Aitaren etxea

PrintFriendly and PDF
Michel Bidegain
Michel Bidegain
Ancien enseignant d'université, collaborateur d'Enbata et d'Ehlg, co-fondateur de Gure Irratia.
D'autres articles

CôteBasqueBigarren egoitzen arazoa aspaldikoa da Iparralde hontan. Hobeki erran, lehen eta bigarren egoitzen arteko desoreka. Alabainan, munduan zehar beste itsas bazter askoren gisara, Ipar Euskal Herria oporretako edo erretretako koka gune bilakatua da azken mendean. Egoera honek dakarzkien ondorioak denek ikus eta bizi dituzte. Etxe lur eta bizitegien garestitze ikaragarria, baita ere kolektibitateentzat azpiegitura (bide, ur, argi indar, zikin biltze…) gastu haundiak.

Ez da jendetza migrazioa agortzekotan. Munduko bizitzalegoaren 80% jadanik itsasotik 100 kilometrotan edo guttiagotan bizi da. Itsasoaren tropismoa dela eta, demografek aintzinikusten dute hemendik hogoi urte barne Hexagonan bost edo berdin hamar miliun bizitzale barnekaldetik itsas saietsetarat etxaldatuko direla.
Ipar Euskal Herri hontan arazoa beste toki batzuetan baino minberagoa da. Alde batetik gure eremua ttipia delakotz, bestaldetik euskaldunek, jadanik aspaldian guttienduak girelarik, erdaldun uholde horrek are ta gehiago itotzen ari gaituela senditzen dugulakotz. Hori azpimarratzen duenari berehala arrazizmo, xenofobia edo irredentizmo auzia egina zaio. Akusatzailerik bortitzenak Frantzia kanpotikako etorkineri, izan ditezen Europa ekialdeko ijitoeri ala Afrikatik datozen iheslari ekonomikoeri, debekatu nahi lieketenak. Hemen ez omen da mugarik behar, Frantziaren inguruan aldiz bai!

Bizpahiru xifre. Insee-en 2009-ko kondaketaren arabera, Baionako herri elkargoan (BAB, Bidarte, Bokale) 80.200 bizitegietarik 15.800 (%19,7) bigarren egoitza dira. Euskal Herri hegoaldea deitzen den herri elkargoan (Getaria, Ahetze, Arbona, Donibane, Ziburu, Urruña, Hendaia, Biriatu, Sara, Azkaine, Senpere), berriz, 47.800 bizitegietarik 15.100 (%33,7). Iparralde gaineratikoan beste bospasei milako bat badagoela diote. Orotarat kasik 40.000 bigarren egoitza badira gure hiru probintzietan.
Eta ez dira denak, urrundik ere, bigarren egoitzatzat eraiki etxe edo apartemenduak. Gertatzen dena da bizitegi nagusi asko bigarren egoitza bihurtzen dela, belaunaldi bat edo biren buruan. Bizitegiak eraiki arau, fenomenoa haundituz doa. Ez da hortaz ikerkuntzarik egin oraino, bainan joera nabari da.

Horrelako bizitegi huts kopuruak ondorio sozial eta ekonomikoak dauzka. Konkurentziaren legez, lurren eta bizitegien garestitzea, espekulazioa, laborantza lurren galtzea, familia gazteen kostaldetik haizatzea, bizi toki eta lan tokiaren arteko distantziak luzeagotzea, besteak beste. Sozialki oraino mingarriagoa, hilabete sari apalekilako gazteen eta mozkin oneko erretretatu zaharren arteko aldea haundituz doa.

Horrelako bizitegi huts kopuruak
ondorio sozial eta ekonomikoak dauzka.
Konkurentziaren legez,
lurren eta bizitegien garestitzea,
espekulazioa, laborantza lurren galtzea,
familia gazteen kostaldetik haizatzea,
bizi toki eta lan tokiaren arteko distantziak luzeagotzea, besteak beste.

Arazo horieri guzieri erantzun politikoa eman behar zaie, gerorako hobekuntza zerbait ekarriko duten hautu politikoak egiteko. Hortarako, datozen herri hauteskundeetako kanpainaren erdi erdian ezarri behar da etxebiziten problema. Zorionez, hori da zerrenda abertzaleek beren lehen eginkizun asmoetan jartzen ari dutena. Are ta abots gehiago entzun behar da legearen aldatzea eskatzeko, bizitegi hutsek zerga gehiago ordain dezaten. Alur legea, Duflot legea deitzen zaiona, eztabaidan da mementoan legebiltzarrean. Parada hauta dute sozializtek, lehen lehenik gure bi deputatuek, legea alde hortarat bihurrarazteko. Eta ez badute egiten, konduak eskatzeko tenorea etorriko da udaberrian.

Deus ez du balio han edo hemen hiruzpalau etxe huts erretzeak. Intentsibitate apaleko borrokak ezer ez du baldintzatzen, are gutiago lortzen. Miarritzeko edo Donibaneko bospasei mila bigarren egoitzari su emaiteak baluke oihartzun. Bainan hori ametsetako lukinken erretzea da. Anartean, amalgamak beti bere lana egiten baitu, horrelako ekintzek prestatzen ari diren zerrenda abertzaleeri on baino kalte gehiago ekarriko die. Ezer erdietsi gabe.