G7ren kontrako borroka Euskal Herrian: ekarpena barnetik

G7EzSinatzaileak (ordena alfabetikoan) : Jakes Bortayrou, Dominika Daguerre, Tomax Elgorriaga, Paxi Etchepare, Iraitz Gesalaga, Izaskun Goienetxea, K. Hellias, Haizea Isasa, Bertrand Lataillade, Hartzea Lopez, Martine Mailfert, Danielle Mesple, Julen Rodriguez, Laurent Thieulle (G7 EZ plataformako kideak).

Biarritzeko G7ren kontrako borrokari buruzko lehen analisiak eta kritikak agertu dira. Eta militantzia korronte desberdinek oharrak argitaratzen jarraitzeko parada izanen dute.

G7 EZ! plataformako kide aktibo gisa, guk ere, kontra gailurraren antolaketari eta ondorioei buruzko gure ikuspuntua adierazi eta jakinarazi nahi dugu. Gehienek gailurrari aurre egin dioten egituretan parte hartzen dugu, baina testu hau gure izenean eztabaidatu eta idatzi dugu. Gure akatsak edo ahuleziak erran eta erran ari izan ordez eta historia berridazten entseatu baino, nahiago dugu bizitakoa irakaspen gisa hartu, gure etorkizuneko engaiamenduentzat lagungarria izan dadin.

Kontra gailurraren biharamunean, G7 EZ! eta Alternatives G7 plataformek ohar bat argitaratu zuten. Orduan, kontra gailurraren irakurketa aski positiboa egiten zuten. Aldiz, Euskal Herriko plataforman parte hartu duten erakundeen eta pertsonen bilana ez da hain baikorra. Askoz gorabeheratsuagoa da. Gure jarrera ulertzeko, eta kontra gailurrean dinamika masiboagoen eta borrokalariagoen falta ulertzeko, emaitzak erabat baldintzatu dituzten hiru arrazoi aipatuko ditugu bereziki: Euskal Herriko plataformaren sorrera eta garapena eta honek Frantziako plataformarekin izan duen harremana, administrazioarekin izandako harremanak eta harekin egindako akordioak, eta militantzia forma desberdinen egoera erreala. Kontuan hartu behar da ere Euskal Herriko ezkerreko mugimendu desberdinetan gaur egun dauden gatazkek ez dutela batere giro eraikitzailea sortzen lagundu, ez plataformaren barnean, ez kanpoan. Azkenik, abentura honetan bizi izan diren puntu baikorrak azpimarratuko ditugu ere.

1. Hastapen eta helburu desberdinak

Lehenik, erran dezagun diagnostikoarekin huts egin dugula. Euskal Herrian militante sare azkarra dago, Frantzian mugimendu sozialak indarra hartzen ari dira, eta aurreko kontra gailurrak ikusirik, uste genuen denek elkarrekin eta bakoitzak bere aldetik G7ren kontra modu eraginkorrean borrokatzen ahalko genuela.
Hasieratik plataforma zabala1 eratzeko erabakia hartu zen. Alta, elementu anitz ezezagunak zitzaizkigun: adibidez, gisa horretako aurrekari baten falta (gailurraren kontrol eta babes baliabidea). Eta gauza anitz gutxietsi genituen: adibidez, kontra gailur bat antolatzeak galdatzen duen denbora. Gainera, ez genuen bereziki indarrak metatzera bideratutako tresna baten sortzeari eta animatzeari buruzko esperientziarik. Uste genuen oinarrizko funtzionamendu arau batzuk onartuz gero eta ekintzen helburuei eta moduei buruzko eztabaidetan sakonduz gero, gure arteko desadostasunak desagertuko zirela. Baina ez da hala izan, bereziki antolakunde bakoitzak erabakiak bere aldera ekartzeko duen ohiko joeragatik eta batasuna mantentzeko temagatik (azalekoa izanik ere eta plataforma barnean ikuspuntu arras desberdinak egonik ere).

