Bakea Euskal Herrian: Orain Presoak

PrintFriendly and PDF

BAkegileakBake Bideak eta Bakegileek uztailaren 5ean arratsaldeko 6.30tan elkarretaratze bat antolatzen dugu Baionako Suprefetura aitzinean, “Bakea Euskal Herrian: Orain presoak”» lemapean.

Uztailaren 5ean, azken 30 urtez preso eta bizi osorako presondegira kondenatua den Frédéric “Xistor” Haramboure presoaren baldintzapeko askatasun galdearen erabakia emanen dute. Joan den maiatzaren 7an aztertua izan zen galdea eta prokuradorea berriz ere bere libratzearen kontra agertu zen.

Oroitarazteko, Unai Parot, Ion Parot, Xistor Haramboure eta Jakes Esnal 1990eko apirilean izan ziren atxilotuak. Ion Parot, Xistor Haramboure eta Jakes Esnal Pariseko auzitegiak bizi osorako zigorrera kondenatu zituen, Espainiako auzitegi gorenak Unai Parot 30 urtera kondenatu zuen (10 urte gehiago ditu betetzeko beste auzi batengatik). 2019ko apirilean, haien 30. presondegi urtea hasi zuten.

Bizi osorako zigorrarekin batera segurtasun epe bat eman zieten, Xistor eta Jakesen kasuan 18 urtekoa eta Ionen kasuan 15ekoa. Urte hauek bete arte ezin izan dute baldintzapeko askatasunik galdegin, eta horrek erran nahi du 2008tik baldintzapean libre egoten ahalko zirela Xistor eta Jakes eta 2005etik Ionen kasuan. Hiruek behin baino gehiagotan baldintzapeko askatasuna galdegin izan dute azken urte hauetan. Aztertuak izan diren galdeak beti ezeztatuak izan dira, 5 aldiz Ionen kasuan eta aldi batez beste birenetan.

Bakearen bide horretan aitzinatu ahal izateko, modu orekatuan egin behar dugu, bake prozesua osatzen duten bi elementu kontuan hartuz: biktima guztien gaia, aipatu dugun bezala ekainaren 7ko topaketan eta presoena. Ezin da egia eta erreparazioaren ariketa bururaino eraman, kartzela politikak aldatzen ez badira.

Justizia ministerioarekin eztabaidak hasi zirela bi urte eskasera, gauzak mugitu dira, paisaia berri bat marraztu da: atzo ofizialki existitzen ez zen arazo bat, konpondu beharreko zerbait da gaur! Preso batzuk hurbilduak izan dira. Baina salbuespenezko neurriez harago, koadro juridikoa bake prozesuari egokitzea ezinbestekoa da, hemen beste edozein herritan bezala. Ezinbesteko gauza da, pentsaezina baita elkarbizitza posible dela pertsona batzuk oraindik 10 edo 20 urte preso pasa behar badituzte, ondorio mingarriak konpontzen ari garen gatazka batean.

Denbora pasatzen da eta presa dugu! Eta pasatzen den denborak ekintza azkarrak eskatzen ditu: hurbilketak azkeneraino gauzatu behar dira eta DPS estatutua kendu behar zaie preso guztiei. Xistor Haramboure, Jakes Esnal, Ion eta Unai Parot askatu behar dira. Uztailaren 5ean, Xistorren baldintzapeko askatasunaren erabakia ONA izan behar da. Trantsiziozko justiziaren mekanismoak martxan jarri behar dira, Taubirak ekainaren 7ko topaketan azaldu duen bezala.

2017ko abenduaren 8an Pariseko karriketan “Orain presoak!” lemapean mobilizatu ginen, 2019ko urtarrilaren 12an Baionan eta Bilboko karriketan eta ekainaren 7 eta 8an Biarritzen. Aktualitatea bizi-bizian den herrian, berriz ere agintari gorenei oroitarazi diegu bake prozesu batean tratatu beharreko ezinbesteko gaia dela presoen gaia.

Zentzu beretik Bake Bidea eta Bakegileek elkarretaratze bat antolatzen dugu uztailaren 5ean arratsaldeko 6.30tan Baionako Suprefetura aitzinean “Bakea Euskal Herrian: Orain presoak” lemapean.