Abertzaleak eta euskara

PrintFriendly and PDF
Jean-Louis Davant
Jean-Louis Davant
Enseignant agricole à la retraite, écrivain, membre de l'Académie de la Langue Basque, co-fondateur d'Enbata et d'EHAS.
D'autres articles
Ikasleen gibelean, X.Hiriart eta A. Noblia, Ipar Euskal Herriko lehen ikastolaren sortzaileetarikoak 1969an. Argazkia: D. Velez (Pays Basque Actualités : klika irudian)

Ikasleen gibelean, X.Hiriart eta A. Noblia, Ipar Euskal Herriko lehen ikastolaren sortzaileetarikoak 1969an. Argazkia: D. Velez (Pays Basque Actualités : klika irudian)

ENBATAk 60 urte

Iparraldera mugatuko naiz, baita XX. mendera, bestela kazeta guztia behar nuke. Arbaso handiak ahantzi gabe (Broussain eta Constantin aita-semeak), abertzale bakarti batzuk gure aitzinetik euskararen urgazteaz arduratu dira, bereziki Mirande pentsalari eta poeta heterodoxoa, Xarritton apez gaztea, Iratzeder poeta, euskal liturgiaren aita izanen zena Salmoen itzulpenaz, Larzabal antzerkilari eta poeta, gero Enbatan gurekin segituko zuena, Monzon ber gaietan idazlea eta gure akulatzailea, Peillen elektroi libre polifazetikoa, gutartean dagoena… Haatik orokorki euskararen promozioa euskaltzale apolitikoen esku zegoen. Baina jaun ttattardunen eta kalonje ospetsuen talde hori agortzera zoan. Gure belaunaldia jende eskolatuz ugariagoa zen, baina laikoagoa, etorkiz apalagoa, eta maluruski ez hain euskalduna.

Gutarik zenbait Euskaltzaleen Biltzarrean apolitismoaren mugez ohartu ginen, eta euskal politikaren beharra ikusirik, Enbata sortu genuen Haran pilotari txapeldunaren kemenari esker.

Enbata kazetak euskarari eremu guti eman zion, baina kide zenbaitek euskaraz anitz idazten genuen bestalde, bereziki Herria astekarian eta liburutan.Langileenetarik genuen Daniel Landart gaztea, antzerkilaria eta poeta Monzon eta Larzabalen ildotik.

Haatik abertzaleen ekarpenik garrantzitsuena elkarlanekoa izan zen, bi sailetan: euskara batuaren hastapenetan eta ikastolen sorreran.

Biak Baionan hasi ziren Enbatak alokatzen zuen gela handian, Kordelieren karrikako 14.ean, ber izeneko inprimeriaren alde gainean, haatik hau ez zen gurea, zenbaitek uste dutenaren despit.

Euskara batuaren alde hor Txillardegiren inguruan bildu ginen astero 1963-1964 ikasturte osoan zortzi gizonek. Lau Hegoaldekoak ziren baina hemen bizi: bi EAJkoak, beste bi ETAkoak. Beste laurak Iparraldekoak: hiru apez gazte, eta ni Enbatakoa. 1964ko abuztu / agorrila bukaeran, ber tokian Baionako Biltzarrak gure proposamenak onartu zituen, eta 1968ko udan Arantzazun, Mitxelenari esker, Euskaltzaindiak beretu. Geroztik gure ekarpena egin diogu Iparraldeko abertzale batzuek, horietan Iratzeder, Charritton, Haritchelhar, Oyharçabal, Peillen eta ni.

Enbatako gela handian hasi zen halaber 1969an Iparraldeko lehen ikastola. Arduradunak: Argitxu Noblia, orduan Enbatakoa, eta Xan Hiriart, abertzale soltea. Irakaslea: Libe Goñi gipuzkoar anderea.

Gaur batua Iparraldeko hiru eskola motetan sartua da, salbuespen zenbaitekin: lehen maila euskalkian ematen da Zuberoan eta Oztibarren bederen… Euskal Irratietan euskalkiak nagusi dira hizlari abertzaleen ahotik. Idazlez aberats gara, gutiz gehienak abertzaleak dira, baina kasik oro batutik at ari, mailegu batzuk eginez. Salbuespenik bikainena Itxaro Borda, euskara zabalean idazten duena, abertzale labelik aldarrikatu gabe. Bestalde Peillen, Socarros eta ni batean zubereraz, bestean batuaz, gaiaren eta publikoaren arabera: Zuberoako trajeria / pastorala Zuberoan zubereraz prefosta…

Enbata60Urte

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video