
Burujabetza anitz aipatzen da gure hemengo mundu ttipian, « Euskal Herria burujabe” leloa bizkarrezur gisa hautatzeraino. Erdaldunei « bürüjab” hitz bitxi hori azaltzen diedalarik, ez dut itzulpena bakarrik ematen, askoz ederragoa iduritzen zaidalako euskarazko hitza frantsesezkoa baino.
Buruaren jabetza
Burujabe = souverain(e), latinezko superanus = gainetik. Laroussen definizioek ez naute iritziz aldarazten : Souverain : (…) 2. Se dit d’un pouvoir qui n’est limité par aucun autre. 3. Qui émane d’un organe souverain et n’est susceptible d’aucun contrôle. 4. Qui manifeste un sentiment de supériorité absolue. Brrrr… Askoz nahiago ditut entitate bakoitzak bere buruaren jabe izateko kontzeptua eta burujabetza hori maila guziei doakienaren ideia. Izan ere, burujabetza izan daiteke kolektiboa edo indibiduala. Berehala lotzen diot anitz maite dudan William Ernest Henley poetaren bertsoari: « Ene patuaren jabea naiz, ene arimaren kapitaina”.
Burujabetza emozionala
Emozioen kudeatzeko gaitasuna burujabetza pertsonalaren parte garrantzitsua da. Horretan berriki murgildu gara Biziko kide batzuekin, Sabrinak elkarte munduari zuzendu Bortizkeriarik Gabeko Komunikazioari buruzko saio batean (ikus Madame Tnop). Iniziazio saio horretan, lehen urratsean egon gara, hots gure emozioak eta parean ditugunenak ezagutu eta onartu, hobeki kudeatzeko. Alde emozional hori luzaz gorderik egon da militante- munduan. Emozioak kukutzen edo itotzen zituzten « dena-emateko-prest- diren-gudari” ereduko militanteek zuten doinua ematen. Beharrik jendartea aldatzen ari dela eta berriki ikusi dugu Peio Dufau gure diputatua publikoki bere emozioak agertzen uzten. Denoi on egin digu.
« Berriki ikusi dugu Peio Dufau gure diputatua publikoki bere emozioak agertzen uzten. Denoi on egin digu. »
Baina emozioek ez dute gaina hartu behar, erregai ona izanik ere, biziki gidari txarrak direlako. Horretarako, burujabetza emozionala garatu behar da, bizi osoko lana, ene iduriko…
Zenbat buru, hainbat aburu…
Gaurko jendartean, Mendebaldean bederen, pertsonari ematen diogu lehentasuna, eta ez gizaldiari. Zutik atxikitzen gaituen markoa ez da gehiago kolektiboa (alderdia, sindikatua, Eliza, herria…) baizik eta gero eta indibidualagoa, ez kanpokoa baizik eta barnekoa. Eta barneko zurkaitz horren garatzea, burujabetza pertsonal horren bultzatzea, ez da errex. Alta, burujabetza pertsonala funtsezkoa da elkarrekin ongi bizitzeko eta, haratago, kolektiboki aritzeko, bereziki mundua hobetzeko asmoa dugularik… Burujabetza kolektiboa garatzeko, burujabetza indibiduala zaindu behar dugu. Horrek galdera anitz sortzen ditu eta bideak irekitzen… Auzolanean ari garelarik, gatazkak saihetsezinak dira; are gehiago, beharrezkoak dira, baina nola kudeatzen ditugu? Oreka non da, gure erakundeekiko konfiantzaren eta izpiritu kritikoaren artean, militanteak izan gaitezen eta ez militarrak? Pentsatzeko askatasuna nola bultzatu? Ardura bati baietz errateko gai diren jende fidagarriekin lan egiteko, ezetz erraten jakin behar da, erabakiak hartzen jakin behar da. Nola ikasten da? Non da muga « ni” eta « gu”ren artean? Funtsezko galderak, ezta??
