Estatuaren mespretxuak, itsukeriak eta ukoak erail dute Yvan. Legedi eta neurri antiterroristek eragindako biktima bat gehiago. Ekidin zitekeen heriotza da. Ekidin zitekeen heriotza bat gehiago. Aski da euskal zein korsikar preso politikoen biziarekin jolastearekin. Etxean aske eta bizirik nahi ditugu, orain! Yvan Colonnari gertatuak, kezka eta zer gogoetatu ematen digu. Kezka, Yvan Colonnaren heriotzarekin, preso politikoak txanpon truke gisa kontsideratzen direla konfirmatzen delakotz. Azken momentuko urratsak (DPS, hurbilketa Borghorat) haietarik baten biziaren truke eman ditu frantses estatuak. Onartezina eta mingarria da!
Korsikan, Euskal Herrian bezala gure geroa denen artean eztabaidatu eta eraikitzeko prozesu demokratiko bat behar dugu. Konponbide demokratikoa da giltza! Korsikan, Euskal Herrian bezala, urteetan eraiki diren adostasun eta aldarriak errespetatu eta gauzatu behar ditu Frantses Estatuak. Horretarako, adostasun zabalak eta herri mobilizazioa dira giltza. Horregatik, PNAT-a eta gobernuaren itsukeriaren aitzinean, datorren apirilaren 2an, Bakegileen deialdira batzeko deia luzatzen du EHBaik. JON, JAKES, UNAI eta gaineratiko presoak etxeratzeko gakoa garelako! Etxean nahi ditugulako! Horregatik, bestalde, gure herri aldarrikapenak egiten eta eraikitzen segituko dugu. Apirilaren 17an Azkainen ospatuko dugun Aberri Egunean, Euskal Herriak burujabetza behar duela argi eta ozen adieraztera deitzen zaituztegu. (...)