Ahalduntze feminista, borrokaren ondorioa

PrintFriendly and PDF
Liburuaren egilea eta liburuko protagonistak. Argazkia: Amaia Lekunberri.

Liburuaren egilea eta liburuko protagonistak. Argazkia: Amaia Lekunberri.

Bizkaiko zahar etxeetan 378 egun iraun eta 2000 emazte mobilizatu dituen grebaz hitzaldia iraganen da, ostegunean, martxoaren 7an, MRA Fundazioaren, egoitzan Baionan, arratseko 20:00etan. « Berdea da more berria. Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak » liburuaren egilea den Onintza Irureta Argiako kazetariak, 2016-2017ko Bizkaiko zahar etxeetako greba zergatik borroka feminista izan den aurkeztuko du Bizi! mugimenduaren « Ekofeminismoa » eta « Euskaraz Bizi!n » lan taldeek antolatzen duten gaualdi berezi honetan. Jarraian, Argia astekariko liburu berri honi buruzko aurkezpen artikulua.

2016ko martxoan hasi zen. Ia bi urtez luzatuko zen borroka, 378 egun greban. Bizkaiko zaharren egoitzetako langileak kokoteraino zeuden. Ia langile guztiak emakumeak ziren, zaintza lanak egiten dituzten gerokultoreak, lan baldintza kaskarretan. Ustekaberik ez, zaintza beti bezala emakumeen ardurapean, ordainik gabe edo gaizki ordainduta. Bosgarren hitzarmena sinatzea garaipena izan zen, baina borroka hark lan baldintzak hobetzea baino dezentez gehiago lortu zuen: emakumeak ahaldundu ziren, zaintza erdigunean jarri zuten, gizartea sentsibilizatzea lortu zuten, eta beste sektore feminizatu prekarioentzat eredu eta hauspo izaten ari da. ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz Institutuak eta ARGIAk elkarlanean, Berdea da more berria liburua argitaratu dugu, borroka haren giltzarriak grebalarien ahotik kontatuz.

Sektoreko patronalari oilo ipurdia jarri zitzaion ELAko ordezkari sindikalek bosgarren hitzarmenerako eskatu zituzten hobekuntzak entzundakoan. Baina sinatu zituzten: urtean 140 euroko igoera soldatan; urtean 106 lanordu gutxiago 1.592 ordura iritsi arte; 20 minutuko atsedena; bajak ehuneko ehun kobratu; igandetako eta gaueko plusaren igoera. Ugazabak ez zeuden ohituta emakumeek gizonen pareko lan baldintzak eskatu eta lortzera.

Su geldian landutako garaipena izan zen, eta lan baldintzez harago, grebak urte luzez sindikatuak landutako hainbat lorpen eta indargune lehen lerrora ekarri zituen. Motz geratzea litzateke esatea lan gatazka hutsa izan zela borroka hura. Emakume grebalari askoren sentsazioa izan da adar asko izan dituela greba luzeak. Hasteko, 2016a baino dezentez lehenago ELA Bizkaian egituratzen hasi zen sektorean, ehunka emakumek sare indartsua osatzea lortu zuten. 2016ko udaberrian, feminismoan eta lan gatazketan zaildutako langileak zein eskarmentu gutxi eta protestarako beldur handia zuten beharginak elkartu ziren. Ahalduntze prozesu indibidual eta kolektibo indartsuak bideratzea lortu zuten. Sektorearen hamarkadetako ibilbidean inoiz ez bezala, ordezkari sindikal multzo batek protagonismo erabatekoa hartu zuen, ia denak emakumeak ziren. Negoziazio mahaietan emakumeak nagusi ziren, patronal ia guztiz maskulinoaren aurrean. Maiz sutu ziren emakumeok, aurpegiratu zietenean sindikatuaren txotxongilo zirela.

Elkarren artean antolatzen ikasi zuten eta inoiz baino garbiago izan zuten jomuga: ugazaben pentsaera matxistaren lekuko izan ziren negoziazio mahaietan eta erakunde publikoek aspalditik abian zuten pribatizazio politikaren ondorioak ulertu eta jasan zituzten.