G7 EZ! plataforma orokorrean begi hutsez eraiki eta gidatu da. Plataformaren baitako indar harremanak aldakorrak izan dira. Norabidea horiek markatu dute. Jakinik gainera antolakunde izenpetzaileen erdiak ez duela benetan plataforman parte hartu. Hala, diruaren gaia, aukeratu beharreko konfrontazio maila, komunikazioa eta kanpaldiaren antolaketa aurreikuspen handirik gabe kudeatu dira. Guk, berriz, puntu gatazkatsu bat agertzen zen bakoitzean, ez ditugu bazterrak inarrosi nahi izan, onartutako gutxieneko engaiamenduak bete zitezen eta abiatutako lana ez zedin bat-batean gal.
Horregatik, gailurraren blokatzeko xedeei uko egitea (plataformaren hasieran erabakitako ekintza moldeetarik bat) edo azken momentuan kontra gailurraren eremuan plataformarena ez zen ekintza mota oro ezinezkoa bilakatzen zuen « ekintza moldeei buruzko kontsensua » onartzea ez ziren plataformako taldeen aniztasunarekin bateragarriak. Gainera, halako erabakiek taldeen arteko desadostasunak areagotu zituzten. Eta ondorioak orain ezagunak dira: kontra gailurra nagusiki alternatibak erakustera eta mobilizazio sinbolikoak egitera mugatu da, G7 eragozpenik gabe gertatu da eta egun horietan elkarrekin lanean aritu diren militante sektore batzuen arteko distantziak emendatu dira.

2. Abantailak denentzat edo estatuaren tranpa hezitzailea?

Aginteak gure bazterrak ongi ezagutzen ditu. Neutralizazio estrategikoan ari izan da, disuasio eta negoziazio teknikak erabiliz G7ren kontrako borrokaren antolatzaileekin. Eta horiek faktore garrantzitsuak izan dira gure plataformak norabide orokorrak finkatu behar izan dituelarik. Legeak inposatu mugetatik kanpo kontra gailur bat sustatzeko nahikari eta ahalmen eskasean, prefeturak inposatu dizkigun neurri andana batean ito gara. Eta horrek propaganda mediatikoari bide eman dio. Psikosi giroa sortu da. Tokiko funtzionario, hautetsi eta erakunde askok beldur giroa aktibatu dute. Eta hala ezin hobeki prestatu da hamar milaka poliziaren eta jendarmeen etorrera. Legearen kontrako erresistentzia saiakera oro isilarazteko prest ziren.

Beste nonbait oso analisia ona egin da. Lekuak eta gertakariak negoziatzen hasi garen unetik, aginteak eginahalak egin ditu gure nahikundeak nahikunde ilaun bilakatzeko. Horretarako, tresna eta baliabide eraginkor anitz ditu: gure gertakarien antolaketan etengabeko sarraldiak egin ditu, kontra gailurraren ia kudeaketa kide bilakatzeraino, desadostasunen edo akordioak ez errespetatzearen kasuan lege oroitarazteak, mehatxuak eta gezurrak egin ditu, gailurrak eta kontra gailurrak interes berak partekatzen zituztela publikoki behin baino gehiagotan adierazi ditu, solaskide omen « serios eta arduratsuak » hertsatu ditu, mugimendu omen erradikalen kontrako errepresio mehatxuak zabaldu ditu. Teknika guzti horien aurrean, ez dugu marra gorririk jarri eta mantendu. Eta, egia errateko, Euskal Herriko zein Frantziako plataformetako antolakunde batzuek ez dute konfrontazioaren bidetik joan nahi izan estatuaren kontra (desobedientziaren bidetik ere ez).

