EHB eta EHB

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Enseignant en communications audio-visuelles à l'Université Mondragon. Ex-journaliste de Berria. Ecrivain.
D'autres articles
Lapurdi gela bete betea EHBAI berri baten eraikitzeko1

2014eko abenduaren 20an, Lapurdi gela bete betea EHBAI berri baten eraikitzeko

Uztaritzeko Lapurdi gela ezkontza eta dibortzio frankoren lekukoa izan da. Joan den abenduaren 20an Euskal Herria Bai koalizioa mugimendu politiko iraunkor bihurtu zen. Hogei bat urte lehenago, gisa bereko  erabaki bat hartu zuen Abertzaleen Batasunak. Ordu arte koalizio zena, mugimendu politiko bihurtu zen 1995ean (artean, Lapurdi gela oraino eraikitzekoa zen, baina biltzar nagusi hura Uztaritzen izan zen). Duela hamahiru urte, berriz ere Lapurdi gelan, Abertzaleen Batasuna bitan zatitu zen. Ondoko urteetan, Batasuna alderdiaren eta Abertzaleen Batasunaren arteko harremana txarra izan zen, 2007tik goiti Euskal Herria Bai koalizioan elkartzen hasi ziren arte, Eusko Alkartasunarekin batera.

Urte horietan gauzak anitz aldatu dira. Hobe da ahanztea Herritarren Zerrendako hautagaiak ABko kideak kalifikatu zituela “beren burua abertzaletzat daukaten” pertsona gisa. Hobe da ahanztea 2002ko Aberri Egunaren giroa, eta ETAren erantzun gogorra, AB, EA eta Aralarren kontra. Ahantz bedi, baita ere, Aralarrek Euskadiko Ezkerraren bilakaera izanen zuela ziotenen iragarpena. Abertzaleen arteko gaiztakeria aroa iraganekoa da, eta hala egon bedi. Hobe da ahanztea, baina ez da kalterako izanen onartu behar dutenek onar dezaten zer astakeria erran zuten disidentziaren kontra.

Zorionez, zatiketa mingarri haren arrazoiak indargabetu dira. Nagusia, borroka armatua. Lizarra-Garaziko itxaropena bat-batean mozturik, kalapita handiak izan ziren ABren baitan; Hegoaldean, Aralar alderdia sortu zen. Ez zen garai hoberena alderdi nazional batu bat sortzeko, desadostasun hain sakonak izanik. Beste arrazoia, politika nazionala ulertzeko moduan zegoen. Borroka armatua desagertu da, eta beraz bateratzea anitzez errazagoa da, orain. Politika zentralizatu baten beldurra haizatu dela ere iduri du. Gaur egun, Ipar Euskal Herriak bere mugimendu politikoa edukitzea – eta Hego Euskal Herriak berea – izan daiteke horren erakusle.

Prozesu “asimetrikoaren” alde ari ziren, AB eta Aralar bereziki. Oraingo egoeran, ildo hori zabaldu dela ageri da. Horiek horrela, egoera politikoaren aldaketa handien ondorioz, berrazter daiteke alderdi, koalizio edo mugimendu nazionalen inguruko postura.

Euskal Herria Bai sortu zen Ipar Euskal Herrian, 2007an. AB, EA eta Sortuko kideak dira mugimendu horren parte. Hego Euskal Herriko koalizioa Euskal Herria Bildu da, Alternatiba, Aralar, EA eta Sortu alderdiak elkartzen dituena. Biak dira EHB; bietan daude EA eta Sortu; Aralar eta Alternatiba ez daude EH Bai-n; AB ez dago EH Bildu-n. Funtsean, alderdi batzuen hedadura geografikoaz gain, ez dago desberdintasun handirik, ildo politikoari dagokionez.

Ez ote da mementoa etorri gogoetatzen hasteko Euskal Herri osoan izen bereko mugimendu bakarra sortzeari begira? Azken urteetan garbi gelditu da ez dela nahi mugimendu politiko zentralizatu bat; halaber, EH Bildu eta EH Bai-en esperientziatik abiatuz, ikusi da aberasgarriagoa dela aniztasuna kontuan hartzen duen mugimendu bat, ildo politiko hertsi bat baino.

Oinarri horiek errespetatuz, urrats bat gehiago egin daiteke, Hegoaldeko eta Iparraldeko mugimenduak elkartzeko. Testuingurua duela hamabi urte baino hobea da. Eta Euskal Herriak badu beharra elkarrekin gauza gehiago egiteko, alde bakoitza ez dadin sobera egon bere aldera begira. Elkar errespetatuz, elkar lagunduz eta elkarrekin lan eginez, garai berrietara egokitu eta nazio eta osotasun ikuspegiz aitzinatzeko baldintzak badaude.

Un commentaire

  1. Alexandre
    Publié le 06/01/2015 à 21:35 | Permalien

    Zure galderari: Euskal Herri osoan izen bereko mugimendu bakarra sortzeaz?, erantzunik ez daukat. Beldur naiz batzuek itzuliko dutela abertzale gehienek nahi luketeen mugimendu bakarra sortzeaz?.

    Nire galdera hau liteke: Euskal Herrian bizi direnentzat zer egoki liteke?
    Erdal giro batetan bizi direnentzat zer onartuko lukete?
    Kanpotik Euskal Herriratu direnentzat zer eskaini ginezake?

    Aldi berean, gure begirada behar ginezake zabaldu, hoietako gertakari kontutan hartzeko:
    Ortzal ibarreko gazteak Iruñan euskaraz kantuz.
    Euskal herri/kultur/bizia elkargarria dugu. Nola erantzun horri?