Hedabideetan eta kalean indar erakustaldia egin zuten, batez ere Bizkaian. Gaia oso hauskorra zen, epe luzeko greban pertsona zaurgarriak, zaharrak eta arazo psikiatrikoak zituztenak, zaintza egokirik gabe geratuko ziren. Urte askotan egindako lanuzteetan oso ohikoa zuten ‘krudelak’ eta ‘kriminalak’ zirela entzutea: zaharrak abandonatzea egozten zieten langileei. Tortillari bira ematea lortu zuten, ordea, azken greban. Sozializazio eta sentsibilizazio kanpainen bidez mezua gizartean sartzea lortu zuten: egoiliarrak ez daude ondo zainduta langileek lan baldintza duinak ez badituzte. Zaintza lanak balioan jartzeko garaia zen. Langileek zuzenean lotu zituzten haien egoera laborala eta egoiliarren bizi kalitatea. Grebalariek sarritan salatua zuten pertsonak makinak moduan tratazera behartzen zituztela. Hala esan zion ordezkari sindikal batek zuzendariari: “Zaharrak kroketak moduan dira, arrautza-irinetan pasatzen ditugu: ri-ra, ri-ra, hurrengoa!”. Sektorearen historian lehen aldiz egoiliarren senideek elkartea sortu zuten grebalariak babesteko.

Bide-erakusle izango ote da 2016ko greba?

Lehen lerroan aritu ziren ordezkari sindikalek ELAren babesa aipatu dute. Giza baliabideak, egitura juridiko sendoa, eskarmentua, eta erresistentzia kutxa. Greba luzea izan zen, besteak beste, sektore feminizatua zelako, emakumeen borroka izan zelako. Bada, gero eta gatazka gehiagok dute emakume aurpegia. Patronalek aintzakotzat hartzeko imintziorik ez badute egiten, gatazkek gogorrak eta luzeak izateko aukera asko dituzte. Nola euts dakieke, eta batik bat, nola irabaz daitezke halako demak egitura sindikal indartsu bat izan ezean?

Langile grebari greba feminista ere deitu zaio. Nola eragingo dio aurrerantzean borroka mota honek gatazka gidatu duen ELA sindikatuari? Sindikalismoak eredu maskulinoa izan du eta hala izaten jarraitzen du. Borroka honetan, eredu hori pitzatzeko pausoak ikus daitezke. Greba hau eta gero, sindikatuak bere buruari klase-sindikatu feminista deitu dio. Azkenaldian kudeatzen ari den gatazka askotan emakumeak ari dira borrokan, eta ELAn gero eta emakume gehiago ari dira izena ematen. Jada afiliatuen %45 emakumeak dira. Baina ELAtik harago, nola eragingo ote du 378 egun iraun dituen borroka feminista honek, orokorrean, sindikalismoan? Eta lan-harremanak ulertzeko moduan? Zaintzari gizarteak ematen dion balioan?

Berdea da more berria. Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak liburuan greba bere dimentsio zabalean ulertzeko pistak eman ditugu, emakume borrokalarien eskutik.

Afitxa

“Berdea da more berria. Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak” liburuaren nondik norakoak

Liburuko protagonistak emakume grebalariak dira. Zortzi borrokalari elkarrizketatu ditugu: Maribel Sampedro Martínez, Ainhoa Menéndez Llamosas, Marina Costa Bonome, Verónica Aguado Otero, Lara Góngora Góngora, Marisol Rueda Espinha eta Aitziber Tolosa Contreras. Haien ahotik kontatzen da 2016ko greba handia. Halako indar erakustaldia ez da, ordea, hutsetik sortu. Liburuaren lehen zatian, 1980ko urteetara egin dugu atzera. ELA sindikatuak sektorean egindako apustuaren giltzarriak azaldu ditugu eta egoitzetako emakume zaintzaileen hazte prozesua kontatu.

Egilea: Onintza Irureta Azkune.

Hitzaurrea: Irantzu Varela Urrestizala.

Argia liburuak, 2019, 144 orrialde

Liburu aurkezpenak : Otsailak 20, Bilbo · 19:00 Bira Kultur Gunea Martxoak 7, Baiona · 20:00 Manu Robles-Arangiz Fundazioaren egoitzan