Zergatik bilatu da agintearekin ordainik gabeko adostasuna eta konponbidea? Gure ustez, hasieratik plataforma osatzen zuten antolakunde bakoitzaren igurikapenen inguruko desadostasuna zegoelako. Eta, besteak beste, horren ondorioa zen abuztuaren 25eko igandeko desobedientzia zibileko ekintzen inguruan etengabeko kezkak eta zalantzak adierazten zituztela batzuek. Ondorioz, antolakunde batzuek ez dituzte ekintza horiek antolatu. Eta, bukaeran, ezeztatu behar izan dira.

Beste jokabide makur batzuk izan dira ere: erabakiak hartzeko moduan bertikaltasuna, militantzia oinarriari begirako konfiantza eskasa, beren altzotik kanpo diren egiturak baztertzea… Ondorioz, antolakunde batzuen arteko aliantzak sortu dira, eta hori tentsio gogorren sorburua izan dira. Euskal antolakunde batzuk liskar bortitzen beldur izan dira, horien arduradun izatea leporatuko zitzaienaren beldur baitziren. Gisa berean, bake prozesuaren edo beste aldarrikapen batzuen aldeko tokiko aliantza batzuk lanjerrean emango zituztenen beldur izan dira. Eta solaskide « serios eta arduratsu » gisa agertu nahi izan dute. Bestalde, Frantziako gobernuz kanpoko erakunde batzuek plataforman parte hartu dute, bai gailurraren kontra eta bai SUD koordinaketan (G7ko antolatzaileekin konexioak zituen gobernuz kanpoko erakundeen koordinaketa). Horrek G7 aurreko azken hilabeteak markatu ditu, kontra gailurraren prestaketa garaia hain zuzen. Eta, azkenean, bazter nahasle gisa kontsideratuak izan diren plataformako kide batzuekin bereizketa nabarmena izan da, azken horiek blokatze eta desobedientzia ekintzen bidezko G7ren kontrako borroka deliberatua nahi zutelako. Egia da kontra gailur antikapitalistaren hitzaldi eta eztabaidak antolatzeko irabazi oneko leku pribatu bat aukeratu izanak gure kontraesanak argiki azaleratu dituela.

Baina, desleiala litzateke besteei kritikak egitea, gure buruari kritikarik egin gabe. G7 trabatzeko kontzientzien eta indarren iratzartzearen alde apustu egin genuen pertsona eta kolektiboentzat, orohar desilusioa handia izan da.

3. Gutxietsi diren militante zereginak eta arauak

Lehenik, kolektiboen aniztasunak gure barne kohesioa ahuldu du. Ondorioz, ez dugu ekintza plan argi eta jarraiki bat aurkeztea lortu. Baina, egiazki, zer nahi genuen? Garbiki mintzatuz, gure helburuak ilunak eta nahasiak izan dira, gure helburuen legitimatearen eztabaidan sartu gabe! Ez ditugu gure helburuak aditzera eman. Ez ditugu ulertarazi. Eta plataformako kideak ez ditugu konbentzitu. Erran gabekoak, batzuen gibelaldiek eta batzuen eta besteen proiekzioek gaina hartu dute. Interpretazioei bide eman diegu eta gure xedeak ez dizkiegu argiki adierazi gurekin lan egiten zuten beste sektore batzuei, plataformaren barnean eta kanpoan.

Bigarrenik, ez gara gai izan aginteak gailurra ongi pasatzeko erabiliko zituen tresna eta baliabideen behaketa objektiboa egiteko. Lurraldea okupatzeko agintearen gaitasuna gutxietsi dugu. Sekulako giza, logistika eta ideologia baliabideak ditu. Guk genion leku eta data hautu txarra egin zuela, eta hori bere kalterako izanen zela. Bada ez! Gobernuak jakin du amarru guztiak erabiltzen. Gertakaria nazioarteko testuinguruan kokatu du. Eta Frantziako mugimendu inkonformistaren aurrean indar erakustaldia egin du. Ezin zuen horrela jarraitzen utzi. Informazio zerbitzuek lan handia egin dute, poliki-poliki salbuespenezko neurriak plantan ezarri ditu, gehiegikerien aurrean gogor erantzunen zuela behin eta berriz erran du, manifestarien balizko bortizkeriaren aurrean hiriak babestera deitu du, tokiko hautetsiekin eta enpresekin aliantzak egin ditu, ondorio ekonomikoak izanen zirela hitz eman du eragile batzuen uzkurkeria eta kezkak gainditzeko, herritarrak hertsatu ditu… Hola, gobernua gure lurraldean jaun eta jabe izan da. Estatu parte hartzaileak elkarlanean ari izan dira. Eta estatu auzokideak ere. Gobernuak gaindiezina zirudien pareta bat eraiki du, bereziki gu ez ginelarik horretara nahikoa prestatu…

