Bi bozka gorenak par Jean-Louis Davant

PrintFriendly and PDF

Bi bozka (Zub.) edo bozketa handi hurbiltzen ari zaizkigu: azaroan
Hegoaldetik Madrilgo parlamenturakoak, udaberri-bedatse-primaderan Iparraldetik Errepublikako presidentearen hautatzekoak. Abertzaleentzat salbu, euskal arazoa ez da ene ustez bozka horien erdigunean egonen. Espainiako erresuman gobernu zentralaren geroa da jokoan, eta hortako beharrena Estatuko bi alderdi na-gusien artean jokatuko da dirudienez. Oraiko itxuren arabera, sozialistek boterea galduko dute. Ikusi behar da Partido Popularrak zer heineko gehiengoa erdietsiko duen: osoa ala ez. Osoa biltzen badu, euskaldunek badugu kezkatzekoa, Aznarren denbora bortitzak gogoan edukiz.
Espainiar eskuin gogor horrek gehiengo osorik ez badu lortzen, Euskal Herriak hutsuneaz baliatzeko aukera ttiki bat atxik dezake: karta zenbait, ongi baliatuz Madrildik ttantto bat edo bertze ekartzen ahal luketenak. Joko hortan zein trebe den oroitarazi berri du Eusko Alderdi Jeltzaleak, Zapatero gobernuburu sozialistarenganik Gasteizerako eskuduntza andana bat lortuz. Horien atxikitzeak ere lanak emanen dizkio, salbu hain zuzen Mariano Rajoik euskal deputatu batzuen beharra baldin badu parlamentuan, bere gehiengoaren segurtatzeko, adibidez urte bakoitzeko aitzinkontuen bozkatzean, gobernu sozialistarekin gertatu berri den bezala.
Bestalde ikusi behar da euskal ezkerrari zer gertatuko zaion. Proposatzen duen abertzale hautagai zerrenda batuari etorkizun eskasa ikusten diot: mirakulu bat litzateke, gertatzeko xantza gutiño duena nire ustez. EAJren historia luzeari begiratuz, harrigarria litzaidake: PNV antonomasiaz egon da zinez «Alderdia», orain ez bakarra, baina beti jaunen jauna, bere ikuspegian bederen, eta podioiko leku goren hori ez du nolanahi uztekoa. Galdera serios eta sakonagoa da, Bildu eta Sorturekin zer gertatuko den: Nafarroako errege batek euskal erresumaz zioen bezala, euskal ezkerrak iduri du kukusoa bi tximinoren artean, bata delarik ETA, bestea dagoeneko Partido Popularra.
Dena dela, mugaren bi aldeetarik, maila goreneko bozketak eskutik urrunenak ditugu, baina gure bizitzan esku dorpea dute.
Iparraldean hainbat sordei eta pisago: Errepublikako presidentearen hautatzean, pilota buruz gain pasako zaigu, biziki gora, beti bezala. Zer iguriki behar dugu hortik? «A priori» gauza guti, toki ezberdinetako abertzaleekin (bretainiar eta bertze) uztartuz ere, batzuetan gertatu den bezala. Entseatzea bederen egin behar genuke halere, aliantza hori frantziar indar zabalago batera he-datuz.
Mugimendu ekologista dugu naski hurbilena. Horrekin urrats batzu eginak izan ditugu jadanik. Estatu mailako eta Europako bozketan horiekin artzea zinez egokia zait, oso naturala eta beharrezkoa, bai euskaldun bezala, baita munduko herritar kontu ere, ikusiz oraiko bidetik lur osoa hondatzera doala.
Euskaldun bezala, noiz instituzio egoki bat hemen eraikitzen ikusi behar dugu? Eta gure hizkuntzaren lekua zabaltzen bizi publikoan? Aldaketa zabala deitzen du azken puntu premiatsu horrek Errepublikako aburu publikoan, presidentegoan eta gobernuan. Gure eskutik urrun beraz. Be-soa nola luza? Ene bidea zein litzatekeen erran dizuet. Agian bide horretan ez naizate ibilkari bakarra.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video