Iparraldeko instituzioa: nora joan nahi dugu?

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Employé dans l'enseignement du basque aux adultes, membre de BATERA et militant d'Abertzaleen Batasuna
D'autres articles
Forum Batera du 21/9/2019

Forum Batera du 21/9/2019

Galdera hori izan zen irailaren 21ean Baterak antolatu zuen foroaren gaia. Pasa den udazkenean burutu zuen herritar auditaren jarraipena zen, orduan egin zen diagnostikoaren fasean, egungo elkargoa gainditzen duten hainbat ohar agertu baitziren. Gogoeta momentu berezi baten beharra nabari zen, Ipar Euskal Herriaren koadro instituzionalak beharrezkoak dituen egiturazko aldaketei buruz, kanpoko esperientziak aztertuz besteak beste.

Hautetsien presentzia eskasa domaia izanik ere, foroak Iparraldeko instituzionalizatze ibilbideari buruz gogoetak elikatzea lortu du.

Entzundako guztiaren azterketa egiteke gelditzen bada ere, Daniel Beharrek azaldutako geroari buruzko hiru hautabideek emaiten digute zer pentsa.

Frantziako hainbat instituzioren esperientziak aztertzeaz gain, Iparraldeko azken 20 urteetako eboluzioak hurbiletik ezagutu eta askotan lagundu duen ikerlariak horrela ikusten ditu Elkargoaren eboluzio posibleak :

  • Elkargo XXL horren ibilmoldea errexteko, herrien kopurua tipitzea, “Communes nouvelles” sortzeko aukera legala baliatuz, herriak batuz. Bide hori garatzen ari da jada Frantziako zonbait eskualdetan. Hipotesia horri haatik ez dio etorkizun handirik ikusten Iparraldean D. Beharrek, arrazoi soziologiko eta kulturalengatik. Herri nortasun azkarra nabarmena da, kirol talde batzuen batzeak sortu dituen polemika sutsuak lekuko besteak beste.
  • Bigarren norabidea, Elkargoa “Departamendu” bilakatu, hots herrien gaineko maila indartu, konpetentziez eta pisu politikoaz eta ondorioz nola edo hala “kantonamenduak” ber sortzeko joera piztu, kontrapisu gisa, gaineko mailara transferitu diren erabakimen eta poderearen parte bat berreskuratzeko. Tendentzia hori argi eta garbi ikusten ari da Ipar Euskal Herrian, gobernantza paktua eta poloen (aitzineko 10 elkargoak) antolaketaren inguruko eztabaidetan. Gisa berean, bide hori Iparraldearen instituzionalizazio prozesua segitu nahi dugunen hautabidetik ez da urrun, hots Euskal Elkargoaren mugak eta akatsak agerturik, lurralde kolektibitate bereziaren opzioa berriz plazaratu. Zenario horrek aldiz momentuz erantzunik gabe uzten du galdera potolo bat: Elkargoa ordezkatuko luke kolektibitate horrek herriekin inolako loturarik atxiki gabe ala beste maila bat litzateke herrien eta herri elkargoaren gainean ?
  • Hirugarren hautabidea, Iparraldean oraindanik garatzen ikusten ahal duguna, arrunt berri eta berezia da. Lege arruntaren koadroaren barnean, esperimentazio bat asmatu, lurraldeko historiari, berezitasun sozio-politikoei eta beharrei erantzunez. D. Beharren ustez, Elkargoaren sortzeak frango fite jokoz kanpo utzi ditu Hazparneko atelierretan agertu eztabaida eta zalantza batzuk. Konpetentziak hartu, arloko politiken ardurak presidente-ordeen artean banatu, elkargo berria indar biziz hasi da. Bere pisu politikoa, dituen konpetentziez askoz haratago doa. Ipar Euskal Herria ordezkatzen duen instituzioa da de facto. Ez ote da hortik segitu behar, instituzio berezia eraikitzeko, Estatuari instituzio berezi baten sortzea galdegin ordez?

Elkargoaren sortzeak frango fite jokoz kanpo utzi ditu
Hazparneko atelierretan agertu eztabaida eta zalantza batzuk.
Konpetentziak hartu, arloko politiken ardurak presidenteordeen artean banatu, elkargo berria indar biziz hasi da.

 

Indar bizia

Hobekuntza pista batzuk aipatu dituzte hizlariek, hala nola Korsikako instituzioan dagoen salbuespena Frantziako lurralde kolektibitateetan, podere deliberatiboa eta ejekutiboa bi gunetan bereiziz; sufragio unibertsala zuzena elkargoko Kontseilua osatzeko; bikamerismoa sortu, Hautetsien kontseiluko esperientzia berriz hartuz, lurraldeko hautetsi desberdinak elkartzeko. Bide horrek bere arriskuak baditu, jorratu aitzin pisatu beharko liratekeenak. Funtsezko helburua abandonatu, sasi-egiturak sortu eta ateka batean preso egoitea. Baina egia erran hautabide horrek aldeko elementuak ere ez ditu falta. Azken denboretan aipatu eta heldu den udaberrian Konstituzioan sartzekotan den diferentziazio eskubideak ate berriak irekitzen ahal ditu, Frantziako eredu zurruna malgutzeko eta tokiz toki instituzioen osaketa eta funtzionamendua egokitzeko.

Halaber, estrategia erakargarria izan daiteke, aurrera egiteko gakoa euskal herritar eta hautetsien esku utziz, ahalduntze prozesua indartuz. Hainbeste urtetan, izan instituzio aldarrikapen, euskararen ofizialtasun edo Laborantza ganbararen aldeko gehiengo sozial bildurik ere, Estatuaren ezetz borobila behin eta berriz jasan ondoren, pana estrategikoa sumatu zen 2014an, ezintasun eta desmobilizazio arriskua sortuz. Aurrera joateko momentuan pentsatzeko kontua izanen da. Mugatua izanik ere, gure tresna propioak asmatu eta garatzeko ahalmena ukanik, egoera berriak eta baldintza politiko hobeagoak sortzeko aukera pizten da. Ez da gutxi. Buru berotze ederrak BATERAko laguntzaile guztientzat !

Laisser un commentaire

Votre e-mail ne sera jamais publié ni communiqué. Les champs obligatoires sont indiqués par *

Connect with Facebook

*
*

Vous pouvez utiliser ces balises et attributs HTML <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>