Ez genuen gure baitan osoki sinesten. Eta, gure ahultasuna ezkutatzeko, film bat irudikatu dugu. Sinetsi nahi izan dugu beste indar batzuk kopuru handian etorriko zirela (hego Euskal Herriko militanteak, jaka horiak, sindikalistak eta altermondialistak, militantzia korronte jakin batzuk…), beren lekua aurkituko zutela, joera orekatuko eta menturaz irauliko zutela… Jakinez tokiko biztanleak argiki kexu agertzen hasiak zirela. Baina, errealitatea bestelakoa izan da: Biarritz inguruko hiriak biziz hustu dira, turistek euskal kostaldea saihestu dute, eta pronostikoek ziotenaren kontrara, gurera jin diren militanteen sostengua ez da nahikoa izan gailurra trabatuko zuten mobilizazio masiboak antolatzeko. Gehiago, autokritika bururaino eramateko eta galdera guztiak pausatzeko, agian merezi du jakitea G7 Hego Euskal Herriko hiri batean gertatu izan balitz jendearen erantzun deliberatuagoa eta masiboagoa ekarriko ote zukeen.

Gu, berriz, barne mailan plataformarekin eta kanpo mailan administrazioarekin, bilkura, komisio eta hitzordu batetik bestera ibili gara. Egin genezakeen guztia egin dugu: harrerako gutxieneko azpiegiturak bermatzen saiatu gara, eta ez dugu indarrik izan bestelako gauzarik eraikitzeko. Eta hor ere, ez dugu lur ezezagunetara borrokatzera, informatzera eta trukatzera etorritako jende guztiei espazio egokiak eskaintzeko ahalmenik izan. Kanpalekua bazter atxikia zen, denetarik urrun, eta aginteak berak utzia. Plataformaren xedeak eta tokiko egoera azaltzeko nahikaria genuen. Blokatze eta desobedientzia ekintzak ongi egin nahi ziren, besteekin. Baina honek guztiak huts egin du. Helburu eta ekinbide desberdinak osagarriak zirela sinetsi nahi genuen. Baina desberdintasun horiek desadostasun sakon bilakatu dira. Eta estoka batean bezala hartuak sentitu gara, plataformako antolakundeetako kide batzuek botatako aginduen eta sistemaren kontra kosta ala kosta borrokatu nahi zuten jendeen artean. Urruñako kanpalekuan, ingurumen desberdinetatik etorritako pertsona asko bildu ziren. Kanpalekuaren antolatzaile bezala, eguneroko kudeaketa teknikoan murgilduta geunden. Eta bi plataformek zehaztutako egitarau osoaren jarraipen politikoak osoki harturik geunden. Zaila izan da beharrezkoak diren autokudeaketa espazioekin eta bidezkoak diren autoantolaketa gogoekin juntura egitea. « Ekintza moldeei buruzko kontsensuari » buruz ez da aski azalpen eman eta ez da nahikoa eztabaida izan. Plataformak antolatutako ekintzetara mugatzen zen eta presakako idazketaren ondorioz ez zen taktiken aniztasuna onartzen. Horrek ez ulertzeak areagotu ditu. Kultura politiko eta estrategia politiko desberdinek talka egin dute. Presioak gora egin du eta azkenean gatazkak lehertu dira. Batzuek errespetugabeko jarrerak eta portaera bortitzak izan dituzte, erradikaltasun gorenaren izenean.

