Guk euskal estatua eraiki nahi dugu Europan

PrintFriendly and PDF
JosuJuaristi

Josu Juaristi

Maiatzaren 25-an ospatuko diren Europako hauteskundeetan EH Bilduren zerrenda buru izanen zira. Zein dira zure zerrenda osatuko duten beste herrialdeetako alderdiak?
Herriek Erabaki! izenarekin aurkeztuko gara. Hauek dira EH Bildurekin batera koalizio zabal hau osatzen duten ezkerreko alderdiak: BNG (Galiza), Puyalón de Cuchas (Aragoi), Anducha
Astur (Asturies) eta Kanariar Irletako Alternativa Nacionalista Canaria eta Canarias Unidad del Pueblo. Bozkak irabazteko koalizioa da, bai, baina batez ere ideien inguruan herrien eta herritarren eskubideak defendatzeko koalizioa da.

Zein izanen dira kanpainan defendituko dituzuen norabide nagusiak? Herrien Europa? Beste politika ekonimiko bat?
Norabide nagusia herritarren eta herrien eskubideak Europan aldarrikatzea eta defendatzea da. Beste Europa bat eraiki behar dugu, pertsonen mesederako, ez merkatuen, bankuen edo multinazionalen mesederako. Beste eredu sozioekonomiko bat behar dugu, urgentea da. Herritarrek ezin dute krisia ordaintzen jarraitu. Hori guztia lortzeko soberania behar dugu herri
gisa.

Edozein emaitza lortzen duzuela, Eurodiputatu izaiteko aukera ederra duzu. Zein izanen dira legebiltzarrean defendituko dituzun Euskal Herriaren interesak? Konponbide prozesua?
Burujabetzaren aitorpena?
Euskal Herrian gizarte hobe baten alde daramagun borroka Europara herritarren eskutik eraman nahi dugunaren berbera da. Bi zutabe nagusi ditu erronka horrek: erabakitzeko eskubidea
eta eraldaketa soziala. Horretaz gain, xede horren ondoan parez-pare, gure gatazkaren konponbidearen bozgoragailua izango gara Europako Parlamentuan. Aukeraren atea zabalik dugu eta Parisen eta Madrilen jarrera salatuko dugu eta agertaraziko dugu Bruselan eta Estrasburgen. Guk euskal estatua eraiki nahi dugu Europan. Herri honek behar du eta merezi du. Horren aldeko borroka Europan ere jokatzen da. Aurten bereziki, Eskozia eta Katalunia beren buruaren jabe egitera doazenean. Legealdi historikoa izango da, bi herri hoiek Europako mapa aldatzeko baldintzak sortu dituzte, eta Euskal Herriak hor kokatu behar du bere burua.

Zer nolako baliabideak lehenetsiko dituzu legebiltzarrean zure eskakizunak aitzinarazteko?
EH Bildu ez da bakarrik izango Europako Parlamentuan. Ezkerreko alderdi kideekin lanean ari gara eta lan hori indartu eta zabaldu egingo da Parlamentuan. Guk gure herriko borrokak Europako bihotzean txertatuko ditugu. Hori da gure indarra: herritarrekin ari gara programa osatzen eta herritarrekin egingo dugu bidea, baita Europan ere. Herritarren eta gure herriaren eskubideak dira gure lehentasunak.

EuropePeupelesVallsHautagai batek ordezkatuko du Iparraldea zure zerrendan. Jakinez Iparraldeko hauteslegoak eman liezaiokeen botoak ez duela baliorik izanen, zein da hautu horren helburua? Zinbolikoa?
Egun berean bozkatu ahal izango dugu euskal herritar guztiok, nahiz eta bi barruti izan gure gain. Baina izan daitekeenaren eta egun batean izango denaren ispilua edo argazkia irudikatzeko baliagarri izan daiteke. Horixe bera irudikatu zen baita Larresoron eta Iruñean, Aberri Eguneko ospakizunetan.

Lehen aldikotz, legebiltzarrak izendatuko du Komisio burua. Hori aitzineko egoeratik aitzinapen demokratiko bat da. Zein izanen da zure jarrera?
Lehenengo aldiz, Parlamentuak horrela eskatuta, talde politiko gehienek Europako Batzordeko presidentegaia izendatu dute. Ikusiko dugu, hala ere, estatuek noraino errespetatzen duten
eskatutakoa eta esandakoa. Bi talde handienek banatuko dituzte seguruasko, eta beti bezala, goi karguak. Kromoen banaketa horrek Europa honen izaera ere islatuko du beste behin.

Legebiltzarreko zein alderdiko hautetsiekin elkartuko zira gehiago pisatzeko?
EH Bilduk hauteskundeen hurrengo egunean hitz egingo du ezkerreko alderdiekin eta gurekin harreman zuzena eta sakona duten taldeekin: EFArekin, eta GUE – NGLekin. Pausoz pauso
joanga gara: eskainua lortu lehenengo eta gure interesak hobekien islatuak eta defendatuak izango diren taldeekin hitz egin gero.