
Fleur Breteauk minbiziaren eta pestiziden arteko loturaren inguruko isiltasuna salatzen du. Cancer Colère kolektiboarekin, eritasuna politizatzeko eta osagarriaren alde mobilizatzeko deia zabaltzen ari da, Euskal Herrian ere.
2025eko uztailean, hitz hauekin atera zen Pariseko legebiltzarretik Fleur Breteau militantea. Egun hartan, diputatuak Duplomb legeaz eztabaidatzen ari ziren eta gehiengoak alde bozkatu zuen. Bere haserrea agertarazi nahi zuen, jakinez bigarren aldikotz minbiziaren kontrako borroka erematen ari zela eta haren aurpegian ageri zela, tratamenduek eragin ile guzien galtzearekin eta haren azalaren kolore zuhailarekin.
Isilik ezin egon gehiago
Oihu horrek oihartzun zabala ukan zuen. Komunikabide anitzetan agertu ziren haren hitzaldiaren irudiak. Emankizun edo artikulu frankotan gomitatua izan zen eta kontatu zuen zergatik salatu nahi izan zituen egun hartan lege horren alde jo zuten diputatuak. Bere bi minbizien tratamendu luzeen denboran, jende franko gurutzatu zituen bere mediku hitzorduen harira. Medikuak bistan dena, baita eriak ere. Anitz eri. Eta bere izpirituan minbizia « zaharren gaitza » balinbazen, orduan ohartu zen maleruski gazteak eta haurrak ere serioski hunkiak zirela. Lekukotasun ikaragarriak entzun ditu, irudi ahantzezinak ikusi eta izigarrikeria horren lekukotasuna zabaldu nahi zuen legebiltzarrean, egun osoan hainbeste gezur entzun ondoan. Berak dio funtsean, mediku zentroetan ikusi aurpegi guzi horiek diotela oihu horren egiteko indarra eman.
« Mediku espezialistek salatzen dute gero eta haur gehiago ikusten dituztela onkologia zerbitzuetan eta oro har minbizi kasuak bikoiztu direla azken hiru hamarkadetan. »
Medikuak ere gero eta kezkatuagoak dira gertatzen ari den « minbizi epidemiarekin ». Medikuen ordenak Duplomb legearen kontrako ageri argia hedatu zuen. Lehen aldikotz bere historian ere, Minbiziaren Kontrako Ligak ikusmolde kritikoa jakinarazi zuen lege baten kontra. Mediku espezialistek salatzen dute gero eta haur gehiago ikusten dituztela onkologia zerbitzuetan eta oro har minbizi kasuak bikoiztu direla azken hiru hamarkadetan, baina bitxiki, departamendu batzuetan kasuen kopuruak ez dituzte kontatzen eta erreferentzia eskasez, ezin dira datu zehatzak agertu eta salatu.
Eritasuna politizatu
Isiltasun horren kontra, Fleur Breteauk eta haren lagunek Cancer Colère kolektiboa sortu dute. Ezin da segitu arazo larri horren parean begiak hesten. Adituek duda guti dute: pestizidek eragin zuzena dute minbizi kasu gehienetan. Biktima gehienak kontsumitzaileak edo alor tratatuetarik hurbil bizi diren jendeak balinbadira, lehen biktimak laborariak eta pozoi horiek hedatzen dituzten langileak dira. Haiek dituzte hainbeste urtez kalte zuzenak pairatu, jakingabean produktu toxiko horien kontaktuan arituz babes neurri berezirik hartu gabe.
Cancer Colère kolektibokoek ez dituzte laborariak salatzen, baina haatik haien sindikatuetako buruzagiak bai, eta kartsuki. FNSEA edo CRren presiopean dira zentroko, eskuineko eta eskuin muturreko parlamentariak lege hiltzaile horien alde bozkatzen ari. Hortako diote Fleur Breteauk eta haren lagunek eritasuna politizatu behar dutela. Duplomb legearen kontra, bi milioi pertsonak izenpetu zuten neurriz kanpoko petizioa. Sekula ez zen hein hortako mobilizaziorik izan.
Heldu den urtean Frantziako lehendakaria hautatu beharko da eta jendarteak jakin behar du nork duen haren osagarriaz axola eta nork ez. Eskuin muturrak (ez bakarrik) segurtasun eskasaren arrazoi nagusi bezala immigrazioa izendatzen du. Baina zerk hiltzen du jende gehien, immigrazioak ala minbiziak? Egiazki gutaz axolatzen dira jende ilun horiek? Bi milioi pasa ginen izenpetzen, baina ausartu ez direnak anitz gehiago dira eta gutarik gehienek badakigu zer ondorio duten peztizidek eta lege maltzur horiek. Jendeari kontzientzia hori harrarazi behar zaio oihu horren oihartzuna etengabe zabalduz.
Mobilizazioa Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian ere Cancer Colère kolektiboko antena bat sortu da. Nola ez, hemen ere senatariak ez dira denak zentzudunak! Agro-industriaren diskurtsoa irentsi eta jendartearen osagarria lehertzeko prest izan dira departamendu huntako bi senatari. Nahiago izan dituzte enpresa batzuen irabaziak segurtatu laborarien eta jendartearen osagarria zaindu baino. Ezin dute lasaiki segitu beren egunerokotasunean eta sentitu behar dute arduradun direla, eta arduradun baino gehiago errudun! Bai Fleur Breteau, arrazoi duzu, jende guzi horiek minbiziaren aliatuak dira eta hori jakinarazi behar dugu. Hori zen agorrilaren 29ko helburua Miarritzen. Toberak gure paisaiatik desagertu badira, harrabotsa egin da halere eta agian hautetsi batzuen belarrietara heldu da. n
