Milesker bihotzez Mattin

PrintFriendly and PDF
Xipri Arbelbide, Mattin Larzabal, Andde Duhalde eta Lucien Etxezaharreta Gure Irratian (Daniel Velez, www.paysbasqueactualites.com)

Xipri Arbelbide, Mattin Larzabal, Andde Duhalde,  Lucien Etxezaharreta eta Jean-Louis Caussade  Gure Irratian (Daniel Velez, www.paysbasqueactualites.com)

Pantxoa Etchegoin

Duela 45 urte ezagutu nuen Mattin, Donibane Lohizuneko Harriet-Baita eskolan. Ni orduan barnetegian izanki eta, gure gaueko zaindaria zen. Zaindari atsegina, bihotz handikoa eta euskaltasuna gure baitan hazi zuena. Mattinetaz dudan lehen oroitzapena hauxe da : 1975eko azaroaren 20ko goizalde hura ! Gu orduan jeikitzen ari eta, ikusten dugu Mattin guregana heldu zafra-zafra eta irri eder bat ezpainetan : « Franco hil da ! ».

Ni orduan gazte hutsa nintzen, eta ikasleetan euskara mintzatzen genuenen artean guti ginen. Mattinekin anitz solas ibiltzen genuen, eskolaz, familiaz, Euskal Herriak jasaitzen zituen zuzengabekeriez, euskararen egoeraz eta abar. Oso egoera bortitza zen denbora haietan, eta Mattin betidanik abertzale sutsua izan da.

Gero, urteetan, Gure Irratian kurutzatu dut kazetari gisa, lehenik Milafrangako estudioetan, gero Baionan eta Uztaritzen. Lana beti leialki egin du. A zer hirukotea egiten zuten Lucien eta Xiprirekin! Goretsi nahi ditut Euskal kulturaren alde egin duten lan miresgarriarentzat; baitezpadako euskal komunikabidea eta komunitatea izan da Gure Irratia 1981ean, gero Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza izan diren bezala. Hastapenean musu-truk arituz, militantismo handia ukan behar zen denbora haietan, osoki euskaraz Euskal Herriko harat-hunaten hedatzeko, edozein gai aipatuz, eta ikusiz zer nolako baldintza teknikoak zituzten gaurkoei konparatuz. Euskarazko irratiaren entzutea egiazko erakasbidea izan da (eta da oraino) anitz jenderentzat.

Nola ez aipa beti osatu behar zen euskal hiztegia, gertakariak ahal bezain zorrozki eta argiki aipatzeko. Mattinek hain euskara joria zuen non batzuetan erranaldiak luzatzen baitzituen hitzak irudikatuz ezinago hobeki!

Milesker bihotzez Mattin egin duzun guziarentzat. Zuk erein haziak euskal baratzetan gaindi luzaz ondu daitezela.

Agur eta ohore Mattin (Noël Elorga)

Elkarteburu nintzelarik Gure Irratia-n (1997-2001), parada ezin hobea izan nuen Mattin Larzabalen nortasuna eta ezaugarriak neurtzeko.

Askok ez dakite Aiherra Granjako semea zuzenbide lizentziaduna zela eta “maîtrise” delako baten izandun ere. Holako moldakuntza batekin, lanbide ongi ordainduak begien aintzinean zituen bainan, bere euskaltzaletasunak baita herriaren amodioak ez zioten hauturik utzi.

Euskara eta Euskal Herria behar zituen gisa oroz sustengatu. Eta hori egin du azken eguna arte.

Nolakoa zen Mattin? Bere formakuntzaren eraginez, zuzena, neurtua bainan ere lagunkina bezain alegera. Presuna ona hitz batez erraiteko. Iparraldea eta bereziki Lapurdi ezagutzen zituen xoko moko guzietan, herrietako eragile gehienak kurutzatzen zituelarik.

Zinez bidegile bat izan da Mattin hamarkada luzeetan, Xipri ta Luzienekin hirukote indartsu bat osatzen zuelarik.

Agur eta ohore Mattin, piaia on eta goraintziak ezagutu dituguneri.

Un commentaire

  1. Oillarburu Mattin
    Publié le 10/06/2020 à 21:41 | Permalien

    Agur eta milesker zueri, Mattin Larzabal eri egin omenaldiarentzat. Ber denboran,Euskal Irratietako, Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botzako sortzaileak eta lehen hizdunak dituzue ohoratzen! 1981KO Abendoatik geroz, asko jende eta militante murgildu ziren, euskal irratien inguruan, bakotxak beren xokoatik, Euskal Herriko sukalde ala arditegiraino sartuz. Gaur, Mattin dugu agurtzen, eta argazki batean, beste irratilari bat ikustean, JLouis Caussade dugu gogoan, dela 30 urte, 1990 ko Uztaila batez, bizia galdu zuena, otoko ixtripu batean! Orroitu eta segi aintzina….

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video