Mixel Lekuona, ixilpean herriaren alde lan anitz eginiko gizona

PrintFriendly and PDF
Mixel Lekuona

Mixel Lekuona

L’ayant bien connu, Xipri Arbelbide rend à Mixel Lekuona le rôle éminent qu’il joua dans le développement économique, l’enseignement et l’enracinement de l’abertzalisme. Sa force physique reflétait sa rigueur morale. Mixel était l’un des nôtres dès la naissance d’Enbata et resta, durant des décennies, un de nos rédacteurs.

Biriatun sortua 1930an, Mixel Lekuona 1954an apeztu zen, seminarioa Hazparnen eta Uztaritzen egin ondoan. Matematika lizentzia pasatu eta Tolosan, Uztaritzen egon zen irakasle 1956a arte, gero Hendaian bikario eta 1962an Piarres Xarriton jin zitzaion bila Agerrekobordara, ekonoma eta irakasle bat behar zuela. Horrela joan zen Hazparnera. Ondoko urtean Teknika eta laborantzako ikastetxeen arduradun izendatu zuen Xarritonek. Irakasle klase egunetan, batere beldurrik gabe sotana kendurik peontzan artzen zen aitzur eta pala eskutan, eraikitzen ari ziren kolegio eta lizeoak merkeago ateratzeko.
Hortik Makeara joan zen erretor 1976an, Krixtok bezala, arimarekin gorputzen arta ere hartzen zuela; errotik sartu zen Berria esne kooperatibaren sortzean eta ez da errana esnetegia Makean izanen zela Lekuona gabe. Joan arte lantegiaren harat honatak segitu zituen biziki hurbiletik.

Bere familia Hegoaldetik heldu, Bidasoa bazterrean sortua eta han gaindi ibiltzen zen, « Koordinaketa » deitu apez abertzaleen taldean. Beti esne, gasna eta artzainen erdian, mundu hori errotik menperatzen zuen. Hegoaldeko artzainek eskatu zioten gasna egiteko tekniken irakastea. Bakarretan pasatua du muga, ikasketak egiteko hango artzainekin. Hain segur Lekuona gabe ez zen « Idiazabal » sor markarik izanen. Haren amentsa zen, egun batez Ossau Iraty eta Idiazabal, biak bat egitea zerbait gisetara. Noizbait gauzatuko ditake amentsa, ez baita arrazoinik gasna berak bi izen izan ditzan desagertua den mugaren bi aldeetan.
Harremanak izan zituen ere Hegoaldearekin bertsulari eta pilota munduan sartua zelakotz. Iparralde guziak entzun ditu haren pilota partiden komentarioak, Gure Irratiari ezker, pilotaren berrien ondoan emaiten zituela Makeakoak eta berdin urrunagokoak, bai eta bertsolarienak. Mundu hau ere hurbiletik segitzen baitzuen. Hemen berean Bertsolarien Lagunak elkarteako sortzaileetarik zen. Ez zuen bertsolari saio bat huts egiten, gehienetan beste norbait ere eramaten zuela beribilean.
Bainan erran behar da lehenik apeza izan dela, Makeako artaldearekin hartzen zituela ere 1989an, Lekorne eta Gerezieta. 27 urteko egonaldi luzea egin zuen hor. Beste edozein apezen lana zen harena : meza, ehorzketa, bataio, ezkontza, eri, katixima eta beste.

Lekuona kolorearekin: ez zen meza frantsesez ematen hasiko arrotz bat edo beste ikusirik jenden artean… menturaz Hegoaldetik jina, meza euskaraz zelakotz hain zuzen, holakoak ere gertatzen baitira gure elizetan!

Makeako Besta Berri gaurkotu nahi izan du: neskak sartu dira mutikoekin. Harmak kendu zituen beren baionetekin, eliza ez zelakotz haien lekua. Aspaldiko ohidura zahar horren hunkitzea ez zuten denek untsa hartu… Kapitainaren manuak nahi izan baitzituen euskaraz eman, ez zuen erreusitu. Zenbaiti ez zitzaien gustatu ere aldare aintzin hartan egin zituen aldaketak, hura joan eta beste batzuri ondokoak baino gehiago. Ez baita erretx denen ara egitea… zerbait egiten delarik!
Beste apezak bezala ahantzia izanen da zenbait urteren buruan, bainan zerbait geldituko da haren ondotik: egin dituen kantuak, Mauletik Tudelara, Gernikatik Makeara, denetan ezagunak, zenbaitek ez badakite ere hitzak Lekuonarenak direla : aipa nitzake, « Jainkoaren argia » bai eta « Iguzki Lore » KD-an entzun ditzakezuen « Jauna Zuk emaguzu », « Bat elgarrekin », « Munduko bideak « , « Aita hain haundi hain eder », « Eta guk zer egin », azken hau haurrek apuñatik kantatzen duten zinezko tub bat delarik.