Iheslarien ekarpena

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Employé dans l'enseignement du basque aux adultes, membre de BATERA et militant d'Abertzaleen Batasuna
D'autres articles

EinfoIheslariak3

Miarritzen iheslarien kolektiboak antolatu ekitaldiaren hari beretik, hona hemen bigarren ikuspegi bat, Jakes Bortayrourena. Iheslarien ekarpen garrantzitsua bezain beharrezkoa, dio Jakes-ek.

Pasa den ekainaren 15ean Miarritzen, iheslari politikoen kolektiboak ekitaldi esanguratsua burutu du. Historia luzea gogora ekarri du ekitaldiak, bizipenak kontatu, jasandako erasoak oroitu, ikusezinak edo ahantzitako pertsonak argitan eman. Emozioz beteriko omenaldia izan da, bizitza gogor eta baldintzatu askoren oroimenarekin batera, pertsonen jarrera tinko eta duinaren goraipamena ere. Bainan ez da hori bakarrik izan. Alabainan gatazka konpontzeko abiatu den prozesu honetako arazo bat azpimarratu du, iheslarien kolektiboen egoera hain zuen. Arazoa aipatzeaz gain, irtenbideak proposatu eta hitz egiteko ordezkaritza ere izendatu dira. Ekarpena garrantzitsua bezain beharrezkoa. Alabaina, Aieteko adierazpenak aipatzen duen bezala, gatazkaren konponketak atal desberdinak biltzen ditu, atal teknikoak, humanoak, sozial eta politikoak. Horietako bat da gatazkaren ondorioz sorturiko jende kolektiboen problematikak kudeatu eta konpontzea. Presoak eta alde nahiz mota guztietako biktimak zaizkigu gogora heldu. Bainan gehiago dira, hala nola sasian diren erakunde armatuko kideak edo polizi eta seguritate indar desberdinak. Iheslariak dira horietako beste bat.

Iheslariak garai desberdinetakoak dira,
adin desberdina dute
eta leku nahiz egoera desberdinetan bizi dira,
egoera normalizatuetatik egoera prekarioenetara.
Estatuen erreprezio mota
eta garai desberdinen isla
eta aztarnak dira iheslariak.

Ezin libreki ibili
Iheslariak garai desberdinetakoak dira, adin desberdina dute eta leku nahiz egoera desberdinetan bizi dira, egoera normalizatuetatik egoera prekarioenetara. Estatuen erreprezio mota eta garai desberdinen isla eta aztarnak dira iheslariak. Euskal iheslari gehien gehienek gaur egun ez dute estatutu edo ezagupen ofizialik “Iheslariak berdin ETA-ko militanteak” ekuazioa erabili dute Estatuek haien kontrako neurriak justifikatzeko edota erakunde armatua presiopean ezartzeko. Alta iheslari askok ETA-rekin zer ikusia izan badute ere, frango dira ezker abertzalearen kontra erabili errepresio eta bereziki torturari ihes egin dizkiotenak. Eta ez dira gutti azken urteetan mugimendu ilegalizatuko kide izaiteagatik presontegia saihestu nahi izan dutenak ere. Iheslari guztiek duten ezaugarri komuna da ezin dutela libreki ibili eta besteak beste beren sorterrira joan, ez eta hautatu ere nun bizi nahi duten.

Estatuek urratsik ez
Gaurko bake prozesu honek duen ezaugarrietako bat da, momentuz behintzat, unilaterala dela. Hots gatazkaren inplikaturiko alde batek soilik gatazkaren alde bortitzak gainditzeko borondatea adierazi du eta horretarako urrats konkretuak eman, Aieteko bide orria segituz. Estatuek aldiz, urratsik ez. Horiek mugiarazteko bide bakarra da jendartea aktibatzea, nazioarteko sostenguak biltzea, haien jarrera gero eta isolatuago bihurtzea, gero eta jasangaitzagoa. Bide horretan kokatzen da iheslarien ekarpena. Bidea jorratzen du, konpondu beharreko arazoetarik batzuk zehazten ditu, hots lana aurreratzen du eta bi Estatuen jarrera ahultzen laguntzen du. Errefera biharamunean bertan etorri da: espainol gobernamenduak beti bezala segitzeko asmoa duela erran du, deus gertatu ez balitz bezala eta Frantziari Miarritzeko ekitaldian inplikaturiko lagunen atxilotzea galdegin dio. Momentu berean, jarrera hori zein motza den orroitarazteko, Irlandan biltzekotan zen G8-aren bezperan Obama presidenteak Irlandako bake prozesua eta bereziki jendartearen inplikazioa txalotu eta eredutzat jotzen zuen.