HELEP-aren kontrako auzapezen argumentoen ahuleziaz

PrintFriendly and PDF
Michel Veunac Biarritzeko auzapeza, HELEP-aren aurkako bilkura publikoan.

Michel Veunac Biarritzeko auzapeza, HELEP-aren aurkako bilkura publikoan.

Prentsan diru publikoz ordainduak izan diren abisuak lagun, HELEP bakarraren kontra diren auzapezek hainbat argumento aintzinean emaiten dituzte beren proiektu alternatiboa den Metropoli Polo Arinduaren (MPA)ren goraipatzeko. Hara Batera plataforma herritarraren azterketa zorrotzaren bigarren zatia (lehena hemen aurkituko duzue : www.enbata.info/articles/metropoli-polo-arindua-alternatiba-ala-statu-quo-a-2), MPAren aldeko argumento batzuren indar eskasa agerian uzten duena.

HELEP-arenkontrakoak

Philippe Neys Baionako hautetsia eta Claude Olive Angeluko auzapez, HELEP bakarraren kontrako hautetsiak.

Metropoli polo arindua (MPA) urrats bat litzateke Elkargo bakarraren bidean.

  • Baliteke, bainan bitxi egiten zaigu argudio hori entzutea ikusten dugularik MPA defenditzen dutenek Elkargo bakarra nola kritikatzen duten gaur egun.
  • Gainera, MPA xutik ezartzeko denbora, ibilarazten hasteko denbora…. Elkargo bakarraren proiektua denboran oraino gehiago urrunduko litzateke eta gaur egun eramaten ari diren eztabaiden gibelatzea ekarriko luke, besterik gabe.

MPA urrats bat litzateke Estatutu Berezidun Lurraldeko Kolektibitatearen bidean.

  • Ez da batere segur, bien artean jarraipen juridikorik ez baita. Edozoin gisaz, MPA anitzez urrunagoa da Kolektibitatetik Elkargo bakarra baino.

« Elkargo bakarrak galderak altxatzen ditu ».

  • Argi da eta horregatik hain zuzen ehunka hautetsi biltzen dituzten atelierrak xutik ezarri ditu Hautetsien Kontseiluak joan den abendutik.
  • Gobernantzari buruz, fiskalitateari buruz, eskumenei buruz, hurbileko kudeaketa atxikitzeko beharrari buruz eta abarri buruz erantzunak ekarri dituzte atelier horiek. Bestalde, argi erakutsi dute elkarrekin lan egiteko borondate politikoa hor egonez gero denentzako (Barnekaldea/Kostaldea, herritar/hiritar) baliagarri diren aterabideak atxematen ahal direla.

 « Estatuko zerbitzuen proposamena ez datza lurralde proiektu batean. Tresna bat lantzen du, horren baliagarritasuna zehaztu aitzin ».

  • Alde batetik, nehork ez luke onartuko Estatuak bakarrik lurralde proiektua definitzea. Bestalde, hori errateak paso egiten die Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak 20 urtez elkarlanean eraman lanei, lurralde kontratuak lantzerakoan besteak beste. Ipar Euskal Herri mailako tresna instituzionalaren beharra frogatua izan da 2011/2012an Kolektibitatearen inguruan eraman lan guzietan. Eta lan horiek eraman izan zirelarik, MPA proposamena aztertua eta baztertua izan zen.
  • Alternatiba baino, MPAk ipar Euskal Herria statu quo egoeran utziko luke. Eta statu-quo-a mantenduz gero, Ipar Euskal Herriak ez luke pisurik Eskualde handi berrian.

Epe laburreko egutegia.

  • Egutegia 2014tik ezaguna da. Legez finkatua da eta frantses Estatu osoan aplikatzen da.
  • MPA proiektua 2014an prefetak aurkeztu aukeren artean zen. Nehork ez du sekulan bultzatu, gabezia anitz baitzuen.
  • Proiektua epez kanpo eta prozeduraz kanpo heldu da, prefetaren proiektuari balizko zuzenketak Herriarteko Lankidetzako Departamendu Batzordeari aurkeztu behar baitzaizkio (azken bilkura otsailaren 26an).
  • Badira urteak eta urteak gogoetak, ikerketak eta expertisa lanak eramaten ari direla (gobernantza 2009an hasi zen eztabaidatzen hautetsien artean, herri mobilizazioak azken 20 urte hauetan eramanak izan direlarik). Elkargo bakarraren egitasmoa gibelatzeak gaur egun dugun aukera historiko galaraziko luke (azken aukera « historikoa » 1981ean zen).
  • Gaur da trenkatu behar, lurralde honetako herritarren adimen kolektiboaren parioa eginez. Pausatzen diren galderak eztabaida demokratikoan oinarrituz erantzunen ditugu. Ipar Euskal Herrian gertatuko diren aldaketak beste lurralde anitzetan ere gertatuko dira.

Baterak dion bezala, « Ekimen berri orok galderak altxatzen ditu. Bainan proiektu bat aitzina doa baldin eta erantzunak denen artean lantzen badira. Gauza bera da ipar Euskal Herriaren instituzio egituraketari dagokionez. Zilegi da dudak ukatea. Bainan uzkurtasunak eta kezken metaketak ez gaituzte lagunduko ipar Euskal Herriarentzat proiektu ausarta eraikitzen.« 

hiztegi