean, eta bihurguneak egiten ditu iparrera edo hegora.

Gaur klima aldaketarekin bihurgune horiek zabaltzen direla, hots haize korrontea mugitzen dela batzutan lehen baino iparrerago, edo batzutan lehen baino hegorago. Mozkor baten ibilbidea bezala, gehiago mozkortzen delarik. Iparrera lerratzen denean, ezohizko bero egiten du, aire tropikala xurgatua baita iparrera, eta hegora lerratzen denean kontrakoa, iparreko aire hotza heldu zaigu, azpiko mapan erakutsi bezala.

jet_stream_diagram

Eta noski, bihurgune horiek tokiz mugitzen dira, ez dira gelditzen sasoin osoa toki berean. Horrela izaten ahal dugu 27˚ arratsaldez martxoaren bukaeran, eta jet stream hori berriz hegora lerratuz gero, izozteak aste bat berantago. Edo, udan, Saharako airea xurgatuz, aste batetik bertzera 22˚tik 42˚ra pasa. Erran gabe doa horrelako baldintzetan laborantza zailagoa bilakatzen dela. Izozte berantiarrekin kalte haundiak egin fruitu arboletan, mahastietan, edota ernamuindu berri diren betarraua, eguzkilorea edo patatan. Udan ere bero kolpeek gogor zanpatzen dituzte artoa (polinizazioa kaltetuz), barazki eta fruitu guziak, eta bazkarako belarra. Eta hori, Euskal Herrian gure elikaduraren %15 inguru baizik ez dugula ekoizten. Burujabetza lortzeko bada bidea oraindik, eta bidea zailtzen doa. Arazoaren hasieran baizik ez gaude.

Aintzindu beharra

Klima aldaketaren hautematea bere ondorio horien araberakoa balitz, egunero hedabide nagusien titularrak elikatuko lituzke. Baina ez gara ohartzen. Euskal Herrian bereziki, estatu gabeko herri ttikia izateagatik beharbada, gehiago ikusten gaitut(1) gure iraganean interesatuak, izan iraganean bilatzen dugularik gure gaurko kemena elikatzeko mamia, edo gure herri nortasuna justifikatzeko argudioak.

Amaiurreko guduaren bosgarren mendeurrena edo Elkanoren lehen mundu-itzuliarena (joan den hilabetean Peio Etcheverry-Aintchartek ongi azaldu bezala), gure hizkuntzaren historiaz, edo joan den mendeko estrategia politikoen eta beren albo-kalteen inguruko eztabaida bukaezinak.

Halere, duela guti Jon Maiak zion bezala, iraganari egin diezaiokegun omenaldirik ederrena etorkizun bat bermatzea da, segida bat ematea historiari.

Halere, duela guti Jon Maiak zion bezala,
iraganari egin diezaiokegun omenaldirik ederrena
etorkizun bat bermatzea da,
segida bat ematea historiari.

Hortarako bidea zailtzen badoa ere, burujabetza materialari dagokionez, oraindik bada tartea zerbait egiteko, eta egitekorik ez zaigu eskas. Maite ditugun gure bazterrek biziraun behar dute, gure laborantzak eta nortasunak biziraun behar duten bezala, klima gogortzen bada ere. Hortarako ulertu behar dugu biharko klima nolakoa izanen den.

Fagoa eta urkia Larrunen baino hobe egonen dire Norvegian, eta gure mendietan aldiz ametza, gaztaina, artelatza, gurbitza, erkametza gehiago landatu beharko genituzke.

Artoaren ordez Iparraldean neguko zituak (garia, oloa, zekalea) edota sorgoa hazi, lurzoruan karbono eta hezetasun gehiago gordetzeko lan moldeak garatu, eta gure laborantza-historia aberatsaren iturritik edan, Jakes Casaubon irakaslearen obratik ikasiz.

Abiapuntua argi izan behar da: eguraldi gogorra normaltasun berria dugu, gauzak ez dira lehen bezain errexak, baina ez da berantegi funtsezko aldaketak egiteko.

(1) Badakit aditz tankera hau ez dela ofizialki onartua baina ”gure burua” ikusten dudanik ez nuen idatzi nahi, hain zuzen arazo honi begira gure burua nun dagoen ez baitut hain argi ikusten.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video