Itzalak eta argiak

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Enseignant en communications audio-visuelles à l'Université Mondragon. Ex-journaliste de Berria. Ecrivain.
D'autres articles

ItzalaketaargiakAzken asteetan Eskoziara begira egon gara Euskal Herritik, hemen erdiesten ez duguna lortu dutelako: estatu independente bihurtu nahi duten ala ez erabaki ahal izan dute. Gauza anitz erran eta idatzi da erreferenduma baino lehen eta ondotik, eta batzuk, kasu guztietan, kontent agertu dira, demokraziak irabazi duelako. Baina irabazi ote du?

Eskoziako abertzaleak izan omen dira irabazle, erreferenduma galdurik ere. Ez dute estatu izatea lortu, baina Londresko boterea aski gogorki inarrosi dute, sekulako eskumen eta botereak onartzeraino.

Liberarekin eta Erresuma Batuko erreginarekin jarraitu nahi zuen Eskoziak estatu bihurturik ere. Botere gehiago nahi zuen, halaber. Praktikan, autonomia zabal horrekin, independentziarekin bezala izanen omen dira, aditu batzuen arabera.

Ikusi beharko da, ordea, Londresko gobernuak hitza betetzen duen. Baina Eskozia ez da Estatu izanen. Erreferendumeko kanpainak berak erakutsi zuen zenbateko menpekotasuna zegoen: kanpainako hizkuntza, “Yes” barne, ingelesa zen; hain zuzen, bereizi nahi duten estatuaren hizkuntza. Pentsa, Euskal Herrian erreferenduma egiten dela, eta independentziaren aldekoen lema “Oui” edo “Si” izaten dela… Horrek erakusten du menpekotasuna zenbatekoa den. Nortasuna ez zen Eskoziako kanpainaren gaietariko bat, eta hori baikortzat jo dute anitzek, Euskal Herrian ere. Erreginaz eta liberaz gain, ingelesen hizkuntzarekin segitu behar bazuten, zer independentzia espero zuten?

Ororen buru, eskoziarrek erabaki dute ez dutela Erresuma Batutik bereizi nahi, ez dutela menpekotasun horretatik askatu nahi. Demokrazia mintzatu da, bistan da. Baina nolakoak ziren aldekoen baldintzak eta kontrakoenak? Independentziaren kontrakoek sostengu osoa zeukaten nazioarteko komunitatetik, David Cameronetik Barack Obamaraino, Europako  Batasuneko erakundeetatik pasatuz. Azken mementoko beldur kanpainak eta hitz emandako goxokiek eragina izan dute; eta azken mendeetako politika guztia ere kontuan hartu behar da, ohartzeko demokrazia ariketa ez dela berdinetik berdinerakoa izan. Unionismoak anitzez botere eta tresna indartsuagoak ditu.

Noizbait herri honek erreferendum
bat erdiesten badu, irabazi behar du,
eta horretara prestastu behar dira herritarrak.

Herri bat heltzen denean independentziari buruzko erreferendumera, irabazteko segurtamenarekin heldu behar da. Cameronek abilezia handiz jokatu zuen erreferenduma halako epean antolatuz. Alex Salmondek nahiago zuen geroago izan zedin, baitzekien epe hura motzegia zela behar bezainbat eskoziar konbentzitzeko. Esperientzia horretatik badugu zer ikasi Euskal Herrian. Azken hilabeteetan ez dago beste hitzik, “erabakitzeko eskubidea” baizik. Baina erne egon behar da: erreferenduma galtzeak eragin lezakeen frustrazioa eta dezepzioa  ikaragarriak lirateke. Hainbeste urte borrokan, hainbeste odol eta malko, erreferendumarekin bukatzeko, eta ezezkoarekin konformatzeko? Noizbait herri honek erreferendum bat erdiesten badu, irabazi behar du, eta horretara prestastu behar dira herritarrak. Azken urteetan, ordea, independentziaren aldarrikapena franko bigarren planoan gelditu da, eta ez da lanik egin herritarrak konbentzitzeko, ez eta ere independentzia irudikatzeko, euskal estatuaren proiektua landuz.

Eskoziak ez du astirik izan, beharbada, gehiengoa lortzeko. Baina Euskal Herrian beste kezka anitzek hartu dute gaina, bereziki gatazka armatua ezin bukatuz ibiltzeak eta gatazka horren ondorioek. Ez dugu anitz begiratu Eskoziara orain arte. Ipar Irlanda eta Korsika izan dira erreferentziak. Baina hor ere badago beste irakaspen bat: isil-isilik, baina bide handiagoa egin du Eskoziak, Kataluniak bezala.