Saiatu gara. Eta ez dugu lortu. Batere. Baina, bide egin dugu. Horrek gure burua dudan ezartzeko balioko du, lehenik. Oraindik asko dugu ikasteko eta egiteko. Eta ezin ahantzi egun horien alde baikor guztiak. Izan ere, gailurra eta kontra gailurra oso adierazgarriak izan dira, denentzat.

Macron-en lorpena itzela izan da. Baina, halere, lagun artean lasai askoan bildu ahal izateko neurriz kanpoko baliabideak behar dituen estatu baten aurpegia erakutsi du: Euskal Herria okupatu duten errepresio indarrak, ehunka jende bidegabeki kontrolatuak, 150 pertsona atxilotuak, hamarnaka jende auzitegira eramanak… Demokraziaz mozorrotzen den estatu totalitario bat da hau. Eta, begiak ireki nahi dituenak zera ikusi du: tokiko hautetsiek alde baten edo bestearen aldeko hautua egin dute. Horrek argiki erakusten du munduaren zein ikuspegi duten eta zer eta nor babesten duten.

Zailtasunak izan arren, kontra gailurraren leku anitzetan topaketa ederrak egin ditugu, elkar laguntze azkarra izan da eta aurkikuntza asko izan dira. Lagundu gaituzten pertsona guziak eskertu nahi ditugu hemen. Momentu azkarra bizi izatearen sentsazioa dugu. Kapitulu hura sentsazio honekin amaitzen dugu.

Etorkizunean, kontra gailurren balioari buruzko galderak eta eztabaidak izango ditugu. Gure kasuan, ezin genuen pentsatu etxean lasai egonen ginela, egunero gudukatzen ditugun estatuburuek gure etxe ondoan topatzea aurreikusten zuten bitartean. Saiatu gara. Baina askok espero genuen borroken bateratzea oso mugatua izan da. Ez zegoen horretarako baldintzarik.

Baina honek ez gaitu etsitu. Mundu mailako gogoetetan sartu gabe, gure lurraldean borrokatu eta ekin nahi dugu. Kapitalismoak, gero eta gehiago, suntsitzen gaitu eta ezberdintasunak eta injustizia eragiten ditu. Kapitalismoa, gero eta jende gehiagoren ustez, bidegabea da. Hemengo egoera berezia da. Borroka asko bizi izandakoak gara. Baina, egun, zer nolako protesta bideak eta alternatiba proposamenak garatu nahi ditugu? Hau da denei modu irekian luzatzen zaigun funtsezko galdera.

Euskal Herrian, 2019ko irailaren 26an

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.
Faites un don ou abonnez vous à Enbata : www.enbata.info/articles/soutenez-enbata

  • Par chèque à l’ordre d’Enbata, adressé à Enbata, 3 rue des Cordeliers, 64 100 Bayonne
  • Par virement en eusko sur le compte Enbata 944930672 depuis votre compte eusko (euskalmoneta.org)
  • Par carte bancaire via système sécurisé de paiement en ligne : paypal.me/EnbataInfo
  • Par la mise en place d’un prélèvement automatique en euro/eusko : contactez-nous sur [email protected]

Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.
Enbatari emaitza bat egin edo harpidetu: https://eu.enbata.info/artikuluak/soutenez-enbata

  • Enbataren izenean den txekea “Enbata, Cordeliers-en karrika 3., 64 100 Baiona“ helbidera igorriz.
  • Eusko transferentzia eginez Enbataren 944930672 kontuan zure eusko kontutik (euskalmoneta.org-en)
  • Banku-txartelaren bidez, lineako ordainketa sistema seguruaren bidez: paypal.me/EnbataInfo
  • Euro/euskotan kenketa automatikoa plantan emanez: gurekin harremanetan sartuz [email protected] helbidean

50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).