EHZ, 20 urtez alternatiben mintegi

PrintFriendly and PDF

LANDEIA-2015-05-18-Pantxika MaitiaPantxika Maitia, gaur egun Kanaldude Herri Telebistako langile eta animatzaile ezaguna da. 20. urtemuga ospatzen dituen Euskal Herria Zuzenean Festibalarekin 1996ean berean topo egin zuen. Zonbait gogoeta partekatzen dizkigu.

EHZ Festibala sortu zen 1996an. Zertan ari zinen garai hortan?

1996an, Irulegiko Irratiko langile nintzen. Animatzaile eta kazetari lanaz bestalde, administralarien ondoan, kudeaketa lanetan parte hartzen nuen ere. Irratiko beharrak haunditzen, langile taldea garatzen… Ordu haietan ere ez zen garai errexa, bereziki diru aldetik. Irratiari datxikola sortu genuen Oiharzuna elkartea irratiaren aldeko sustengu kanpainak antolatzeko bai eta ere herriz herridiru biltzeak, urtatseko afariak, kantaldiak, kontzertuak, etabar…

Nola topatu duzu EHZ Festibala?

Garai hartan, Txetxek hitzordua galdegin zigun festibalaren proiektua aipatzeko. Irratiko talde ttipi bati aurkeztu ondoan, erabaki genuen ez ohizko bilkura bat egitea langile eta laguntzaileen artean. Kasik 30 bat pertsona bildu ginen Duzunaritze Etxartian. Txetxek kostaldeko Piztu elkartea aurkeztu zuen, festibalaren helburuak, proiektua Irulegiko Irratiarekin partaidetzan antolatzeko arrazoinak etabar. Gero, kostaldetik ere zetorren Lofek antolaketa guzia zehaztu zigun, teknika etabar. Irratiko kideen galdera guzieri erantzun ondoan. Txetxek aurrekontua aurkeztu zuen baita lehen ediziotik beretik espero ziren etekinak. Aurrekontuaren aipamenak ainitzen baitan duda eta beldurra sortu zituen, alabainan Irratiaren urte bateko aurrekontuaren pare agertzen baitzen hiru egunetako festibala…

Zerk animatu zaitu EHZ bezalako proiektu batean sartzerat?

Pertsonalki, erronka ainitz ikusten nintuen holako proiektuan murgiltzean. Antolaketa eta kudeaketa “erraldoia” ikasteaz eta bizitzeaz haratako, zubi frangoren eraikitzeko parada emana zitzaigun: kostaldea eta barnekaldearen artean, laborari eta hiritarren artean, euskaldun eta erdaldunen artean, belaunaldi ezberdinen artean … erakustea gai ginela kolektiboki mobilizatuz, bolondresen indarrak bilduz, diru laguntzarik eskatu gabe, festibal alternatibo baten antolatzea. Hots, “Populuen eurock”-a “World company” aren kontra…

EHZ, hasieratik alternatiben mintegi eta formakuntza gune izan da, ezta?

Lehen edizioan berean kontzertu eta animazioek gogoeta eta debateari lekua utzi zieten, hainbat arlotan. Hola zen sortu, besteak beste “Arrosa” irrati libreen sarea.

Hasieratik inplikatu naiz festibalaren antolaketa orokorrean, diru eta kudeaketa taldean parte hartuz. Harro naiz 20 urteren buruan azpimarratzea EHZk moldatu, formatu eta egin nauela.

Ainitz zor diot festibalari. Eta azken urte hauetan Iparraldean izan diren ekimen gehienak, festibaletik iragan militanteen eraginaz daude. Talde dinamika gehienak EHZ eskolan haziak eta
heziak izan dira.

Zein dira azken 20 urteetan EHZk lortu dituen gauzatzeetarik azpimarragarrienak?

Aipatu bezala, EHZ esperimentazio gune bikaina izan da. Baso berriak, lekuko ekoizpenen zuzenezko erabilpena ostatuetan, hondakinen bereixte heziketa, bideogintza saileko ariketak Kanaldude lekuko telebista parte hartzailearen eskutik, etab. EHZ Festibalan dira indartu.

Bestalde, EHZ Festibala laguntzaile bakoitzaren auto eraikuntza ahalbidetzen segitzen duen izugarriko tresna bat da, laguntzaile belaunaldi osoak herriaren aldeko atxikimenduari eta antolaketa orokorrari inplikatu dituenak. Eredugarri da ere ohartzea transmisio kateak segitzen duela (hasierako eragileek utziz proiektua gazteen esku, konfiantza eginez…), kudeatzaile taldeak hiruzpalau urteetarik berritzen dira. Nahiz garai zailak bizi (zailtasun ekonomikoak edota haize ukaldi azkarrak), ororen gainetik gazteek burua xut segitzen dute, helburuak argi, festibalaren errotzeko xedea sekulan baino azkar mantenduz.

EHZren 20 urteen kantua entzungai da Badok.info euskal  musikaren atarian. Bi kantuk osatzen dute lana eta honako artista hauek  hartu dute parte: Aguxtin Alkhat, Kamila Zubeldia, Xabi Etxeberri, Jokin Irungarai, Kamil  Dizabo, Paxkal Irigoyen eta Davi Ondars « Goliath ». Grabaketak Pako  Etxebersen estudioan egin dituzte.

Honako lotura honetan aurkitu dezakezue: www.badok.info/euskal-musika/EHZ%20Festibala/ehz-2015