Herrietan egiten denari ikuspegi amankomuna eman

PrintFriendly and PDF
LopepeA-EHBai

Anita Lopepe, EHBaiko arduradun eta eleduna

Hilabete huntan eginen diren herriko bozetan abertzaleak aurkeztuko dira, alabainan, gehienak zerrenda ideki batzutan. Anita Lopepe EHBaiko arduradun eta eledunari galdatu diogu zergatik ez den koalizio abertzalea alderdi gisa aurkezten eta zein diren abertzaleek bultzatu nahi dituzten gai nagusiak.

EHBai ez da alderdi gisa aurkezten 2020ko Herriko Bozetan. Zein bide erabili duzue EHBai-en lehentasunak (herri eta elkargo mailan) presente izan daitezen herri hauteskundeetan?

Ez da EHBai zerrendarik izanen hauteskunde munizipaletan. Hala ere, aspaldidanik, EHBai bera sortu baino lehenago ere, hainbat abertzale herri mailako dozierretan ari dira talde munizipal abertzale ala zabalagoen baitan. Aldi honetan ere, forma horretan segituko du abertzaleen inplikazioak, erronka gehigarri batekin aurten, euskal elkargoko ordezkariak ere hautatuko baitira.

Helburua elkargo horren erabakietan pizua ukaitea da eta gehiengoak osatzeko baldintzak sortzea, Ipar Euskal Herrian jendarte proiektu solidario eta ekologista bat eraikitzeko egunez egun, Euskal Herriaren eta gure hizkuntzaren ezagupen politikoaren bidean urratsak emanez beti.

Hortarako, hizkuntza politika ausart baten garatzea; transizio ekologikoa bermatzen duen lurralde garapena lehenestea, etxebizitza eskubidearen gauzatzea, lurraren zaintzea eta diskriminazioen kontra borrokatzea dira lehen lerroan ezarri nahi ditugun gaiak.

Norabide politiko horien baitan sentsibilitate ezberdinen artean elkarlanean aritzeko prest diren pertsona gero eta gehiago dira. Indar guzi horien metaketatik lortuko da eragiten bai herrietan berean, bai eta elkargoaren baitan.

Zein izan da herrietarik etorri den erantzuna?

EHBaien biltzar nagusiak bozkatu zuen ahal bezainbat herrietan proiektu abertzale, ezkerreko eta ekologistari ikuspen haundiena emanen zion hautuen hobestea, hau da zerrenda abertzaleak edo zerrendaburu abertzalea luketen zerrenda ainitzak bultzatzea. Horretan ari dira hamarnaka militante abertzale 1.000 biztanlez goiti duten herri gehienetan. Lan hori izigarri emankorra da.

Eta herri ttipietan ere hainbat iniziatiba hartuak izan dira. Barnekaldean, bakoitzak bere herrian dituen zereginetatik harat, elgarrekin gogoetatu dute ere herri ttipietako problematikak kondutan hartuak izan ditezen elgarrekin nola jokatu behar den gogoetatzeko.

EHBaien ekarpena, bestalde, hauteskunde biharamunean gauzatuko da, hautetsi guzi horiek saretuz eta herrietan egiten denari ikuspegi amankomuna emanez. Helburua elkargoan talde koherente baten osatzea da, gure proiektuari irakurgarritasuna eta indarra emanen diona. Elkargoaren erronkak ipar Euskal Herri mailan antolatua den mugimendu politiko baten zentzua indartzen du du.

EHBaien ekarpena, bestalde,
hauteskunde biharamunean gauzatuko da,
hautetsi guziak saretuz
eta herrietan egiten denari
ikuspegi amankomuna emanez.

Ororen buru, zein dira EHBaik sustengatuko dituen zerrendak?

EHBaik sustengua ekarriko die aipatu lehentasunezko gaietan herri mailan eta elkargo mailan aurre egiteko egokienak iduritzen zaizkigun zerrendei: BVS Baionan, Herri Berri Donibane Lohitzunen, Bihartean Bidarten, Donibane Erne Donibane Garazin… Hogoi bat orotarat.

EHBaik gogoeta eta erabaki kolektiboen emaitzak diren zerrendak baizik ez ditu sustengatzen. Gaurko egunean, nun eta hainbat lista bururi abertzale bat bere zerrendan ukaitea komeni zaion, abertzale batzuek hautu edo traiektoria indibiduala lehenesteko irriskua bada. Hautu horiek mugimendu politikoaren erabakietatik kanpo kokatzen diren heinean, ez dute EHBairen sustengurik ukanen.

EHBai

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video