Lurralde kontratua ala Lurralde kolektibitatea ?

PrintFriendly and PDF
Jakes Bortayrou
Jakes Bortayrou
Employé dans l'enseignement du basque aux adultes, membre de BATERA et militant d'Abertzaleen Batasuna
D'autres articles

Luralde KontratuaFrantses gobernu sozializtak Lurralde kolektibitate eskakizunari eman dion ezetz borobilaren ondotik zer egin? Beste kontratu berezi bat negoziatu behar da ala enfrentamendura joan? Bere begirada zorrotzarekin, Jakes Bortayrouk argitasun batzuk emaiten dizkigu.

Lurralde kontratuaren prestaketa eta negoziaketan sartzea deliberatu du Hautetsien kontseiluak pasa den irailaren 5ean eta prentsaren irakurketa nagusia Lurralde kolektibitatearen egitasmoari uko egin diola izan da.
2012ko urtearen hasieran, Ipar Euskal Herriko gobernantzari buruz Garapen eta Hautetsien kontseiluek antolatu gogoeta lanak aintzinatzen ari zirelarik, Estatuko ordezkariek bai eta ordu arte Iparraldearen instituzionalizazioaren kontra ziren hautetsi batzuek ere (Grenet kasu) lurralde kontratuan zentratu behar zela errepikatzen zuten, holako eztabaidetan denbora galdu ordez. Pragmatismoa, ameskerien ordez, instituzioen dirua eskatu, berezko instituzio bat galdetu ordez. Honela hautetsiak presiopean ezarri nahi zituzten jakinez hainbat proiekturentzat diru beharretan zirela eta kontratua boikotatuz, politikoki arduragabeak agertzeko beldur zirela. Halere zepoa ez zen ibili eta gogoeta bururaino eraman zen, Hautetsien kontseiluak 2012ko azaroan Lurralde kolektibitatearen alde bozkatuz.

Alternatiba desorekatua
Bitartean poderea eskuz aldatu zen Frantzian eta Iparraldeko hautetsien jarrera eta diskurtsoa egokitu ziren. Pariseko borontate txarra ikusirik, batzuk publikoki aipatzen hasi ziren orduan lurralde kontratuaren boikotatzearen hipotesia (Lasserre lehena). Halere afera ez zen askoz urrunago joan. Ondotik, gobernuaren ezetz borobilak eta legearen eztabaidak sorturiko nahasketak ez zuten aukera handirik utzi ildo argi eta sendo bat finkatzeko. Gainera, uda hasieran Hautetsien kontseiluari aurkeztu zitzaion alternatiba desorekatua eta eskasa zen: etsipenean murgildurik dena gelditu ala segitu, dagoena ez galtzeko. Halere, erranak erran, boikota mehatxuka altxatuz, errefera bildu da: lurralde kontratu berri baten negoziaketan sartzea Lurralde kolektibitateari uko egitea bezala interpretatua izan da. Alta ez da baitezpadako loturarik bi gauzen artean. Izenpetzeak ala boikotatzeak, kontradikzioz beteriko egoera sortuko zuten. Bi aukerek aldiz ez dute auzi instituzionala trinkatzen.
Dena den erabakia hartua da eta prefeta berriarekin bat eginez, geroari so egon behar diogu. Ez Lurralde kolektibitatea bazter uzteko, harek dion bezala, baizik eta horren aldeko estrategia emankorra garatzeko. Lurralde kontratuaren lanketa udazken honetan eginen da eta edukinez bete beharko da, Lurralde kolektibitatearen beharra indarturik atera dadin. Lan horretan Garapen kontseiluak zorrotz jokatu beharko du, aurreikusitako zortzi konpetentziak jorratuz eta Ipar Euskal herriko dimentsioa eta kohesioa zainduz, herri elkargo bakoitzak presentatzen ahalko dituen proiektuez haratago. Kontratua urte hondarreko borobildua bada ere, pentsa daiteke izenpetzea ez dela herri hauteskundeak baino lehenago gertatuko.

Lurralde kolektibitatea beharrezkoa dugu
ez soilik etorkizuna eraikitzeko,
baizik eta gibelera ez joateko.

Hauteskunde kanpainaren erdi erdian
Beraz hauteskundeetatik aterako diren ekipek (herriko kontseiluak, auzapezak eta herri elkargoetako presidenteak) dute segida kudeatuko eta bereziki kontratu horrek ekarriko duen eztabaida. Hots sindikata mistoaren hipotesia ber piztuko du (lege berriak xedatzen duen delako “PECT” poloarekin), kontratuari oinarri administratibo eta egitura kudeatzaile bat eskaintzeko, “pays” egituraren ordez. Are gehiago Iparraldeko perimetro eta osotasuna zalantzan eman lezakeen sindikata baten zenarioa ere aurreikus daiteke. Horretarako Lurralde kolektibitatearen gaia hauteskunde kanpainaren erdi erdian egon beharko da eta geroari begira, hautetsi abertzaleen kopurua eta oro har kolektibitatearen aldekoen emaitza herri hauteskunde hauen erronka handia ditugu.
Bitartean departamenduaren hautesbarrutiak diren kantonamenduen mapa goitik behera moldatuko da, horien kopurua bitan zatituz. Karia horretara ere Ipar Euskal Herriko lurraldetasuna hunki ezina dela erakutsi beharko da. Ipar Euskal Herriko perimetroa atxiki eta zaindu behar da, Lurralde kolektibitate baten sortzea oraino zailago bilaka ez dadin. Gisa berean ez dezagun pentsa tresna batzuk iraunkorrak direla, indar harreman politiko baten uzta direlarik : EEP, EPFL.. bai eta ikastolak ere ! Horri gehitzen badiogu Parisetik jasaiten dugun mespretxu etengabea, epe motzean mobilizazio indartsu baten premia argi gelditzen da. Lurralde kolektibitatea beharrezkoa dugu ez soilik etorkizuna eraikitzeko, baizik eta gibelera ez joateko. Hauxe errealitate gordina, barneratu behar duguna et herritarrei transmititu behar dieguna.


Le Conseil des Élus du Pays Basque et la… par LLDW

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video