Lanbide lizeoa

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Enseignant en communications audio-visuelles à l'Université Mondragon. Ex-journaliste de Berria. Ecrivain.
D'autres articles
Paxkal INDO, Seaskako lehendakaria, Lizeo berriaren planoak aurkezten Akitania eskualde berriko hainbat hautagaiei.

Paxkal INDO, Seaskako lehendakaria, Lizeo berriaren planoak aurkezten Akitania eskualde berriko hainbat hautagaiei.

Seaskaren urrats bat baldin bada zinez txalotzekoa, hori da lanbide heziketa eskainiko duen lizeoa irekitzearen urratsa. Mende erdia betetzeko bezperan dago Seaska, eta urtez urte gero eta ikastola gehiago ireki baditu ere, Ipar Euskal Herriko euskarazko irakaskuntzak bazuen gabezia sendo bat: unibertsitatera zuzendu nahi ez duten eta lanbide bat ikasi nahi duten gazteek ez zeukatela aukerarik beren bidea euskaraz segitzeko.

Alabaina, lanbide ikastetxe batek behar dituen azpiegiturak anitzez karioagoak dira, ikastetxe arrunt batek behar dituenekin konparatuz. Eta urteetako garapena garapen, Seaskaren egoera prekarioa beti traba izan da halako ikastetxe bat zabaltzeko.

Bernat Etxepare ikastetxearen emaitzak bikainak izanik ere, hortik ateratzen diren gazte gehienak Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetara doaz lanera, eta unibertsitate haietan ikasi ondoan, anitzek lana ere kanpoan aurkitzen dute, Ipar Euskal Herrian ez baitago gisa hartan formatuak direnentzako lanik.

Hego Euskal Herriari dagokionez, hango unibertsitateetan ikasteko dauden traba administratiboengatik, gutxi dira hara doazen gazteak. Gazte euskaldunak atzerrira doaz ikastera eta lanera, eta ez dago langilerik Ipar Euskal Herriko lantegietan aritzeko. Ondoko urteetan 40.000 lagun baino gehiago etorriko da Lapurdira lanera, Frantziatik. Lana bada, beraz; baina ez euskaldunentzat.

Bizkitartean, Hego Euskal Herrian langabezia gora dagoen honetan, zergatik ez da jotzen hango jendearengana, betetzen ahal ez diren lanpostuetarako?

Herria bizi dadin, lana behar da herrian. 70eko hamarkadako mezu politikoetan argi zen hori. Gazteria Parisera abian zen lanera, herriak husten ari ziren, bertan ez baitzen lanik. Lanik gabe, ez dago gazterik, gazterik gabe ez dago gerorik herriarentzat. Beraz lana behar da.

Baina lekuko gazteak kanpora joatera behartuak badira haientzako moduko lanik ez dagoelako, eta kanpoko jendeak etorri behar badu lan horien egitera, lana badago herrian, baina herri hori ez da gehiago euskalduna izanen. Beraz, Euskal Herria hilen da.

Lekuko gazteak kanpora joatera behartuak badira
haientzako moduko lanik ez dagoelako,
eta kanpoko jendeak etorri behar badu lan horien egitera,
lana badago herrian, baina herri hori
ez da gehiago euskalduna izanen.
Beraz, Euskal Herria hilen da.

Garapen ekonomikoa eta ikasketa eskaintza hertsiki lotuak dira. Eta Ipar Euskal Herriak ez du izan aukerarik garapen ekonomiko orekatu eta oso baterako. Industria garapena ukatu zaio beti, eta euskaldunek berek ere ez dute begi onez ikusi, industria maiz lotu delako kearekin eta kutsadurarekin.

Beraz, jasaten dituen krisi guztien gainetik, laborantzak badu indarra eta, oroz gainetik, hirugarren sektoreak. Leku ederrak ditugu, bukolikoak, baina krisian eta husten ari diren herri eta eskualdeak dira. Aktibitate ekonomikoa kostaldean dago, eta ekonomia hori, maiz, ez dago euskal herritarren esku.

Ezin da erran ez dagoela industriarik, enpresa txiki franko badagoelako barnealdean. Baina ez dago, garapen orokorrik, ez da izan industria estrategiarik, lantegiak eta enplegua kopuru handian sortzeko politikarik. Horrekin batera, ez da izan halako aktibitate ekonomiko batek beharko lukeen prestakuntza eskaintzarik.

Eta prestakuntzaren eskaintzan edo enpresen sortzean, ez da izan lurralde ikuspegiko estrategiarik ere.

Batetik, Baiona eskualdean jarri dira indarrak, barnealdearen kaltetan. Halaber, garapena ez da pentsatu herri gisa, falta diren langileen bila Hego Euskal Herrira joan zitekeelarik. Euskaldunak formatu behar ditugu gure ikastetxeetan, Euskal Herrian lan egin dezaten. Lana Euskal Herritik kanpo egitera behartua den gazte bakoitzeko galdu da gazte haren formakuntzarako egin den indar guztia. Has gaitezen pentsatzen gure hezkuntza eta ekonomia herri ikuspegi batetik, ikuspegi global batetik, eta ez sektorez sektore.