Urtarrilaren 29an, Iruñera!

PrintFriendly and PDF

GKSAfitxa

Gabi Daraspe, IEH-ko GKS-ko kidea

Krisia da: gizarteko sektore geroz eta zabalagoek bizi eredu miserableak dituzte. Hori, bereziki egia da gazteentzat, egungo probretzeaz gain, anitzek ez baitute etorkizunik irudikatzen ahal.

Zer da bizi eredu miserablea ukatea? Lansari baxuez edo diru laguntza oraindik baxuagoekiko menpekotasuna izatea, eta oinarrizko beharrizanak gaizki aseak izatea. Alokairuen, garraiorako edo berotzeko erregaien zein elikagaien prezioek gora egiten dute. Hezkuntza eta osasun sitemak geroz eta elitistagoak dira. Adibidez, urte hastapenetik urgentzietatik pasatzean mutuelik ez dutenek 19,61€ ordaindu behar dute momentuan bertan, ez baldin badira ospitalizatuak.

Itxura guztien arabera, miseria geroz eta gordinagoa biziko dugu.

Gisa berean, geroz eta kontrolatuagoak gaituzte. Kontrol polizialerako teknologiak biderkatzen dira, eta legeak gogortzen, askatasun zibil eta politikoak deuseztatuz (telefonoen eta interneteko bilaketen zaintze masiboa, pase sanitarioetan QR kode baten « flasatze » soil batekin identifikatuak eta lokalizatuak gira, kamarak ezartzen dituzte nonahi (Kanbon, Angelun, Donibane Lohizunen…), baita airean ere: Pasa den abenduan adibidez, dronek filmatutako irudietan aurpegien ezagutza teknologia baliatzea legezko egin zuten.

Neurriak, bankari eta enpresari handien interesekoak dira: langileriaren esplotazioari ahalik eta zuku gehien atera nahi diote, eta egoera aldatzea galarazteko, zapalduen antolaketa politikoa debekatu.

Politikari profesionalek aipatutako miseria kudeatu baizik ez dute egiten, erabaki nagusiak elite ekonomikoak hartzen baititu. Aldaketa, beraz, ez dugu handik espero.

Horri buru egiteko, Ipar Euskal Herrian berean, zenbait ekintza burutzen ari gara. Izan ere, Urtarrilak 29, Iruñean eta Bilbon eginen ditugun manifestaldietan jasaten dugun egoera hori salatuko dugu. Zer aldatuko dioten Ipar Euskal Herriko biztanleriari Iruñea eta Bilboko mobilizazioek ? Bistan da manifestazioek ez dituztela aipaturiko arazoak egun batetik bestera konponduko. Mobilizazioen garrantzia, langileriaren autonomiaren indartzean datza. Berehalako aterabiderik izan ez arren, berehalako eginbehar bat dugu : geroz eta gehiago izatea, geroz eta antolatuagoak. Horregatik, GKS-tik nazionalki antolatzeko apostua egitean, Euskal Herria langileria antolatzeko eremu gisa hartzen dugu, beti ere, nazioarteko antolaketari ekarpena egitearen ikuspundutik.

Manifestaldi horiek, beraz, politikari profesionalen instituzio eta sareetatik at gure antolaketa propioa indartzeko balio izanen dute. Gazte langileok, objektu pasibo izatetik langileria antolatuaren subjektu aktiboaren eraikuntzan gure ardurak har ditzagun : bakoitzak baditu bere arazoak, baina aterabideak kolektiboa baizik ezin du izan. Urtarrilaren 29an Iruñean elkar topatuko dugulakoan!

GKSAfitxa1

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video