FDSEA bazter nahasten, Euskal Herriko kondaketa errefusatu ondoan

PrintFriendly and PDF

elb

ELB – Euskal Herriko Laborarien Batasuna

Astelehenaz geroz Euskal Herriko bozkatzaileen zerrendak publiko dira, Paueko laborantxa ganbarako hauteskundeen kari. Pentsatua zen bezala, parte hartzea aise azkarragoa izan da Ipar Euskal Herrian, zerrendetan diren %61a inguru. Xifre hau, joan den astean ELBk bere emaitzaren kalkulatzeko pentsatua zuena baino gorago da (Euskal Herrian parte hartzea 4 punduz goragoa zela estimatua ginuen, zerrenden plazaratzeak erakusten duelarik 6,5 punduz goragoa dela). Ondorioz, 1267 bozekin, bozken %48,6a biltzen du ELBk Euskal Herrian, 2013an baino hobeki. Hauteskunde hauetan aurkezten girenaz geroz, gure emaitza hoberena egin dugu ere departamendu mailan (%24,21). Hau guziari esker, hain segur ipar Euskal Herriko lehen sindikata girela aipatzen ahal da.

Alderantzizkoaren erraiteko eta bereziki Euskal Herrian gehiengoa duela aintzinatzeko, FDSEAk dio Coordination Rurale sindikatak boz bat ere ez duela egin Euskal Herrian, alta 451 boz egin dituelarik departamendu osoan. Nork sinesten ahal du hiru zerrenda badirelarik lehian lurralde batean, batek ez duela batere bozik egiten? Ez laborari batek, ez kanpotik begira den batek ez du holakorik sinesten ahal! Coordination Ruralek betidanik bozak bildu ditu Euskal Herrian. Aldi huntan, 75 boz bildu baditu bakarrik hemen, eta dudarik gabe egin ditu, aski da ELB FDSEAren aintzinean izaiten segitzeko.

Mezu faltsu eta gezurrak erabiliz, FDSEAk segitzen du bere helburuan: bazterrak nahasi, laborarien buruan duda ezarri eta sindikatuen arteko gerla akulatu, laborariek ez dutelarik alta holakorik nahi.

Egoera hau saihesten ahal zen FDSEAk onartu balu Euskal Herri mailako kondaketaren galdegitea, ELBk proposatu zaion bezala. 2017ko udatik hasi ziren ELB eta EHLG, FDSEA eta Paueko Laborantxa ganbarari proposatzen galde amankomuna egina izan zadin administrazioari Euskal Herri mailako emaitzen eskuratzeko. Proposamena errepikatua izan zaie bainan ez da onartua izan.

Ikusiz parte hartze azkarra izan dela Euskal Herrian, laborariek merexi dute jakitea zoin diren xuxen indar bakotxaren emaitzak. Xifreen eta hipotesien gerlak laborariak desgustatzen ditu eta ez dute gehiago baliorik atxemanen bozka hauetan parte hartzeko. Administrazioari deia egiten diogu errealitate hau kondutan har dezan eta geroari buruz behar diren medioak har ditzan ez dadin holakorik berriz gerta.

ELBren emaitzak bi toki emaiten dizkio Paueko laborantxa ganbararen baitan. Halare ELBk erabaki du bere hautetsiek ez dutela parte hartuko departamenduko laborarien erdiaren boza entzuten ez duen batzar hortan. Hamabi urtez parte hartu gabe egon ondoan (2001-2013), entsegu bat egin du berriz ELBk, parte hartuz azken mandata hortan. Pauen gure hautetsieri buruz FDSEA-JAk duen jarrerak, alde bateko mespretxuak, gure proposamenen errefusatze sistematikoak konfirmatzen daukute beste laborantxa mota baten defentsaren egitea Paueko laborantxa ganbaran denbora galtzea dela.

Nahiago ditugu gure indarrak pragmatismoz eman, laborariak eta laborantxa herrikoia defendiatuz egunerokoan gure ekintzen bidez eta EHLGren garapen lanaren bidez. Aktiboki galdeginen dugu ere Euskal Herriko Laborantxa eta Elikadura Erakunde publikoaren sortzea, indar sindikala guziak eta lurraldeko laborantxa egitura guziak bilduko dituena, eta laborarien lan saria, kalitatezko laborantxa eta etxalde ainitzen atxikitzea izanen dira gure lehentasunak egitura berri hortan.