
Bi aste eta erdiz, Etxepareko ikasleek lizeoko ateak giltzarrapoz itxi dituzte, hezkuntza eskubideen eta euskaraz ikasteko eskubidearen alde. Blokusak engaiamendua, gogoeta politikoa eta gazteen hitza indartu ditu.

Bernart Etxepare lizeoko atea giltzarrapoz itxiz hasi genuen urria. Baziren egun batzuk Frantzian blokus mugimendua piztu zela. Hezkuntzako murrizketen kontrako erantzuna zen.
Bi aldiz zapalduak
Giro hartan, lagun batek hala galdegin zidan: « Aizu, guk zergatik ez dugu lizeoa blokatzen? ». Ikasle andana batek generabilen galdera gure baitan. Ikasle euskaldunak izanki, frantziar mugimendu batean parte hartzeak mesfidantza sortzen zigun. Baina galdera bat hain zuzenki jasotzen duzunean behartua zaude erantzun bat ematera. Ordu batzuez eztabaidatu ondoren, Etxepareko Ikasle Asanbladan aho batez irten zen baiezkoa. Honako hau zen deliberoa: nahi ala ez Frantziar Estatuaren menpe garela, beraz, hezkuntzan hartzen diren erabakiek guri ere eragiten digutela. Halaber, denon eskubideengatik borrokan ari ziren ikasleak polizia bortizki ari zen zigortzen. Eta horren guztiaren gainetik, Seaskako ikasleoi, euskaraz ikasi nahi izate hutsagatik, Frantziak sekulako oztopoak jartzen dizkigu. Orokorrean, Frantziak ikasle eta euskaldun garelako mespretxatzen gaitu, bi aldiz gara zapalduak, ikasle eskubideak eta euskaldun gisako eskubideak urratuak baitira.
Ilbehera hartako goizeko ordu txikiak oroitzen ditut batez ere: kale ilunak, auto barruan lagunok isilik baina irribarretsu. Lizeora iritsi eta han elkartu ginen 20 bat kide, sartze nagusiko ataka giltzarrapoz itxi. Lehen eguzki printzekin ailegatu ziren, irakasle, ikasle eta langileak. Egun osoko egitaraua, protokolo poliziala eta azalpen testua prest genituen. Ekintzaren aurrean gogoan dut irakasle batzuen hunkidura.
Beste lizeoekin elkartuta jaitsi ginen Baionako manifara, eta karriketan euskaraz oihukatutako leloak nagusitu ziren, Etxepartarron hunkidurarako. Lauga lizeo parean CRSek inguratuta gintuzten. Manifa baketsua zena poliziaren presentzia oldarkorrarekin berotzen hasi zen: ikasle batzuk atxilotu zituzten, eta gas negarrarazleak isuri zizkiguten. Etxepareko ikasle bat kolpatu zuten euskaraz aritze hutsagatik. Jasandako errepresioak eta estatuaren arduragabekeriak eraman gintuen blokusarekin jarraitzera. Hala egin ditugu bi aste eta erdi lizeoko ateak itxita.
Erabaki politikoak hartzeko gai eta zilegi
Blokusaren ekarpen handienetakoa engaiamendua izan da. Zortzi ordu eguzkitan edo euripean egitea, lur hotz batean, ez baita munduko planik goxoena. Hainbat gurasok aurpegiratzen digute blokusa klaseak huts egiteko aitzakia izan dela, baina argi diot erosoagoa dela gelan ikasten egotea, kale gorrian tentsioz zamatuta ilegalki egotea baino. Gazteok sarritan diogu haurren gisan tratatuak garela gure bizitzako arlo gehienetan, baina blokusak sentipen hori gordin azaleratu du. Inguruko heldu guztiek jarri gaituzte zalantzan. Sakonean auzitan jarri dena ez da blokusa baizik eta gazteon kapazitate eta zilegitasuna erabaki politikoak hartzeko.
Gazteok dugu hezkuntza alternatibo baten giltza, gizarte justu baterakoa, euskarari etorkizuna ematekoa. »
Blokusak ikaskideon artean iritzi politikoak sortzeko, eztabaidatzeko eta garatzeko aukera eman digu, hezkuntza sistemak bermatzen ez dizkigun gogoeta espazioak sortuz. Horrek aberastu gaitu, barre eta negar egin dugu, eta ikasi, asko ikasi. Gogoeta haietatik sortu da, lizeo barneko horizontaltasuna zalantzan jartzea. Bileretako batean lagun batek irakasle/ langile taldeari honako hau esan zien: « Badirudi Etxepareren kontsumitzaileak garela ikasleok, baina guk ere lizeoa eraikitzen dugu ». Kontsumitzaile garela diogunean, Seaskaren parte aktibo kontzientea izatea ukatzen zaigula esan nahi dugu. Zorionez, blokusari esker horizontaltasuna berreskuratzeko hainbat tresna eskuratu ditugu. Hori izan da guretzako lorpen handienetako bat, eta esango nuke Seaskak berak ere lorpen gisa bizi duela.
Mundu hobe baterako alternatiba
Blokusak helduago egin gaitu, kontzienteago, politikoago. Sormenari bidea ireki dio, lizeoko Erre-txokoan bi asteetan egin diren kontzertu, margoketa eta debate tailerrak edozein ikasgelatan egin izan balira irakasle guztiek klase oparoa dela esango lukete. Baina halakoak gazteon eskutik soilik sortu daitezke. Orainari kritika zorrotzenak eta mundu hobe baterako alternatiba gureak dira. Kontsumoaren eta dopaminaren belaunaldia izanagatik, helduek eskurik sartu gabe, gauza handiak sor ditzakegu. Gazteok dugu hezkuntza alternatibo baten giltza, gizarte justu baterakoa, euskarari etorkizuna ematekoa. Bi aste eta erdiz giltzarrapoz itxi baditugu ateak, giltzak sortzeko izan da. Badugu zer esan, gure hitza da giltza.

par